Paperekoa

Herri Azoka, herritarrak etorkizunera begira

Hilaren 20an, Zestoako III. Herri Azoka egin zen. Herriko taldeak eta eragileak kalera irten eta beraien lana erakutsi zieten plazara hurbildutako guztiei. Herritarren eguneroko lana ikusi, bigarren eskuko arropak erosi, herriko txokoak bisitatu edota antzerkiaz gozatzeko aukera bikaina izan zen. Herrigintzan dabiltzan taldeak egunero dabiltza Zestoa eraikitzen; askotan, ordea, egunean egunekoa eginez eta aurrera asko begiratu gabe. Ekainaren 17an, hainbat herritar elkartu eta etorkizunera begira nolako herria nahi dugun hausnartzen hasi ziren. Hasteko, arratsaldean, haurrek marrazkien bidez, 2025ean nahiko luketen Zestoa irudikatu zuten. Ondoren, Astinduk antolatutako mahai inguruan, Maider Arregi, Vicente Davila, Joseba Illarremendi eta Onintza Irureta herriko hainbat gairen inguruan aritu ziren Nagore Telleriak gidatuta.

Herria nola ikusten duzue?

Joseba: Zestoa herri ireki moduan ikus izan dut beti, nortasun handikoa da. Azken urtetan nortasun hori galtzen ari garen arriskua ikusten dut. Partaidetza handiko eremuak sortu eta guk erabaki beharko genuke nolako Zestoa nahi dugun. Kulturalki potentzial handia duen herria dela esango nuke. Kultura arlotik aurrerapauso handiak egin daitezke.

Vicente: Oso gustura bizi naiz Zestoan. Herri ez txikia ez handia, naturaz inguratuta, zerbitzu nahikoa dauzkagu, kokapen ona. Nortasun handiko herria da, denok elkar ezagutzen dugu. Elkarbizitzako arazo handirik ez dut ikusten. Mila gauza daude hobetzeko baina gustura bizi naiz.

Maider: Geldiuneko momentu batean ikusten dut herria, gizartea orokorrean dagoen bezala. Norberak bere buruari asko begiratzen dio eta ez taldeari. Kulturalki potentziala badago herrian baina nire ustez behar bezala esplotatu gabe.

Onintza: Gainerako hizlariek komentatu dituzten kontuez gain hiztun komunitate (hizkuntza, kultura) bezala zer izan nahi dugun eta zer garen pentsatu behar dugula uste dut. Etorkizunera begiratzeko beharrezkotzat jotzen dut hori. Horretarako, genero ikuspegia ere mahai gainean jarri behar dela uste dut.

Zaintza kontuak

Onintza: Emakumeak zen paper jokatu duen eta zein jokatzen ari den hitz egin behar dela uste dut, edozein gaietan, baina batez ere zaintza kontuetan. Bizitzako etapa askotan zainduak izateko beharra izaten dugu. Orain arte motxila hori nork hartu duen ikusi eta hortik abiatuta begiratu beharko genuke etorkizuna.

Joseba: Zaintza lanetan hamarretik bederatzi, emakumezkoak izaten dira. Gizartearen zahartze prozesua etengabekoa da eta etorkizunean argi dago zaintza lan gehiago beharko dela. Aurrera begira zer zaintza mota nahi dugun eta zer baliabide behar ditugun pentsatzeko garaia da. Egun modan dago zaintza norbere etxean. Egoitzaren erronka nagusia da egoitzaren erabiltzaileentzat egoitza beraien etxea izatea.

Azpiegiturak, hainbeste ur Zestoan eta igerilekurik ez

Vicente: Ez dut igerilekuaren beharrik ikusten, itsasoa bertan dugu, alboko herrietan badaude igerilekuak eta herrian bainuetxea daukagu. Azpiegiturei dagokionez badago lana, kiroldegia konpondu beharra dago, bidegorria bukatzeko garaia da baina igerilekua garestia da eta ez dut beharrik ikusten.

Maider: Nik ez dakit igerilekua beharrezkoa den ala ez baina alboko herrietako igerilekuetara herritar asko joaten da. Agian azterketa bat egin beharko litzateke eta buelta bat eman gaiari.

Joseba: Nik kulturgune baten beharra ikusten dut. Kultur etxea badugu baina ez da herritarren beharretara egokitzen. Ez da gai herriko sormena biltzeko. Kontzertuetarako leku bakarra Gaztetxea da herrian, baina ez dago egokituta.

Onintza: Kultur etxea beteta dagoela esan zidatenean poza hartu nuen. Herri askotan azpiegitura handiak egiten dira baina gero bete ezinik ibiltzen dira. Badirudi Zestoan ez litzatekeela egongo betetzeko arazorik.

Turismoa, irekiak omen gara

Vicente: Turistek Euskal Herria eskatzen dute, janaria, lekuak… Gure nortasuna, ohiturak, janaria, musika… interesatzen zaizkie. Jendeak Donostiara etorri nahi du baina gainezka dago. Gu gertu gaude eta hori aprobetxatu behar dugu.

Joseba: Ze turismo mota nahi dugun ikusi beharko genuke. Berez historikoki herri turistikoa da, potentziala badago. Herritarren artean ikusi behar dugu zer nahi dugun eta ekintzaileei lagundu beharko genieke denon artean.

Onintza: Garapen ekonomikorako turismoa nahi dugu baina ez turismo masifikatua. Zer nahi dugun eta nora nahi dugun joan pentsatu behar dugu.

Elkarbizitza, atzerritarrak.

Onintza: Gai delikatua da. Herritarren %4,5 atzerritarrak dira, gutxi da eta agian ez dugu kezkatu behar. Hala ere, herrian bilakaera sentitu dut. Aurreiritziz beteta gaude eta oso iritzi negatiboak dauzkagu; hortik ez goaz inora.

Joseba: Zestoak etorkinak beti izan ditu. Asmatu izan zuten etorkinek bertako egiten eta bide horri jarraitu behar genioke. Integraziorako, elkar errespetatu behar dugu, berak ni eta nik bera. Hizkuntzaren kontua ere sartzen da. Gure euskara beharrezkoa dela ikustarazi behar diegu positiboki. Hizkuntzarekiko sinpatia lortu beharko genuke gurasoekin eta euskalduntzea seme-alabekin.

Maider: Bigarren belaunaldia bakarrik euskalduntzean arazoak egon daitezke ikastetxean eta heziketan. Gurasoek ez dakitenean euskaraz ezin izaten diete lagundu haurrei eskolako kontuekin. Aukera bat izan daiteke gurasoei euskarazko klaseak doan ematea.

Euskara, gazteen artean jaitsi egin da erabilera

Joseba: Kanpotik informazio asko iristen da eta erreferentea ez da euskarazkoa.

Onintza: Pentsatzen dugu herri oso euskalduna garela eta lasaitu egiten gara. Nolako herria izan nahi dugu? Erabilera datuek guk egiten duguna erakusten dute. Umeen praktikak ez dira ezerezetik sortzen, helduen praktikak jarraitzen dituzte.

Vicente: Ni txikitan baserrian bizitakoa naiz baina niri inoiz ez zidaten hitz egiten euskaraz. Oraindik ere badaukat erdararako joera, eta horrek ingurukoak bultzatzen ditu. Norberak ere ahalegina egin behar du.

Maider: Kasu puntualak egon daitezke baina kezkagarria da haur talde oso bat gazteleraz entzutea.

Aisia. Frantsesen ohiturak hartzen ari ote gara?

Maider: Astean zehar bakoitza bere erara ibiltzen gara, agian lan gehiegi egiten dugulako. Asteburua da gure sozializatzeko unea eta asteburuan zer egiten dugu? Poteatu. Lehen herrian egiten zuen jendeak lan, bazkal ondoren kafea hartzera irteteko ohitura handia zegoen…

Onintza: Ni nahiko frantsestuta nagoela konturatu naiz, kar, kar, kar. Askotan, hilabeteak pasatzen dira inguruan bizi den herritarra ikusterako.

Parte-hartzea

Joseba: Zestoarrok erabaki beharko genuke nolako Zestoa nahi dugun. Herrigintzan ahal den kolore gehien bildu eta herritarren artean eraiki behar dugu etorkizuna.

Maider: Udaletxea negatiboki ikusten dugu eta elkar etiketatzeko joera handia dugu, alde batekoa edo bestekoa. Bipartidismoak kalte egiten duela ikusten dut, agian lanerako gogoarekin dagoen herritarrez osatutako herri-plataforma aukera bat izan liteke. Norbere buruari begiratzen badiogu, zaila da herriarentzako lana egitea.

Vicente: Herritar bezala denok jarri behar dugu zerbait eta ez eskatu bakarrik.

Nabarmendu ditugun gaien inguruan aritu ziren hizlariak, besteak beste. Bukaeran, Portalera gerturatu ziren herritarrek ere hartu zuten hitza. Mahai-ingurua hasiera besterik ez zen izan, etorkizuneko erronkak zein diren ikusi eta lanean hasteko bidearen hasiera.

Amaiur Aristi Arregi




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide