Paperekoa

HAU DENA ALDATU NAHI NUKE

Denok ia pareta joan ibili ginen garai hura?”. 80ko hamarkadako droga kontsumoaz galdetuta lehen kolpeko erantzuna. Orduko gazteei egin diegu galdera. 1985ean hogei urte inguru zituzten lau lagunek kontatutakoak dira ondorengoak. “Orduan tabernan sartu bezain erraz eskuratzen ziren txokolatea eta anfetak. Gero heroina fuerte sartu zen”. “Asko eta asko ibili ginen muga-mugan”.“Asteburua ailegatu eta galdera ez zen izaten hartu ala ez hartu, zenbat eta zer erosi baizik”. “Eskolara joaten ez zena lanean hasten zen tailerrean, aitarekin edo osabarekin, batean edo bestean. Ni hamalau urterekin hasi nintzen. Eta bazkalostean, lanera joan aurretik, kafea eta porrotxoa normala izaten zen, kopatxoa bezala”. “Asteburuetan extra. Heroinara hogeiren bat engantxatuko ziren. Proportzioa izugarria da: Herri kaskoan bizi ginenon %1”. “Koadrila bakoitzeko bat”. “Nik laguna galdu nuen, gaindosia izan zen. Hiru badira gutxienez drogak hildakoak”. “Guk orduan kokainarik ez genuen hartzen. Oso garestia zen, 20.000 pezta; eta soldata 60.000, asko jota. “Heroina ere garestia zen. Bi caja de ahorros zeuden orduan Laranjadin eta ez zegoen seguratarik. Batean sei aldiz egin zuten lapurretan eta bestean zazpi aldiz. Azkoitiko yonkie koadrila bat kotxeko maletategian rekortada hartuta ibiltzen ziren lapurretan”.

Urte gogorrak ziren. 1984an %22,5 zen langabezia-tasa Euskadin. Erdikalea topera egoten zen eguerdietan. Urte hartan sortu zen Kortatu eta hurrengoan kaleratu zuen Hertzainak-ek Hau dena aldatu nahi nuke diskoa. Indartsua zen ekologisten mugimendua, baita antimilitarista ere. ‘Soldaduzka honi ez’ zen ezker abertzalearen leloa. Kontrolak noiznahi egiten zituen Guardia Zibilak, atxiloketak ere bai. Berunezko urteak ziren, atentatuak erreskan eta estatuak gerra zikina. ETAk, komunikatuetan, droga errepresio bidea zela zioen, gazteak iraultzaren borrokatik aldendu eta lozorroan sartzeko estatuaren metodoa. ETAk trafikatzaileen kontra ari zela zioen, eta kontsumo leku eta trapitxeroen aurka egin zuen. Hogei inguru hil zituzten. “Zestoan bi trapitxeroren etxepeetan dianak pintatu zituzten”. “Batek herritik horregatik alde egin zuela esan zidaten. Nik uste castellanoa zelako seinalatu zutela”. “Etxekook lotsa sentitzen genuen. Gaizki begiratzen ziguten kalean”. “Errudun juzgatzen gintuzten drogazaleak; ez garaiaren biktima bezala”.

Droga segurtasun indarrek zabaldu zuten propio, hori beti esan izan da”. 1989koa da Navajas txostena, Donostiako fiskal buruak egindako ikerketa gerra zikina eta narkotrafikoa lotzen dituena. Madrilgo audientzian ez zuten erregistratu ere egin. Intxaurrondoko kuarteleko militar xume batzuei zigor hutsalak ezarri zizkieten. Enrique Rodriguez Galindo, Intxaurrondoko burua, narkotrafikoarekin lotzen duten testigantzak publikoak dira, baina ez zuten horregatik zigortu.

Euskal gotzainek idatzi bat kaleratu zuten “Euskal gaztediaren galbideaz” ETAri egotziz erantzukizuna, droga banaketa bere helburuetarako zerabilela esanez. Ukatu egin zuen erakundeak.

Anbiguoa bihurtu zen ezker abertzalearen jarrera. Trafikatzaileen kontra bai baina, gero, 90eko hamarkadan aldatzen joan zen kontua, oinarriko jendeak porroak kontsumitzen zituen eta sozializatzeko modu bihurtu zen”. 90eko hamarkada hasieran herriko bat kartzelan sartu zuten haxixarekin harrapatuta. Haren aldeko kontzertu erraldoia antolatu zuten San Jose eskolako patioan. Hogei urte zituztenek kontatu digute eztabaida izan zela: “Garai hartan inguruan egin zen kontzertu potenteena zen. Trafikatzaile baten alde zela, ez zela preso baten alde, eta kontra hasi ziren”. “Boikota ez, baina batzuk ez ziren joan. Tipoa ordea oso maitea zen herrian eta beste asko azaldu ziren”.

Gurutzean pintada bat zegoen San Jose eskola atarian: ‘Ez egon LO.T.A.N.’ jartzen zuen. OTANi buruzko erreferenduma 1986an egin zen. Bazuen lelo hark beste zentzu bat ere.

Edan eta autoa hartzen zen lasai. “Herrian poteoa egin eta inguruko festetara joaten ginen. Mandiope diskotekara, Itziarrera, sarritan”. “1980an itxi zuten Eliz kaleko zentroa, txokolate kontsumoa azaltzen hasi orduko. Gero eliza ingurukoek drogari buruzko hitzaldiak antolatu zituzten”. “Tabernetan eta kalean ibiltzen ginen gazteok orduan”. “Hamahiru urterekin ez ziguten sartzen uzten Kaixo tabernan, baina pasaerako tokia zen eta han gazte mordoa elkartzen zen. Juerga batzuetan han bukatzen zen. Kaixora joaten ginen baina ez zen bereziki kontsumo lekua. Hura 9O inguruan itxi zuten, Txitxarroko garaian. Gaztetxea ez zuten 89ra arte zabaldu”. “80koak urte gogorrak izan ziren. Gero bikotea, lana, eta tartekako kontsumoa, bakoitzak bere bidea egin genuen, baina batzuk geratu egin ziren”. “Gaur egun askoz ere estaliagoa da kontsumoa. Orain kokaina hartzen da. manboa dagoenean komunak topera egoten dira beti. Pentsa, 1985ean 20 mila pezta balio zuen kokaina gramoak. Orain erdia balio du”. Gizakia helburuk martxan segitzen du.

AMAPOLA HERNANDO. Gorka de las Morenas. 1998an, 28 urterekin drogak hil zuen gaztearen ama

Mila aldiz saiatuko nintzateke berriz”

Zer gertatu zen zuen etxean?

Nire semeei haxixa aurkitu genien behin, hemezortzi bat urte izango zituzten. Kezka sortu zigun baina ikasten segitzen zuten eta ez genion halako garrantzirik eman. Gero Gasteizen hasi ziren FPn, Ibai delineazioa eta Gorka elektrizidadean. Esku-abila zen oso Gorka. Aitari tailerrerako ere egin zion makina sekulakoa. Oraindik ere badabil. Kontua da Gasteizen pasatzen zutela astea. Erabaki malapartatua! Erresidentzian egon ziren hasieran. Eskola behintzat ateratzen zuten eta hor nonbait. Behin ordea deitu egin ziguten egoitzatik Ibaik eskola-kide bati dirua kendu ziola-eta. Gero ez zutela erresidentzian segi nahi, oso kontrolatuta zeudelako, eta pisura joan ziren. Ibaik bukatu zituen ikasketak eta lanean hasi zen, baina Gorkak ikasturtea errepikatu eta igarri genion ez zebilela ondo. Etxera etorri zen eta berriz hasi zen ikasten. 1990 urtea zen. Uda hartan hil ziren saninazioetatik bueltan auto-istripuz herriko hiru gazte, lagunak zituen eta jota geratu zen. Opor beharra zuela eta Extremadurara joan zen lagunekin. Urte hartan gu ere han ginen eta abisu eman ziguten Guardia Zibila bila zebilkigula. Gorka oso erradikala zen eta pentsatu nuen politikagatik izango zela… Senarra hasi zen aurrena guardia zibilekin hizketan. Ziplo erortzen ikusi nuen notizia eman ziotenean: Hil egin zen Ibai istripuan.

Horrek nola eragin zion Gorkari?

Biak banaezinak ziren. Ibai liderragoa zen eta Gorka babestu egiten zen asko anaiarengan. Oso gaizki egon ginen denok. Gorkak lana utzi zuen, asko haserretzen zen eta aitortu zigun, 91an-edo, drogarekin arazoa zuela. Hitzaldi batera joan nintzen eta han gomendatu ziguten Gizakia Helburu. Berak ez zuen joan nahi, sekta bat zela esaten zuen, baina zerbait egin beharra geneukan eta hasi zen. Beste semeak ere bazter utzita neuzkala sentitzen nuen. Gogorra izan zen proiekto, baina monoa ez nion ikusten. Joaten ginen Ategorrietara egunero eta berarekin egoten nintzen, baina iristen zitzaion nonbaitetik. Gero, Durangon, kontrol batean geratu zuten autoko argi bat ez zuelako ondo eta kartzelara eraman zuten intsumiso izateagatik, busca y capturan zegoen eta. Basauriko kartzelatik Martutenekora, eta berriz proiektora. Baina gaizki: behin eta berriz erortzen zen. Lehen fasea bete zuen baina bi urtera utzi egin zuen. Eguberri batzuetan akordatzen naiz balkoitik egin zuela ihes. Bere bila ibili ginen Zarautzen, zulo guztietan. Itzuli zen, lanean hasi zen, eta Mataderoan bizitzen egin zuen bolada bat, Azpeitian ere bai, joan etorrian ibili zen. Nik sasoi hartan ez nekien non zegoen. Orain badakit non dagoen. Gero saiakera gehiago egin genituen. Tratamendua egiten ari zenean uzten genion etxean egoten, baina bestela ez. Gogoratzen naiz behin atean jarri nintzaiola alde egin ez zezan. “Ama, utzidazu irteten, bestela ez dakit zer egiteko gauza naizen”. Utzi egin nion. Orain pentsatuta bakarrik zer pasa genuen, guk eta seme gazteek! Ondo zegoenean zoragarria zen; baina buelta beldurgarria. Usurbilgo sanatorioan egon zen, Galdakaoko ospitalean ere bai interno. 25 pezta utzi genizkion, alde egin nahi bazuen autobuserako eduki zezan. Hamabost egunera eskatu zuen alta. 97. urtea izango zen. Gero Agipaden hasi ginen, Amaran, metadonarekin. Bera konbentzituta zegoen lortuko zuela uztea. Etxean nik dena gordetzen nuen: kaja fuertea geneukan, giltza nik patrikan, dirua ere gainean. Argazki kamera bat erosi nion epeka ordainduta, asko gustatzen zitzaiolako argazkigintza, baina kamera hori ere desagertu zen. Zenbat momentu latz! Gabonetan semeari etxean sartzen ez uztea gogorra da. Santa Kutz batzuetan kristoren xextra izan genuen ez niolako irteten utzi. Azkenean gustura-gustura egon ginen biok etxean pelikula bat ikusten. Horrela, borrokan, behin eta berriz. Utzi zuen Agipadekoa ere. Berriz hasiko zela erabaki eta astelehenean elkarrekin joatekoak ginen, baina asteburuan gertatu zen. Kanposantutik nentorren Ibairi loreak jartzetik, eta anbulantzia ikusi nuen Gurutzean. ‘Zer gertatzen da?’ ‘Gazte bat…’ Korrika joan nintzen. Kultur etxeko komunean zegoen zerraldo. Gaindosia baino gehiago adulterazioagatik, nik uste. Eta horren ondoren, beti galdera: Zergatik? Zergatik? Zer egin dugu gaizki? Zu saiatzen zara ahalik eta heziketa onena ematen. Berriz egingo nituzke mila saiakera laguntzeko. Orain etxean sartzen utziko nioke. Badakit izugarri maite gintuela, baina gainetik zegoen droga. Gurasooi, angustia hori ez zaigu pasatzen.

LEIRE ERRASTI. 44 urte

Hamabost urterekin hasi ginen heroinarekin”

Noiz eta nola hasi zinen kontsumitzen?

Hamahiru urterekin porroak erretzen hasi nintzen. Gero speeda. Oso segidan joan zen dena. Kontzertuetara joaten ginen, La Polla-eta entzutera eta zazpi bat lagun ‘zaldia’rekin hasi ginen hamabost bat urterekin. Besteek tarteka hartzen zuten eta funtzionatzen segitzen zuten. Guk dena utzi genuen, ez eskola, ez lan, ez geneukan besterik. Ni hemeretzirekin sartu nintzen Proiekton.

Nolakoa zen egunerokoa?

Goizean jaiki eta koadrila elkartzen ginen. Ni nintzen neska bakarra. Bakoitzak zeuzkan diruak elkartu eta bila joaten ginen, Bilbora Otxarkoagara, Elgoibarrera, Zarautzera… Atipikoak ginen, legalak ginen elkarrekin, eta geneukana partitu egiten genuen. Gero bukaeran ez, oso gaizki zaudenean ez, baina ordura arte bat eginda geunden.

Nondik ateratzen zenuten dirua?

Ahal zuenak lanetik edo etxetik, baina txokolatea saltzen genuen gehienbat. Marokora joaten ginen bila, merke erosi eta hemen saldu. Ni hamar bat aldiz joan nintzen. Janda edo ezkutatuta ekartzen genuen. Adin txikikoa nintzenez ama engainatu nuen bidaiatzeko baimena sinatzeko eta orri harekin nahi nuen lekura joaten nintzen. Bidaietako batean harrapatu egin gintuzten, Ceutan. Nik hamazazpi urte, besteak hamazortzi. Pentsa nola geunden. Ni negar batean. Guardia zibilak kalabozoan elkarrekin utzi zigun lo egiten eta biharamunean askatu. Gero epaiketa eduki genuen baina ez zen asko, 900 gramo, eta ondo atera ginen.

Zenbat balio zuen orduan heroinak? Eta haxixak?

Heroina gramoa 15.000 pezta. Txokolatea, gramoa 1000 pezta.

Lapurretarik egin al zenuten?

Behin bai, eta harrapatu egin gintuzten. Hura izan zen egoera lehertu zuena. Beste biak kartzelara. Ni gogor hartu ninduten etxekoek eta orduan hasi nintzen proiekton.

Heroina zer konsumitzen zenuten, zainetik?

Nik bai, baina besteek gehiago sudurretik edota erreta, txinoan.

Nora joaten zineten kontsumitzera?

Kotxea hartu eta ezkutura. Sastarrainera edo mendi aldera.

Heroina txute bat, orgasmo bat mila aldiz biderkatuta sentitzea dela diote.

Aurreneko aldiz ez zitzaidan gustatu. Botaka eginarazi zidan. Oso gaizki sentitu nintzen. Gero egiten dizun efektua da, dena igual zaizula: ez duzu ezer sentitzen, ez beldurrik ez ezer. Ni proiektora joan nintzenean galdetu zidaten: Zergatik hartzen duzu? Nire mutilak hartzen duelako. Ez genuen besterik. Hura inkonszientzia! Orain hemeretzi-hogei urteko ilobak ikusten ditut, unibersitatean, dena ondo pentsatuta, ikasketak bukatu arte dena ondo planifikatuta. Gu inuzente batzuk ginen.

Xiringak konpartitzen al zenituzten?

Ez, horretan ere atipikoak izan ginen, asko mugitzen ginen xiringa bila. Noizbait erabiliko genuen dudakoren bat, baina hemen saltzen zituzten orratzak botikan, Zarautzen eta Zumaian ere bai. Elgoibarren adibidez ez, eta konpartitu egiten zituzten. Lehengoan esan zidan batek hamar laguneko koadrilatik bakarra geratzen dela bizirik. Azkoitian eta Azpeitian hies kasu batzuk eman ziren. Guk horretan zortea izan genuen.

Egoera gogorrik tokatu al zitzaizun?

Behin Bilbon. Kotxean hartu eta bat jota. Erreanimatu egin behar izan genuen. Atera zen.

Zenbat txute hartzen zenituen egunean?

Hasieran gutxi. Gramo batekin edo birekin bi lagunentzat pare bat egunerako edukitzen genuen. Gero gehiago behar genuen. Egunean bost edo sei txute. Eta orain orratza sartu behar baldin badidate odola ateratzeko, gaixotu egiten naiz, ezin dut begiratu ere egin.

Monoa, abstinentzia- sindromea, nola pasa zenuen?

Etxean. Konbultsioak, izerdi-larria, dardara, egonezina, goragalea. Hiltzea nahi nuen eta egunean hogeitabost aldiz saiatzen nintzen ihes egiten. Proiekton ez zuten ezer ematen. Valeriana gomendatzen zuten, dutxak eta bainuak. Amak masajeak ematen zizkidan buruan.

Noiz hasi zinen hobeto sentitzen?

Hilabetera edo. Nerbio sistema zisko eginda daukazu. Proiekton lehen urtean egunero joan behar duzu Ategorrietara. Amarekin autobusean goizero joaten nintzen. Gero bigarren fasea hasten da, komunitatekoa. Ni Hernanin egon nintzen. 60 bat ginen. Taldeak zeuden: sukaldea, lorezaintza, mantenua, etab. Nik denbora asko sukaldean egin nuen. Gogorrenak ginenak sukaldean. Terapia handia egin genuen; etxekoekin, lagunekin, bizitza guztia hankazgora. Etxola moduko bat geneukan, eta norbaitekin gorabehera bat izan bazenuen orri batean idazten zenuen eta etxola horretan sartu. ‘Halakorekiko amorrua’. Astean behin ireki egiten zen postontzia eta landu egiten genuen. Ondoren hirugarren fasea etorri zen, birgizarteratzea. Ni Errenteriara joaten nintzen astean behin. Pasaian bizi nintzen ahizparenean eta lanean ere hasi nintzen. Zestoan koadrilan hasi nintzen gero. Nik uste hori izan dela nire bizitzako garai onena. Besteek garagardoa edaten zuten eta nik mosto. Oso ondo sentitzen nintzen. Gero ‘graduatu’ nintzen.

Graduatu?

Bai, proiekto bukatzen duzunean liburuxka bat ematen dizute. Sinatu egiten duzu, familiak ere bai. Lagunak ere joan ziren eta oso hunkigarria izan zen.

Zama al da zuretzat oraindik garai batean yonkia izana?

Asko markatu nau. Proiekto oso presente daukat eta asko sentitu dut kulpa. Herri txiki batean bizi gara, denok ezagutzen dugu elkar eta bai. Orduan drogazaleak apestatu batzuk ginen. Eta batzuetan esaten diot neure buruari: Zer, azken finean orain besteek egiten duten bizimodu bera egiten dut: Lanera joan! Badira zazpi urte egoitzan garbitzaile ordezko naizela, eta ikasten ari naiz, erizaintzako laguntzaile. 44 urterekin “graduatuko” naiz!

Nagore Telleria




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide