Albisteak

Herritarren aisialdirako eta turismoa erakartzeko ibilbide bat osatu dute Zestoa, Azpeiti eta Azkoitiko udalek

Herritarrei aisialdirako beste aukera bat eskaintzeko eta turismoa erakartzeko ‘Izarraizko bira’ ibilbidea sortu dute Zestoa, Azpeiti eta Azkoitiko udalek. Gaur goizean egin dute ibilbidearen aurkezpena, Azpeitiko Izarraizko Atea Parkean. Bertan zian dira hiru herrietako alkateak. Ingurunea, aisialdia eta turismoa lotzen ditu eskualde ikuspegiko proiektu honek eta Iraurgi Berritzen garapen agentzia arduratu da beraren kudeaketaz.

Izarraitz eremu naturalak herritarren aisialdi eta turismo jarduerarako dituen askotariko aukerei beste proposamen bat gehitu nahi izan diote proiektu honekin. Mendikate osoari, erdi magaleko altueran bira osoa ematen dion ibilbide homologatu eta seinaleztatu bat egin dute. Zestoa, Azpeiti eta Azkoiti lotu izan nahi dituzte ibilbide honekin, herri bakoitzak irteera puntu propioa duelarik: Zestoan (Portale), Azkoitian (Balda plaza) eta Azpeitian (Izarraizko Ate parkea). PR Gi-214 Izarraizko Birak, izen bereko mendikateari magal erdiko altueran itzuli zirkularra ematen dio eta bertara heltzea ahalbidetzen dute hiru loturek (Zestoa, Azkoiti eta Azpeiti).

Seinalizazio integrala

Herri bakoitzeko puntuetan dauden panel informatiboek mendizaleek beharko duten informazio guztia dute. Ibilbidean zehar norabide geziak daude eta denbora eta distantziak zehazten dira. Ibilbidea ondo jarraitu ahal izateko marka hori eta zuriak ere jarri dituzte.

Proiektu partekatua

Hiru udalerriek elkarlanean sortu dute proiektua, herritarren erabilerarako eta bertako turismoa bultzatzeko. Turismo jasangarri baten aldeko apustua egin dute eta proiektua bide horretatik garatu dute bere osotasunean. COVID-19aren eraginez, aurtengo udari begira barne turismoak indarra hartuko duela esan du Iraurgi Berritzenek, “sinetsita gaude bertako nahiz inguruko herri, eskualde eta probintzietako jendearen gozagarri aukera bikaina izango dela Izarraizko eremu hau, Izarraizko Bira barne, aurtengo udaran”.

Informazio gehiago hemen.

 

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide