Albisteak

Hasi da Zestoako sei bizilagunen aurkako epaiketa Donostian

Donostiako Auzitegian hasi da gaur Zestoako sei bizilagunen aurkako epaiketa, emakume bati «elkartasun feminista adierazteagatik» akusatuak. Auzia 2018an herriko gizon batek jarritako salaketa batetik dator, eta integritate moralaren aurkako delitua egotzita epaituko dituzte salatzailearen bikotekide ohia eta hura babestu zuten bost herritar.

Epaiketa etzi arte luzatuko da, eta gaurko lehen saioan akusazioaren lekukoek hartu dute hitza. Fiskaltzak eta akusazio partikularrak lau eta bost urte arteko espetxe zigorrak eskatu dituzte auzipetuentzat, baita zigor ekonomikoak eta urruntze aginduak ere.

Epaiketa hasi aurretik, elkarretaratzea egin dute Donostiako epaitegiaren atarian, Zestoako Mugimendu Feministak deituta. Sei herritarrak epaitegira sartzean, bertaratutakoek txalo artean hartu dituzte. Feministek adierazi dutenez, «sinestezina» da elkartasun feminista puntu honetara iritsi izana, eta kasuak agerian uzten du sistema judizialaren izaera heteropatriarkala. Haien esanetan, zortzi urte daramatzate auzipetuek lagun bat babesten, espetxe zigorraren mamua lepo atzean dutela, eta «onartezina» da auzia honaino iritsi izana.

Horrez gain, ohartarazi dute ez dakitela sistema judizialak zer helburu duen, baina emakumea «bakarrik uzten» ari dela, eta «kasu honek aurrekari arriskutsuak sor ditzakeela, emakume bati laguntzea bera ere arriskutsua bihurtzeraino».




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide