Hari ikusezinak eta loturak
— 2016-11-22W. G. Sebald idazle alemaniarrak «gure bizitza harilkatzen duten hari ikusezinak» aipatu zituen, eta Kirmen Uribek ere esaldi horrekin zabaltzen du bere Bilbao-New York-Bilbao. Gure bizitzetan ez ezik, herrien arteko hari ikusezinak ere existitzen dira eta horien adibide batzuk jarriko ditut hemen. Esate baterako, zein hari ikusezinek lotzen ditu Zestoa eta ilargia?
Zestoa eta On Kixote
On Kixotek ez du, guk dakigunez, lotura nabarmenik Zestoarekin. Poza hartu nuen, horregatik, Mantxako zaldun ibiltariaren seilu batean Zestoako bainuetxeko posta zerbitzuaren zigilu-marka ikusi nuenean (1921eko uztaila). Harrezkero, ez dakit nola esan, maiteagoa egiten zait Cervantesen pertsonaia.
Zestoa eta fadoa, Zestoa eta Lisboa
Udazken honetan, Lisboan egin nuen astebete, opor giroan. Han, Amalia Rodrigues fado kantari ospetsuaren etxea izandakora joan arteko onik ez nuen izan. Etxe hori-horia, Rua de São Benton kokatua, Lisboako Parlamentuaren inguruan, artistaren bizilekua izan zen 1950eko hamarkadatik hil zen arte (1999). Dena oso klasikoa. Han zeuden artista ospetsua izan zen garaietan berari egindako margolanak, han herrialde frankotan emandako dominak, gitarrak eta pianoa, ikuskizunetan ibilitako jantziak, bitxiak… Eta, batez ere, zientoka objektu erlijioso: hango gurutze, ama birjina, santu… denak ere oso barrokoak. Liburutegia, oso “kutrea”, hitz batean eta era baldarrean esateko.
Sukaldea, 60ko hamarkadako sukalde polit haietako bat eta, kanpo aldean, lorategi txiki bat parraz eta lorez dotoretua, letra maiuskula gorri handi batzuk hondoan zituelarik: “Amalia”. Gustura egoten zen arratsaldeko eguzki printzen gozotasunean, Portugalgo kafe eder bat hartuz.
Esan dut ez nuela hara joan arteko onik izan. Zer ba? Zestoako oroigarriren bat aurkituko ote nuen han? Ba, Zestoan egoten zen, udaldia pasatzen, Ricardo Espiritu Santo (1900-1955). Amalia Rodrigues artistak laguntzen omen zion bankari aberatsari. Biek, Urolako tren erromantikoa hartzen omen zuten Zestoako bainuetxetik Azkoitiko San Joan bainuetxera eta han gozarazten omen zituen kantariak bankaria eta gainerakoak, fado gogoangarri haiek abestuz. Joan Ignazio Uriak kontatua.
Amaliaren etxe koskor hartan, zorua ez hondatzeko oinetakoen gainetik plastikozko babesgarriak jarrita atzera eta aurrera genbiltzala, ez dakit nola esan, etxekoagoa egiten zitzaigun Amalia.
Zestoa eta ilargia
Pedro Duque lehen astronauta espainiarra da espaziora bi aldiz joan dena. 53 urteko madrildarra. Estatu Batuan eta Errusian entrenatua izan zen. 1990 eta 1992 bitartean, 6.600 lagunen artean izan zen aukeratua Europako Espazio Agentzian (ESA) astronauta izateko. Bere aukera 1998ko urriaren 28an iritsi zitzaion Discovery transbordadore espazialean bidaiatzeko ardura izan zuenean. Bost urte geroago, berriro itzuli zen espaziora Soyuz espazio-ontzian. Gaur egun, oso irakasle eta zientzialari ospetsua da eta sari mordoa jaso izan ditu. Ez du baztertzen hirugarren aldiz espaziora bidaiatzeko aukera.
Behinola, zera galdetu zioten: noiz amestu zenuen espaziora joateaz? Eta Pedro Duquek erantzun: “Umea nintzela, amets hori askotan izaten nuen buruan. 1969Ko uztailaren 21ean sei urte nituen eta nire gurasoekin ikusi ahal izan nuen Zestoako (Gipuzkoa) taberna bateko telebistan, ia-ia sabaira pegatuta zegoena, gizona Ilargira iristen. Uste dut nire edadeko ume guztiok nahi genuela egun hartan ilargira joatea. Ez dut uste ni apartekoa nintzenik”.
Beste egunkari batean, zehaztasun gehiago ematen ditu: “Zestoan ikusi nuen Neil Armstrong Ilargira ailegatzen. Uda guztiak han pasatzen genituen, aste bat edo beste, gure amak gibeleko arazoak zituelako eta norbaitek esan ziolako bainuetxeko urak har zitzala. Bainuetxean ostatu hartzea oso urruti zegoen gure ahalmen ekonomikorako, eta horregatik ostatu batera joaten ginen. Eta han nengoen 1969ko uztailaren 21ean, egongelako telebista ikusten, Errasti ostatuan. Sabaira pegatutako telebista horietako bat zen, zuri-beltzean. Niretzako Euskal Herria paradisu natural bat da. Eta egia esan, oso ondo pasatzen genuen: baratzera joaten ginen letxugak hartzera, behiak nola biltzen zituzten ikustera, nire anaia eta biok zelaian zilipurdika ibiltzen ginen, bizikletan ibiltzen ginen gora eta behera… Oso oroitzapen onak ditut” (http://viajes.elmundo.es/2015/11/17/otrosmundos/1447776668.html)
Pedro Duqueri entzunda, ez dakit nola esan, espazioa eta Ilargia zestoarragoak iruditzen zaizkigu.
Egin zaitez bazkide