Albisteak

Herri Azoka antolatzeko helburuarekin Zestoako eragile guztiei zabaldutako bilera izango da asteazken honetan

Zestoan Herri Azoka antolatzeko herriko hainbat eragile antolaketa lanetan ari dira. Azoka antolatzeko lanekin aurrera egiteko hurrengo bilera asteazken honetan izango da, 19:00etan Kultur Etxean. Hori dela eta, honako oharra kaleratu dute ekimenaren bultzatzaileek:

Udaberriarekin loreak bezala Zestoako aurtengo Herri Azoka ideia berriekin datorkigu. Hainbat eragileren artean Herri Azoka antolatzeko asmoa dabil bueltaka azken asteetan. Oraindik ilusioz betetako ideia soilik da, ordea, eta kolore eta forma ematen hasi nahi dugu; guztion kolorea izango duen azoka, espazio desberdinak beteko dituen gunea, denon artean antolatuta denona izango den txokoa.

Herriko eragileen jardueraren erakusleiho izateko balioko du azokak, eta balioz betetako eguna antolatu nahi dugu hitzaldiz, erakusketez, jolasez, jardunaldiz, kontzertuz eta abarrez beteta. Nolako Zestoa nahiko zenuke? Irudikatu dezagun guztion artean eta bizi gaitezen egun batez gure ametsetako Zestoan.

Apirilaren 6an, asteazkena izango da Herri Azokarako proposamenak bildu eta egunari forma ematen hasteko hurrengo bilera, 19:00etan Kultur Etxean. Zestoako eragile eta norbanako guztiak bilera ireki horretan egotea nahiko genuke, guztion Zestoa guztion artean eraiki nahi dugu!




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide