[GUTUNA] Xabier Alvarez Yereguiren idatzia elizako erloju zaharraren inguruan

LASAO 2020-02-19.
Zestoako elizako erloju zaharra. “Lekuari dagozkionak bakarrik ez, lekua osatzen dutenak dira gauzak” “Las cosas no solo pertenecen al lugar, son el lugar” * Elizetako dorreetan beti ezagutu izan ditugu kanpaiak eta erlojua. Kanpai-hotsak mendeetan zehar izan ditugu gurekin; batzuetan gertakari alaiak adierazten dizkigute (jaiak, bilerak, elizkizunak, etab.) eta beste batzuetan tristeak (heriotzak, suteak, etab.). Orduak ere ematen dizkigute. Baina inor gutxik jartzen du zalantzan dorreetan egon behar duten edo ez, han ezagutu baititugu beti. Gaur egun megafoniak ordeztu ditzake kanpaiak, era askotako soinuak emanez, baina ez dugu zalantzan jartzen zer lekutan egon behar duten kanpaiek, gure kulturaren eta gure ondarearen paisaiaren parte direla
ulertzen dugulako.
Orain, interes batzuk direla-eta –interes horiek zein diren oso ondo ez badakigu ere– zalantzan jartzen dugu zein den erloju zaharren lekua:
Baldin eta aitzakia bada makina horiek hondatu egin daitezkeela, zaindu ditzagun. Erlojuek hainbat mendetan gidatu gaituzte, eta gaixoak zaintzeko balio izan digute, erlojugile bati 1802an egindako
kontratuetan ageri den bezala: “sendagaiak eta elikagaiak dagokien orduetan emanez”.
Baldin eta aitzakia bada gaur egun ordua emateko badirela erloju modernoagoak eta zehatzagoak, eta ia mantentze-lanik behar ez dutenak (nire lagun batek dio “plastiko gehiago utziko diegula gure ondorengoei”), horrek esan nahiko du ez diogula makina hori egin zuen artisauaren lanari duen balioa ematen, nahiz eta makina hori izan den gure eraikuntza mekanikoaren kulturaren sustraietako bat. Baldin eta aitzakia bada erlojua ez dagoela leku irisgarrian, egin ditzagun irisgarriago leku horiek, kasu honetan ez baita hain zaila. Gauza guztietan bezala, borondatea behar da arazoa konpontzeko.
■ Foru Aldundiko aholkulari teknikoek aholkatzen dute erlojuak. Dorrean egon behar duela, dagokion lekuan, harako eraikia izan zenez gero.
Donostiako Artzain Onaren elizako dorrearen zaharberritze-lanak amaitzear daude, eta kanpaietara iristeko 246 eskailera-maila igo behar dira. Denek ezingo dituzte igo, baina norbaitek uste al du horregatik kanpaiak eta erloju zaharra jaitsi egingo dituztela zaharberritutakoan?
Argi dago leku guztiak ez direla denontzat irisgarriak. Gizarte gisa onartu beharreko gorabeherak dira horiek.
Santa Engrazin bertako erlojua kendu eta plastikozkoa ipini izan balitz, zer esango genuen? Izan ere, merkeagoa izango zen eta “ordua emateko soilik bada” nahikoa da plastikozko bat, ezta?
Jaitsi dezagun Santa Engraziko ermitako erlojua Aizarnako plazara edo Gorbeiako gurutzea Bilboko etorbide nagusira, jende gehiagok ikus ditzan.
Artikulu honen izenburuak pentsamendu polit bat adierazten du:
“Lekuari dagozkionak bakarrik ez, lekua osatzen dutenak dira gauzak”. Uste dut pentsamendu horrek ondo laburbiltzen duela zer filosofia eta zer ikuspuntu izan beharko genukeen guk jasotako ondarea aztertzeko, filosofia eta ikuspuntu horiek gure gizarteko zenbait arlotan, zoritxarrez, urriak badira ere.
* Martin Heidegger, 1889-1976, filosofoa.
Die Kunst un der Raum (Artea eta Espazioa).
Xabier Alvarez Yeregui.



Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide