Albisteak
Herritarrak “pazientzia” eta “jarrera ona” izaten ari direla azaldu dute dendariek
— 2020-04-06Herriko hiru dendetan izan gara, Elortza, Miantxa eta Uniden, konfinamendu garaian bizitzen ari diren egoerari buruz galdetu nahaian. Tentsioak nekea sortzen du eta gure herriko dendariak ere halaxe daude, nekatuta. Baina talde lanean aurrera eginez, horri ere neurria hartu diote eta ari dira erritmo berrira egokitzen.
Bezeroek, orokorrean, denda bakoitzak jarritako neurriak ondo errespetatzen dituztela esan digute baina beti dagoela norbait, gutxiengoa bada ere, astean behin edo bitan egin behar direla erosketak ulertzen ez duena eta erosketen aitzakian egunero kalera ateratzen ari dena. Zorionez, itxura guztien arabera, hauek ere geroz eta gutxiago direla esan digute. Badirudi egoera berria barneratzen hasiak garela. Bezero berriak atzeman dituzte gainera dendatan; beste ohitura batzuk zituzten herritar ezagunak eta baita ezagutu ere egiten ez zituzten herritar edo auzotarrak ere.
Produktuez galdetuta, haserako komuneko paperaren txistea pasata (Zestoatik kanpoko herrietatik ere etorri ziren komuneko papera erostera), postreak prestatzeko osagaien salmentan igoera handia izan dutela azpimarratu digute. Eta gorakada handia izaten ari omen da edari alkoloholdunen salemtan ere; garagardo eta ardoakā¦ Garbitasuneko produktuen eskaera ere handia izaten ari da eta hornitzaileei kostatzen ari omen zaie produktu guztiak denda guztietara helaraztea.
Bukatzeko, herritarrak orokorrean izaten ari diren pazientzia eta jarrera ona eskertu nahi izan dituzte. Hau amaitzen denean ere, beraiek hor jarraituko dutela eta honek herriko merkataritza egonkortzeko balio izatea nahiko luketela gaineratu dute.
Egin zaitez bazkide