Albisteak

Haur eta gaztetxoei bideratutako Gabonetako ekintzetan izena emateko epea zabalik da

Gabonak gerturatzen ari diren honetan, Zestoako Udaleko Gazteria sailak Gabonetako ekintzetan izena emateko epea zabaldu du. Adin desberdinetako haur eta gaztetxoei zuzendutako ekintzak antolatu dituzte abenduaren 29rako, 30erako eta urtarrilaren 2rako. Besteak beste, buruarinen tailerra, partxis erraldoia, Txuri-Urdinera irteera, gominola tailerra eta patata tortilla lehiaketa egingo dituzte. Abenduaren 13a izango da hitzorduetarako izena emateko azken eguna, eta horretarako, 688 68 40 29 telefono zenbakira deitu beharko da.

Lehen ekintza Guraso Elkarteak antolatu du eta abenduaren 29an izango da, HH4, HH5 eta 1. zikloko haurrei zuzenduta. Buruarinen tailerra egingo dute Alonderon, eta haur bakoitza heldu batek lagunduta joan beharko da. Bi txanda egongo dira: lehena 16:00etatik 18:00etara, eta bigarrena 18:00etatik 20:00etara. Ekintza honetan parte hartzeko, aldez aurretik izena eman beharko da. Egun berean, 3. ziklokoentzat partxis erraldoia ere egingo dute Gaztelekuan. Hitzordua 16:30ean jarri dute, eta taldeak egunean bertan osatuko direla adierazi dute.

Hurrengo egunean, abenduaren 30ean, 3. zikloko eta DBHko gazteek Txuri-Urdinera joateko aukera izango dute. Autobusez joango dira, eta Aizarnan zein Arroabean ere autobusa hartzeko aukera egongo da. Autobusa 15:45ean irtengo da kiroldegi aurretik, eta itzulera 20:30ean izango da. Ekintza honetan parte hartzeko ere aurrez izena eman beharko da, eta 15,45 euro ordaindu.

Azken ekintzak urtarrilaren 2an egingo dituzte. Batetik, Ekain Guraso Elkarteak 2. zikloko haurrentzako gominola tailerra antolatu du, 16:00etan, Alonderon. Bestetik, DBHkoek patata tortilla lehiaketan parte hartu ahal izango dute 16:00etan, Gaztelekuan. Bi kasuetan, aurrez izena ematea beharrezkoa izango da.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide