HIPOKRESIA KOLDAR BATEN KRONIKA
— 2016-06-05Iragan maiatzaren 26an burutu zen Udal Bilkuran, hondakinen bilketa sistema aldatzea erabaki zen EAJren aldeko 6 botorekin eta EHbilduren aurkako 5ekin. Egungo sistemarekin jarraitzeko arrazoiak gure euskarri ezberdinetan azaldu bezala plenoan bertan garbi adierazi genituen.
Arrazoi teknikoez gain, egungoa adostutako sistema izanik, honen aldaketak ere adostua izan beharko lukeela defendatu izan dugu. Abenduan burutu zen plenoan, gure eskariz alkateak ezer aldatu aurretik Hondakinen Mahaia deituko zuela ere agindu zuen.
Emandako hitza bete ez eta Zestoan EAJk duen gehiengo apurra erabiliaz herritarren egunerokotasunean eragina duen gai hau adostasunik gabe aldatu aurretik herritarrei galdetu beharko litzaiekela mozio bidez eskatu genuen. Zestoako EAJk herritarrei galdetzearen aurka bozkatu zuen.
Non eta 2013ko apirilean Zestoako EAJk udalean ondorengo idatzia aurkeztu zuenean:
“Zestoako EAJko Udal talde honek, eskuartean dituen datuen arabera, garbi dauka herri honetako gehiengo handi batek Herri Galdeketaren aldeko jarrera adierazten duela gai honen inguruan. Adierazi nahi dugu badagoela nahikoa mami herritarren ahotsa entzuteko eta bere iritzia galdetzeko.
Gure ustez, Udalaren erantzukizuna da herritarrei hitza ematea, beraien hitza entzutea, eta gehiago, errespetatzea, batik bat gaiak herri osoaren gainean eragina izango duenean. Sistema demokratiko batean gaudenez, ezin dugu ahaztu bai alkatea, bai zinegotziak, herriak izendatuak garela, eta herriari zor diogula bere onura eta garapenaren alde lan egitea. Horregatik, EAJko udal talde honek ez du onartzen Udaleko alderdi baten erabaki inposagarria gai honetan, herri guztiaren gain izango duen eraginean. Benetan demokratikoa da hitza herriari ematea, gure Gurutzeaga pilotalekuan dioen bezala, eta honelako gai garrantzitsuetan herriaren partehartzea erabaki nagusietan.
Azkenik, lehen adierazi dugun bezala, gai korapilatsua eta garrantzitsua izanik, prozesu partehartzailea landuaz, herritarren esku utzi nahi dugu eta behar dugu azken erabakia gai honetan.
Horregatik eta guztiagatik, ondorengo puntuak tratatzea eskatzen diogu Udal Batzar honi, eta ahalik eta adostasun handienarekin erabakitzea da gure asmoa:
1) Herri galdeketa egitea zabor eta hondakinen bilketaren sistemaz, eta horretarako beharrezkoa den antolaketa egitea. 2) Herritarrek adierazitako emaitza errespetatzeko konpromisoa hartzea. 3) Udaleko alderdien artean gauzatzea herri galdeketa hau, gai teknikoak, etab.”
Aurpegia behar da gero, oposizioan antzeko gauzak idatzi eta 27 botogatik alkatetza eskuratu ondoren, lotsa izpirik gabe guztiz aurkakoa egiteko.
Egungo bilketa sistemaren onurak begi bistakoak izan dira eta teknikarien informeetan horrela aitortu izan da. Gure ustez, Zestoan edukiontzi bidezko sistema ezartzeak zentzurik ez du eta aldatzeko erabili diren formak ere oso larriak izan dira.
Egin zaitez bazkide