Albisteak

340 KORRIKALARIK BAINO GEHIAGOK HARTUKO DUTE PARTE I. KOBAZ KOBA TRAILEAN

I. Kobaz Koba Traila otsailaren 14ean (igandea) ospatuko da. Dagoeneko 340 korrikalarik baino gehiagok eman dute izena. 400 partaideko muga jarri dute antolatzaileek. Lasterketaren eguna gerturatzen ari denez, atzo arratsaldean prentsaurrekoa izan zen Zestoako Udaletxean. Prentsaurrekoan, Juanjo Aramburu Ekainberriko zuzendaria, Mikel Irure Agiro Mendi Klubeko kidea eta Josetxo Mendizabal, Montse Atxega eta IƱaki Uranga Zestoako Udaleko ordezkariak izan ziren.

“Euskal Historiaurrera garamatzan” lasterketan Amalda, Erralla, Danbolinzulo, Arluze, Ekain, Erlaitz eta Idiakaitz Historiaurreko haitzuloen eta aztarnategien lotura egingo du lasterketak. Bi lasterketa izango dira, 25 kilometrokoa eta 16 kilometrokoa. 25 kilometrokoan 197 korrikalarik eman dute izena oraingoz, eta 16 kilometrokoan 148 korrikalarik. Kirolprobak.com webgunearen bidez eman daiteke izena proban.

“Beti nahi izan dugu Zestoan horrelako zerbait antolatzea”

Mikel Irure Agire Mendi Klubeko kidearen esanetan, “beti nahi izan dugu Zestoan horrelako zerbait antolatzea. Ekainberrirekin elkarlanean lasterketa bat antolatzeko aukera ikusi genuen, eta horren ondorioz sortu dugu lasterketa hau.” Bi elkarte horiez gain, herritarrek ere ekimena lagunduko dute, “guztira 60 boluntario inguru proba antolatzen laguntzeko konprometitu dira, eta hori goraipatu behar da” azaldu zuen Irurek. Josetxo Mendizabal alkateak adierazi zuenez, “ekimen honekin gure herriaren izena asko zabalduko da, ekimen ezin hobea antolatu da horretarako”.

Lasterketaz gain ekimen gehiago ere izango dira. Juanjo Aramburu Ekainberriko kideak azaldu zuenez “goiz guztian zehar Zestoako Plaza inguruan gure babesleek antolatutako azoka izango da. Ibilbidean zehar ere hainbat postu izango dira”. Horretaz gain, “Zestoako Plazan Historiaurreko gune bat izango da, bertan tailer ezberdinak izango dira eta horien bidez bisitariek Historiaurreko bizitza hobeto ezagutzeko aukera izango dute” adierazi zuen Ekainberriko kideak.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide