Hilketa baten saiakera Aizarnan
— 2024-05-20Aizarnan gertatutakoa dugu jarraian kontatuko dudan pasarte trakets hau. Aspaldiko kontua da, 1900 urtekoa, beraz 100 urte baino gehiago igaro dira bortizkeri hau gertatu zenetik hona.
1900/ 03/31 datako Diario de Burgos egunkariak ematen du gertaera honen berri, beraz ondo egiaztatutakoa eta sinesgarria izango da.
Burgosko egunkariak argitaratu zuen albistea eta Ramon Azkarate bertsolariak lau bertso jarri ere bai “El Correo de Gipuzkoa” 1900-IV-I aldizkarian gertaera honi buruz. Beraz, ekintza bortitz hau sonatua izan zenaren itxura hartzen diot, aldizkarietako eduki hauek irakurri ondoren.
Nik neuk ez neukan ekintza honen berririk egia esan, lagun bertsozale batek bideratu dizkit xehetasunak, berak bai bazekien nire Aizarnako pasarteak jasotzeko zaletasunaren berri. Beraz esker mila eman behar nirekin izan duen detaile zoragarri honengatik.
Badirudi Aizarnako erretore On Jose Gil Agirre eta Esteban Avelino eskolako maisuaren artean tirabira batzuk egon zirela, zergatik zehazki ez dakigu, honetaz ez baitu ezer esaten albisteak. Badirudi barne-tentsio handiko tirabira izango zutela elkarren artean, egun batean bere onetik irten eta Avelino maisua erretorea hiltzen saiatu baitzen.
Erretorea, jaunartze txikia egin behar zuten haurrei dotrina erakusten ari omen zen elizako sakristian. Maisua bertara hurbildu zen, eta erretoreak zer behar zuen galdetu zioenean, pistola atera eta tiro egin omen zion aurrez aurre zegoela.
Tiroak ez zuen zauritu, kale egin omen zuen maisuak. Apaizak berari heldu eta lurrera bota omen zuen. Haurren garrasiak entzun eta bertara hurbildu ziren sakristaua eta herritar batzuk, tartean zinegotzi bat ere gerturatu omen zen. Menderatu zutenean eskuak lotu eta kartzelako bidean jarri omen zuten maisua.
Irudi bat etortzen zait burura, maisua eskolatik edo etxetik irten eta gorroto aurpegiarekin plaza zeharkatzen, bost tiroko pistola bala eta guzti kargatuta zuela. Aizarnan gertatu zela sinesteak ere lanak ditu.
Gertaera honen arrazoien berri nola ez dakigun, kabalak egin behar eta baliteke oso urruti ez ibiltzea. Egunkariak dioenez maisu honek aurrekariak ere ba omen zituen, Malagako herri batean egon zenean, pankarta batekin kaleak zeharkatuz ibilitakoa omen zen eta pankarta honek “caritas” publikoa aldarrikatzen omen zuen.
Caritas erakundea erlijio mugimenduak sortu zuen, eta horri lotuta ikusi dugu beti; baliteke maisuak erakunde honek zuen lotura hautsi eta publikoa izatea aldarrikatzea.
Baita ere haurren heziketan eredu ezberdinak egotea, maisu honen aurrekariak ikusita ez baitu ematen erlijiotasun handirik zuenik. Bat erretorea eta bestea maisua baina ezin baztertu gona kontuak tartean izatea ere. Hau ere ez litzake baztertzekoa izango.
Dena den gehiago jakin ezean kabalak egin behar eta horixe da nik egin dudana lerro hauetan. Gehiago ere egin litezke gertaera honi buruz, baina eleberriaren itxura hartzerako amaitu egingo dut. Egin dudana da, gertaera honen testuinguruari begiratu eta arrazoi posibleak aurkitzen saiatu. Bakoitzak ere albistea irakurri ondoren egin ditzala bere kabalak.
Behean argitaratzen ditut Ramon Azkarateren lau bertso gehi albistea ekartzen duen egunkariko orria.
Jon Egiguren
Egin zaitez bazkide