HERRIKO ARGITERIAREN ZATI BAT KONTROL PUBLIKORA ITZULIKO DA

Aurreko legealdian EAJk herriko argiteria publikoa 10 urterako enpresa pribatu baten esku utzi zuen. Bere garaian Zestoako EHbildutik erabaki hura gogor salatu genuen eta denborak arrazoia eman digula esateko moduan gaude.

Zestoako udalak bi baliabide estrategikoak diren argiteria eta ur zerbitzuak betidanik zuzenean kudeatu izan ditu, arik eta 2018an argiteria publikoa hala moduzko esleipen prozesu baten ondorioz enpresa pribatu baten menpe gelditu zen arte.

Ondorio ekonomiko zein teknikoak negargarriak izan dira. Batetik, udalak bere kabuz kudeatuta baino ere askoz diru gehiago xahutu behar izan du eta bestetik, argiteriaren kontrola Bizkaiako beste muturrean kokatuta dagoen enpresa baten esku egoteak, intzidentzia eta itzalketei aurre egiterako orduan, ardura eta esperientzia zeukaten udal langileak baino zerbitzu berantiarragoa eta txarragoa ematea ekarri du. Bestalde, gauzak egin ziren bezala eginda, Zestoak gaur egun energia trantsiziorako jasoko lituzkeen diru laguntza garrantzitsuak ezin izango ditu jaso.

Zestoako EHbilduren asmoa argiteria publikoaren kontrol osoa esku publikoetara itzultzea bazen ere, pribatizazio prozesuetan sinatzen diren klausula penalizatzaileak direla eta, hilabete askotako elkarrizketen ondoren soilik guztiaren % 20a berreskuratu ahal izango da. Dena dela, berreskuratu diren kuadroen artean herriko eremurik estrategikoenak daudenez, zati horren kudeaketarekin udalak zerbitzu hobea eman ahal izango du eta 2028an argiteria guztiaren kontrola berreskuratzeko baldintza eta jakintza hobeak izango ditu.

Kezkagarriena, azken plenoan kontratu aldaketa bozkatzerakoan PNVko ordezkari guztiek aurkako bozka eman izana da. Argiteriaren kudeaketaren inguruko azterketarik eta argudiorik eman gabe, orokorrean “pribatizazioa ez dela drama bat” izan zen, EAJren bozeramalearengandik entzun genuen gauza bakarra.

Beste behin, eskubiak enpresa pribatuen interesak interes publikoaren gainetik jartzen dituela garbi ikusi ahal izan dugu eta erortzen ari den guztiarekin, energia bezalako baliabide estrategikoa pribatizatzea benetako sarraskia eta drama dela ere Zestoan garbi ikusi ahal izan da.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide