Albisteak

Hiru arroar Zumaiako San Telmo literatur lehiaketako sarituen artean

Asteazkenean banatu ziren  Zumaiako Aita Mari aretoan aurtengo San Telmo literatur lehiaketako sariak. LH4 eta DBH4. maila arteko Zumaiako ikasleei zuzentzen zaie lehiaketa hau, baina tartean Arroabekoak ere izaten dira, eta aurten hauetatik hiruk saria jaso dute. Ahozko sailean Unai Ilundainek (DBH 4) jaso zuen saria “Gatza ote zen gero” lanarekin, bertsoen sailean Garazi Eizagirrek (DBH4) eta olerkien sailean Holtzarte Mateosek  (LH 3).

Jarraian, Garazi Eizagirreren bertsoak eta Holtzarte Mateosen  olerkia:

Garazi Eizagirreren bertsoak:

 

Amonaren amantala (doinua: Trikitixa)

Azpitik zeukan jantzia

egiten zuen babestu,

suaren gainean zeuden

eltzeak erretiratu,

haizea eman eta

bertako sua bizitu,

amonaren amantalak

zeregin gutxi ez ditu

 

Emakume indartsuak

amantal haien atzean,

isil-isilik dabiltza

fin-finean lanean,

etxea (e)ta familia

aurrera atera nahian,

bihotza ematen dute

beste(e)n hobe beharrean.

 

Holtzarte Mateosen olerkia :

Zu eta ni

Zu, zu

Ni, ni.

Lagunak zu eta ni.

Zu ni, ni zu

babestuz elkarri.

Baina zu beti zu

Eta ni beti ni,

izan gabe

elkarren enbidi.

Zu izan zu

Eta ni izango naiz ni.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide