Herritar talde batek, hondakinen gaia landuz, aurkeztutako mozioa osteguneko ‘osoko bilkuran’ eztabaidatuko da
— 2016-11-22Ostegun honetan, azaroak 24, osoko bilkura edo plenoa izango da Zestoako Udalean. Zita horretarako herritar talde batek, hondakinen gaia landuz, mozio bat aurkeztu du, eta hori ‘osoko bilkuran’ eztabaidatuko da. Herritarrek mozioaren berri izan dezaten postontzira bidali digute mozioa:
HONDAKINEN MAHAIA BILTZEKO ESKAERA
Ondo egiten jarraitu nahi dugu herri ekimenak, hondakinak biltzeko sistemaren aldaketa dela eta kezkatuta dagoenak, Zestoako Udalari azaroaren 24ko plenoan honako puntu hauek eztabaidatzeko eskaera egiten dio:
MOZIOA
1. Zestoako udaleko alkate jaunak hondakinak biltzeko sistema aldatzeko asmo irmoa agertu digu. Gainera, eztabaidarako inolako aukerarik ez dagoela dio. 720 herritarrek sinatu dugu Udalari eskatzeko aldaketarik egitekotan aurretik eztabaida gune bat ireki dezala aldaketak adostasunetik egiteko. Bestalde, 720 pertsona horiek ez dugu ulertzen zergatik egin nahi den aldaketa, gaur egungo sistemak ongi funtzionatzen baitu eta gustura baikaude. Uste dugu bagarela nahikoa udalak entzun gaitzan eta eztabaida gune bat ireki dezan. Adostutako sistemak bi urtez iraun behar badu, adostasun gabeak 20 urte zergatik?
2. Sistema merkeagoa izango omen da. Hori esan digute udaletik, nahiz eta hori esan zigutenean ez zekiten zehazki zein sistema ezarriko zuten. Gainera, badakigu mankomunitateak diru kopuru esanguratsu bat itzuli diola udalari, gaur egungo sistema hasiera batean uste zena baino merkeago atera delako: kontuan hartu al duzue kopuru hori kalkulu ekonomikoak egiterakoan?
Zenbat diruz ari gara? Argi daukagu egungo sistema merkeagoa dela. Balizko aldaketa hau egiteko inbertsio erraldoiak zenbat urtetarako hipotekatzen gaitu?
3. Oraingo birizklapen maila bera lortuko omen da. Jakina da biltzeko sistemaren prezioa oso lotuta dagoela bilketaren eraginkortasunarekin. Sortzen den errefusa kilo kopuruaren arabera ordaintzen dio herriak mankomunitateari. Bilketa okertzen bada, ondorio ekonomiko larriak izango ditugu, ondorio ekologikoez gain. Galdera ugari sortzen dizkigu honek guztiak. Nola
bermatu edukiontzi-sistemarekin egungo bilketa-tasak bere horretan jarraitzea? Tasak ziurtatzeko, egunero, hondakinen polizia bat jarriko omen dute edukiontziak zelatatzen. Baina horrek sistema asko garestituko luke. Herriguneko sisteman biltzaileak egiten du bereizketa, edukiontzietan ez bezala. Edukiontzi-sistema librera joateak emaitzak asko okertzeko arriskua dakar (ikusi mozioko 4. puntua).
4. Azaroaren 12an, larunbatean, mankomunitatearen laguntzarekin bi errefusa laginen konparaketa egin genuen. Teknikariek hartu zituzten laginak, bat landa eremuko ekarpen gunetik eta bestea herrigunean atariz-atari jasotako errefusetik. Bi laginekin hiru ontzi bete zituzten, hau da, bolumen bera hartu zen lagin bakoitzetik. Honako emaitza hauek lortu ziren:
Hainbat datu esanguratsu daude hemen. Ekarpen-gunean (edukiontzi-sistema) errefuseko edukien % 70etik gora organikoa da: hori arazo larria da, batetik, materia organiko nahastuak tratamendurako arazo larriak (usainak, lixibiatuak…) sortzen dituelako eta, bestetik, organikoak pisu handia hartzen duelako eta asko garestitzen duelako errefusagatik ordaindu beharrekoa. Aipagarria da bolumen berean hondakin kilo bikoitza baino gehiago jaso zela ekarpen-gunean (edukiontzi-sistema) herri-gunearekin (egungo bilketa-sistema) alderatuz, hau da, bikoitza da mankomunitateari ordaindu beharrekoa. Aldiz, herri-gunean, errefusa, garbigunerakoak eta arropa gehituta, % 80tik gora produktu inerte eta arinak dira (pisu gutxi, beraz, prezio baxua). Halere, garbigunerako hondakinen eta arropen kopuru altuak adierazten du egungo sistemak ere baduela zer hobetu, informazioari dagokionez, behintzat.
5. Konfiantza izan behar omen dugu. Zer gertatuko da sistema berriak ez baditu nahi diren emaitzak ematen? Mankomunitateko teknikariek konponduko omen dituzte halako arazoak. Baina teknikarien esku utzi behar bada arazoen konponketa, zergatik ez da hasieratik eurek esandakoa egiten? Teknikariek argi esan dute Zestoako sistema aldatzea erabaki okerra dela. Ezin dugu konfiantzarik izan hain oinarrizkoak diren galderentzat erantzunik ez duen udalarengan. Bestalde, 2015eko abenduaren 3ko plenoan, alkateak berak esan eta sinatu zuen hondakinak biltzeko sisteman aldaketak egin aurretik hondakinen mahaia bilduko zela. Hori gutxi ez eta 2016ko azaroaren 3an, alkateak herritarron aurrean agindu zuen azaroaren erdian hondakinen mahaia deituko zutela, astebete beranduago, pribatuan, ez zeudela ezer negoziatzeko prest esateko. Ezin dugu konfiantzarik izan, batere lotsarik gabe, behin eta berriro gezurretan ari zaizkigunean.
UDALARI HONAKO HAU ESKATZEN DIOGU:
Aurretik aipatutako puntu guztiak kontuan hartuta, ez dezala atzera pausorik eman eta herritarrekin eztabaidatu gabe ez dezala hondakinak biltzeko sistema aldatu. Gure ustez, eztabaida hori egiteko gunerik egokiena hondakinen mahaia biltzea da, gaur egun daukagun sistema adostu zenean egin zen bezala.
Egin zaitez bazkide