Interes pribatuen gatibu baino filosofiaren gatibu hobe

Politikan oposizioak bere lekua egite aldera gobernua kritikatzea zilegi bezain osasuntsua dela kontu ukaezina den arren, Zestoako EAJk “Ehbildu bere filosofiaren gatibu” idatzian egindako gogoetak, Zestoako Ehbilduren ustez ez dira zuzenak eta ez direla onargarriak ere esango genuke.

Hasteko, aurreko gobernua EAJren esku egon zela kontutan hartuta eta, ondorioz, baita kiroldegiko obren jarraipenaren ardura ere, harrigarria egiten zaigu iragan bi urteotan gobernu arduratik inolako planteamendurik egin ez eta orain berehala kudeaketa osoa kanpoko enpresen esku uztearen aldeko jarrerarekin agertu izana.

Aipatu idatzian, ezer zehaztu gabe Ehbilduk egin duen kudeaketa proposamenean motz gelditu garela diote. Lehengoaz gain, garbiketa eta kirol kudeaketan lanpostu bat eta erdi gehitzea erabaki dugu eta halere motz gelditu omen gara. Gutxienez zertan gelditu garen motz jakitea gustatuko litzaiguke, edo kirol ekipamendu berriaren kudeaketa publikoa lehenetsi izana da EAJrentzat motz gelditzea?

Ehbilduk beste herri batzuetan pribatizatzearen aldeko apustua egin omen duela diote, eta? Hasteko aipatzen dituzten herri horietako datuak ez dira zuzenak baina horrela izanda ere, eta Zestoan ditugun ekipamendu publikoak eremu publikotik kudeatzea dela onena sinesten badugu, zergatik egin behar dugu Zestoan, beste herrietan Ehbilduk egin duena? Alderdikeriatik egindako argumentua gure iritziz.

Azken urteotan gurean ere “eredu amerikarra” deitua izan denak pisu gero eta handiagoa hartu du, hau da, zerbitzu publikoak erakunde publikoetatik kudeatu ordez enpresa pribatuen esku uzteak. Gauzarik errazena hori bada ere, gure ustez ikuspegi publiko zein demokratiko batetik erabaki okerra da. Izan ere, herritarrek bozka bidez ematen diguten ardura eta erantzukizuna zerbitzu publikoak pribatizatzeko erabiltzea arduragabekeria hutsa da. Urrutira joan gabe, pribatizatu diren zerbitzu publikoetan, lan kalitate eskasa tarteko, lan gatazkak sortu direnean, zein izan da erakunde publikoen jarrera? Gehiegitan eskuak garbitu eta kito!

EAJk argiteriarekin egindakoak garbi adierazten digu kudeaketa publiko on bat ekonomikoki ere askoz bideragarriagoa dela, Zestoako kirol eremuko langileak bizitza laboralaren amaieran daude (EAJk hauekin zer egingo lukeen ere ez digu argitzen) eta hiruzpalau urteko trantsizio epe batean kirol ekipamenduak kontrol publikotik ahalik eta ondoen kudeatzen saiatuko gara, horretarako lan poltsa publikoak erabiliaz, eta egungo pertsonalaren erretiroa hitzartzen goazen heinean lan eskaintza publiko bat prestatzen hastea da gure asmoa.

Prozesu guztia sortu berri den Kirol Mahaiaren ikuskaritzapean gauzatuko da eta kirol eragileek parte hartze zuzena izango dutelarik. Dena dago egiteko eta zerotik hastera goaz, arazo askori aurre egin beharrean aurkitu gara eta aurrerantzean ere arazoak izango ditugula jakitun garen arren, guztiona dena guztion parte hartzearekin eginaz askoz Zestoa hobeagoa egin dezakegula sinesten jarraitzen dugu.

Zestoan, 2019ko urriaren 7an

Zestoako EHbildu




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide