Paperekoa

HABIATIK AT – Itxaso Waliño

Sei eta erdiak. Iratzargailuak jo du. Hamar minutu atzeratu, eta lotara berriro. Zazpiak eta laurden. Mugikorra hartu eta hasperena, Estatistikako irakasleak atea itxiko zuen jada. Etxean banengo amak esnatuko ninduen honezkero.

Asko gara herritik kanpo bizi garenak. Horretarako arrazoiak era askotakoak izan daitezke. Zenbat aldiz esan ote dugun etxetik alde egiteko gogoa dugula. Unea beti iristen da, batzuentzat lehenago eta beste batzuentzat beranduago. Ilusioz hasten da bizitzako aro berri hori baina, esan ohi den bezala, hasierak ez dira beti errazak izaten.

Bat-batean, egun batetik bestera, konfort eremutik kanpo aurkitzen zara. Kalera irten eta inor ezaguna ez aurkitzea arraroa egiten da. Euskal Herritik kanpo bazaude eta atzerriko hizkuntza bat hitz egiten den tokia bada, autobusera sartu eta egun onen ordez, good morning esatera ohitzea ere kosta egiten da. Lehenengo egunek aurrera egin ahala gauzak aldatzen doaz, ordea: hasieran inor ezagutu ez, eta larunbata iristerako koadrila berria egin eta parrandara. Lehenengo asteak pasa ondoren, ia etxean bezala sentitzen zara; baina beti dituzu buruan herria, familia eta lagunak.

Ohiko esaldia den arren neuk erabat egiaztatzeko aukera izan dut. Beti esan ohi da etxetik urrun zaudenean daukazuna aintzat hartzen edota gehiago baloratzen hasten zarela. Baina, beharrezkoa al da distantzia batetik egitea? Ez al da hobe izango gertu daukagunean ere garrantzia ematea? Etxean, egunerokotasunean murgildurik gaudenean, ez diegu detaile txikiei erreparatzen.

Arazoren bat izan, arratsaldean lagunekin kafea hartzera joan eta barrenak husteak ez du preziorik. Igande goiz batean esnatu, sukaldera sartu eta etxeko norbaitek okindegira joan eta croissantak erosi dituela ohartzean atera zaizun irribarre horrek ere ez du preziorik. Detaileak dira kontatzen dutenak, egun txar bat izan eta etxera bueltan irratian zure kanta gustukoena jartzen dutenean bezalaxe; momentu horixe izango zen eguneko onena eta tontakeria txiki horrek inguruko guztia ahazten lagunduko dizu.

Kanpoan bizitzeak, ordea, gauza on asko ematen ditu, daukaguna baloratzen ikasteaz gain. Leku, kultura eta lagun berriak ezagutzeko aukera paregabea da. Desafio berri bat hasten da, etxean dituzun gauza txiki handi horien garaia hasten da.

Hiri handian txiki ikusi izan ohi dut nire burua, baina gero ohartzen naiz hori dela handi sentiarazten nauena. Nire etxe berriko atea gurutzatzen dudan aldi bakoitzean erronka berri bat bizitzeko prestatzen naiz, ezin dudalako sumatu ere egin zer emango didan gaur Bartzelonak.

Itxaso Waliño




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide