[Gutuna] Urolako Bidegorriaren aldeko taldearen gutuna Foru Aldundiko prentsaurrekoan adierazitakoen inguruan.

Atzo emandako prentsaurrekoan Gipuzkoako Foru Aldundiak adierazi zuen Urolako Bidegorria amaitzeko falta den zatia egingo dela.
Urolako bidegorriaren aldeko taldeak, nola ez, berri pozgarri gisa ikusten du atzokoa. Baina, era berean, tentuz hartzekoa da. Izan ere, proposamen hau hauteskunde aurrekanpaina batean dator eta horrek zuhurtzia handia eskatzen du.
Honetaz gain, atzo esandakoak zehatzago aztertuta:
1. Aurrekontu eta data zehatzak dituen ekintza bakarra Iraetako tunelari lotutakoa da. Eta berri ona da, baina duela lau urte proiektu berbera aurrera eramateko aurrekontua onartu zen. Agintaldi aldaketarekin ordea, hau atzera bota eta lau urtez geldirik egon da. Beraz, duela lau urte bezalaxe gaude eta nork esaten digu orain ez dela berdina gertatuko?
2. Narrondo-Arroa Behea bide zatiaren inguruan berriz, lehen egina zegoen proiektua atzera bota da (Bombas Azcue atzetik zioana) eta berri bat egitea aurreikusten da. Baina ez da proiektua egiteko ez diru partidarik ez data zehatzik aurreikusten.
Beraz, atzo aurkeztukoarekin ez dira Arroa Beheko herritarron mugikortasun arazoak konpontzen. Gertuen daukagun bidegorri zatiarekiko lotura (Narrondokoa) datarik eta beharrezki zehaztasunik gabe baitago oraindik.
Hori dela eta, gure lanarekin jarraituko dugu, atzo hartutako bidean sakondu eta hitzak ekintza bihurtu arte.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide