Albisteak

Igandeko bidegorriaren aldeko martxa dela eta Zestoa eta Zumaiako alkateek bidalitako gutuna

Bihar, igandea, izango da bidegorriaren aldeko martxa. Martxaren atarian, ondorengo gutuna bidali ditgute Zestoa eta Zumaiako alkateek:
Gipuzkoako Batzar Nagusietan, 2011-2015 legealdian, 2013ko ekainaren 5ean zehazki, talde politiko guztien babesarekin onartu zen Gipuzkoako bidegorri sarea garatzeko plana. Plan horrek urtero bederatzi milioi euroko inbertsioa egitea aurreikusten zuen.
2015ean aldundiko gobernua aldatu ostetik, aurreikusitako inbertsioa ez da bi milioi eurotara iritsi, eta aipatu bidegorri sarea gauzatzeko aurreikusitako kopuru ekonomikoa ez da urte bakar batean ere erabili.
Gure ustez, hori izan da gure eskualdean hain beharrezkoa den Iraeta eta Narrondo arteko lotura egin gabe egotearen arrazoi nagusia. Denok jabetuta gaude herritarren ongizatean azpiegitura horrek zer nolako garrantzia daukan, horretarako ezinbestekoa baita garraiobide jasangarriak eta ingurumenarekiko errespetagarriak diren azpiegiturak bultzatzea.
Urolako bideberdea amaitzea aisialdirako eta turismoarentzako ere baliagarria izango da, Urola bailarako herriak era jasangarri batean lotuaz, kostako geoparkea eta Aizkorri Aratz parkeak ibilbide berdeak lotuta utziko lituzke eta horrek Gipuzkoa ere hobeagotu egingo luke.
Horregatik guztiagatik, Zestoa eta Zumaiako udal gobernuetako kideok bat egiten dugu igande honetarako Bidegorriaren Aldeko Taldeak egindako deialdiarekin. Haien lanari esker, bidegorriaren aldeko aldarrikapena bizirik izan da eta ordezkatzen ditugun erakundeei ere aldarrikapenarekin bat egitea dagokie. Beraz, igandeko martxan parte hartuko dugu, urteotan aurrera eraman duten borrokari aitortza egiteko eta haien aldarrikapena gure egiten dugulako.
Gutun hau sinatzen dugunok, pasa den ekainetik Zumaia eta Zestoako alkateak gara, eta aitortu beharra daukagu, iragan hilabeteetan Gipuzkoako Foru Aldundiko mugikortasun sailarekin izan ditugun harremanak baikorrak izan direla. Ondorioz, Gipuzkoako Foru Aldundiak publikoki iragarri duena ahalik eta eperik laburrenean gauzatua izan dadin, gure esku dagoen guztia egiteko konpromisoa hartzen dugu.
IƱaki Ostolaza Esnal eta Mikel Arregi Urrutia
Zumaiako eta Zestoako alkateak



Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide