[GUTUNA] Euskotren 30 minuturo plataformak Eibar eta Zumaia arteko tren zerbitzua hobetzeko kanpaina abiarazi du

2022 urtearen bukaeran hasi genuen Eibar eta Zumaia arteko tren zerbitzua hobetzeko kanpaina. Bertan eskatzen dugu astean zehar Zumaia eta Eibar arteko zatiaren maiztasuna handitzea, hau da, ordubetean behin izan beharrean, ordu erdian behin izan dadila. Gure eskaera gutxienekotik hasi dugu, gure uste apalean egunerokoan ezinbestekoak diren ordu tarteak indartu beharko liratekeelako behintzat, hau da, puntako orduak: goizez (7:00-9:00), eguerdian (13.00-16.00) eta iluntzean (19.00-21.00).

Helburu horrekin Debabarrena, Urola erdia eta Urola kostako hainbat herritan eta auzotan sinadura bilketa egin dugu: Zumaia, Arroa Behea, Deba, Mutriku, Mendaro, Altzola, Elgoibar eta Eibarren, hain zuzen ere. Guztira 5.676 sinadura jaso ditugu. Aipatu beharra dago sinatzera animatu den askok adierazi digula egun guztian zehar, baita asteburuetan ere, maiztasuna ugaritzeko eskatu beharko genukeela.

Izan ere, gaur egun, Zumaia eta Eibar artean trena ordubetean behin baino ez daukagu bi noranzkoetan. Eibar eta Bilbo artean zerbitzua ordu erdiro dago (egunaren zati handi batean Elgoibartik hasita), baita Zumaia eta Donostia artean ere. Donostia – Bilbo ibilbide guztian, Altzola, Mendaro, Deba eta Arroa Behea bakarrik geratzen dira 30 minutuko zerbitzu hori gabe.

Trenaz gain, autobusak daude Deba eta Eibar artean (Mallabia-Ondarroa linea), baita Zumaia eta Deba artean ere (Ondarroa-Zumaia linea). Lehenengo kasuan, autobusak orduro daude, baina ia trenaren ordutegi bera dute. Bigarren linea, aldiz, bi eta hiru ordutik behin baino ez dago, eta trenaren ordutegiarekin bat dator.

Izugarria da trenez dabilen jende kopurua, are gehiago orain, txartelaren prezioa jaitsi denetik eta erregaien prezioaren igoera kontuan izanik. Gainera, ziur gaude maiztasuna ugarituz gero, askoz ere pertsona gehiagok erabiliko lukeela garraio hori. Izan ere, lan eta eskola ordutegiak askotan ez datoz bat trenaren ordutegiarekin, eta ordu bete zain egon beharrak kotxea hartzera bultzatzen du jendea.

Hori horrela izanik, uste dugu gure herria gobernatzen duten administrazioek ezinbestean jarri behar dituztela hainbeste kezkatzen gaituen ingurumena zaintzeko baliabideak, garraio publikoa indartuz, isurketak murriztuz eta herritarron ongizatea hobetuz, besteak beste.

Ildo horretatik, gure ekimenaren arrakasta ikusita, Debabarrenako, Zumaiako eta Zestoako alkateek gure kanpaina babestu zuten, eta babes horrekin 2023.06.02an Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailera helarazi genuen gure eskaera, hau da, astean zehar Zumaia eta Eibar arteko zatian trenen maiztasuna handitzea, alegia, ordubetean behin izan beharrean, ordu erdian behin izan dadila, puntako orduetan behintzat.

2023.06.15an Eusko Jaurlaritzaren erantzuna jaso genuen esanaz Euskotreni helarazi ziotela gure eskaria, jakinaren gainean egon dadin eta dagozkion ondorioak izan ditzan. Beraz, nahiz eta tren zerbitzuaren eskumena Eusko Jaurlaritzarena izan, Euskotreni helarazi diote eskaera.

Gauzak horrela, 2023.06.19an Euskotreni egin diogu eskaera, lehen eskutik beraien erantzuna izango dugun esperantzarekin, milaka herritarron eskariarentzat irtenbide egoki bat izango dugulakoan.

Guztion artean hobetu dezagun garraio publikoa! 2023ko ekainean.

Euskotren 30 minuturo plataforma

(Debabarrena, Urola kosta eta Urolako erdiko hainbat herritarren izenean)




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide