Paperekoa

INKOHERENTZIAK – Maider Arregi

Hasierako lerro hauek hezkuntza sailari buruzkoak dira. Unibertsitatera irakasle ikasketak egitera joatean, lehenengo urtean esaten dizute ikasleei ebaluazio irizpide guztiak eman behar zaizkiela. Hau da, ikasleek egitekoari ekin aurretik jakin behar dute zeren arabera ebaluatuko diren. Cristina Uriarte hezkuntza sailburuak esan du hasi berria den legegintzaldian urtero irakasle oposizioak egongo direla. Oposizio horietan idatzizko lanak aurkeztu behar dira, eta idatzizko eta ahozko azterketak egin. Baina zer gertatzen da ebaluazio irizpideekin? Itxura denez, azterketa horiek zuzendu behar dituztenek prestatzen dituzte ebaluazio irizpideak, baina oposizioetara aurkeztu behar dutenei ez zaizkie ematen irizpide horiek. Nola egin aurre, orduan, oposizio horiei?

Gaia erabat aldatuz, Ameriketako Estatu Batuetan bizi den jatorri siriarreko familia bati buruz arituko naiz. NBC katearen arabera, siriar jatorriko bikote estatubatuar batek haien familiartekoak Estatu Batuetara joateko burubideak hasi zituzten 2003an. 2016an jaso dute hara joateko baimena, baina Filadelfiako aireportura iritsi orduko, bueltan bidali dituzte. Estatu Batuetara joateko baimena jaso ondoren, Trump presidenteak zazpi herrialdetako etorkinak kanporatzeko dekretua sinatu du. Zazpi herrialde horien artean dago Siria, bistan da. Baina orain dator inkoherentzia: ezetz asmatu nori eman zion botoa jatorri siriarreko bikoteak? Trump jaunari, hain zuzen ere.

Horrelako hainbat eta hainbat istorio idatz litezke, batzuetan ez da hil ala bizikoa izango koherentzia mantentzea, baina beste batzuetan… Dena den, koherentzia-inkoherentzia kontuak entzuten ditudanean lankide ohi batek kontatzen duen istorioa datorkit burura. Haren arabera, koherentziaren manta oso txikia da gorputz guztia estaltzeko. Oinak mantapean izan nahi baditugu, besoak kanpoan geratzen dira; baina besoak estali nahi baditugu oinak hoztuko zaizkigu. Hauxe marka! Oinak ala besoak hotzak izatearen artean erabaki behar! Hala ere, ez al zaizue iruditzen, batzuetan, merezi duela esfortzu txiki bat egin, uzkurtu, eta mantapean epel-epel egotea?

Maider Arregi Artola




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide