Harriduratik haserrera, “Zestoa 2015-2016: zer egin dugu?” paskina dela eta

Uztailaren hondarretan harriduratik haserrerako bidaia eskaini digu beste behin Zestoako EAJk. Azken egunotan zestoarrok jaso dugun “ZESTOA 2015-2016: zer egin dugu?” liburuxkaz ari gara.

Hasiera batean harridura eragin digu Zestoako Udalaren izenean liburuxka kaleratze hutsak, esku artean izan arte ez dugu eta jakin honetarako asmorik zegoenik ere. Oposizioan bada ere Zestoako Udaleko parte sentitzen den EH Bilduk ez du inolako informaziorik jaso EAJren udal taldetik. Hau, asteko, argigarria da.

Hasierako harridura hori haserre bihurtu da liburuxka zabaltzearekin batera “panfleto”usaina sudurreratu zaigunean.

Zestoako EAJk, Zestoako Udalaren zigiluarekin kaleratutako “paskin” honetan, zaborren bilketa sistemaren aldaketa hobekuntza modura saldu nahi digu berriro herritarroi; sistema berriarekin lehen bezainbat birziklatuko dugula, erosoago biziko garela eta merkeago aterako zaigula esaten digu beste behin, gezurrak mantra modura errepikatuz egia bihurtzeko itxaropenarekin edo.

Alokairu sozialaren ordenantza onartu berriaren gurasotza ere aldarrikatzen dute. Zalantzarik gabe etxebizitza politika berri baterako bidean pausu positibotzat ikusten dugu EH Bildu-ko kideok, etxebizitza duin batean bizitzeko eskubidea bermatzeko eman beharreko urratsetan lehena. Baina gauzak argi uzte aldera, esan nahi dugu EH Bilduk alokairu sozialaren aldeko apustua legegintzaldiaren hasieratik egina zuela, hauteskundeen aurretik herri programa lantzen ari ginenean herritarrek adierazi ziguten beharretako bat baitzen. Gogora ekarri aurtengo otsailean gai horretan zuten ezintasuna onartuz alkateak sozioekonomia batzordea sortu eta batzorde horren burutza gure udal taldeari eskaini ziola; akordio horretan aurtengo aurrekontuetan ordura arte sartu gabe zegoen alokairu sozialerako 40.000 euroko partida exijitu genuen, besteak beste. EAJk akordio hori hautsi zuen eta gerora sartu du 30.000 euroko partida ordenantza berri hau gauzatzeko. Zenbatekoa gure eskariaren azpitik egonda ere neurria positiboa dela berretsi nahi dugu herritarren beharrizan sozialak bermatzeak izan behar duelako herritarrengandik gertuen dagoen instituzioaren, udalaren, lehen betebeharra.

Panfletoan baina, egia-erdiak eta gezurrak errenkadan jarrita  besteek egindako lanaren domina beraien lepoan zintzilikatu nahi izan dute gainera. Argi-ustekoek sinestarazi nahi digute Arroa Beheko eskola eraikitzeko gestioa, aurreko legegintzaldian fruiturik eman ez eta Josetxok gauzatu duela hilabete gutxi batzuren bueltan; edo Lasaoko elkargunea maiatzetik otsailera, haurdunaldi batek dirauen denbora berean, eman dietela lasaotarrei; edo 2015eko urrirako, eta inoiz izan den denbora markarik onena ezarriz, 5 hilabetean, zestoarroi  osasun zentro berria egin digutela. Adibide batzuk baino ez dira. Aurreko legegintzaldietan egindako lanaren ondoren, zinta moztera joan eta argazkian agertu izanak ez du esan nahi merezimendua zuena denik.

Gure haserrea horretan geldituko zen, ordea, liburuxka hau Zestoako Udalak atera beharrean Zestoa Uri Buru Batzarrak kaleratu izan balu.  Baina ez, esku artean dugun panfletoa ez da Gipuzko Buru Batzarreko gordailuren batetik edo Zestoako Batzokiko kutxatik ateratako diruaz ordaindu, zestoar guztiok ordaindu dugu. Diru publikoa zuen “lorpenen” salmentarako erabili duzue eta hori, zeuek ere jakin beharko zenukete, ez da zilegi. EAJk bere  burua zuritu nahian publizitate-liburuxka kaleratzea gauza bat da eta hori herritarroi ordain araztea beste bat. Ez dugu onartuko!




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide