Albisteak

Inspira Steam proiektuan parte hartuko duten emakumeen bila dabil Zestoako gaztelekua

Zestoako gaztelekua zientzia edo teknologian aritzen diren herriko eta inguruetako emakumezkoen bila dabil Inspira Steam proiektuan parte hartzeko. Egitasmo honek neskengan bokazio zientifiko eta teknologikoak sustatu nahi ditu. Horretarako, sentsibilizazio eta orientazioko ekintzak egiten dituzte, ikerketa, zientzia eta teknologia arloetako emakume profesionalen eskutik. Ikasketak aukeratzerako orduan sortzen diren mugak gainditzea, gizartean ditugun estereotipoak ezagutaraztea edota emakume teknologoen balioa denen aurrean balioan jarri nahi da proiektu honen bitartez.

Azken urteetan prestakuntza teknologikoaren aldeko apustua egin duten ikasleen kopuruak beherantz egin du eta batez ere, emakumeen taldeak. Bokazio zientifiko eta teknologiko hori sustatzeko beharretatik sortu da Inspira Steam. Aurten, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Deustuko Unibertsitatearekin elkarlanean, proiektua hainbat herritako gaztelekuetara eraman nahi du, tartean Zestoakora.

Proiektuaren aholkulari izan nahi dutenek zortzi orduko doako prestakuntza saioa jasokok dute “generoa eta teknologia” eta “aholkularitzako dinamikak” gaien inguruan. Formakuntza saioak otsailaren 14 eta 15ean izango dira, arratsaldeko 16:30etatik 20:30era, Donostian. Zestoako Gaztelekuak ere hiru saio dinamizatuko ditu, proiektuan parte hartu nahi duen beste mentore batekin eta bertako hezitzailearekin. Saioak 12 eta 14 urte bitarteko gaztetxoei zuzenduta daude eta martxoaren 29an eta apirilaren 5 eta 12an izango dira.

Interesa baduzu, jar zaitez Zestoako gaztelekuarekin harremanetan: gazteria@zestoa.eus – 688 684 029.

Argibide gehiago hemen: http://inspirasteam.net/




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide