Abendua 2025
— 2025-12-29Irakurri 277. zenbakia hemen.

Pasa den urriaren 20an egin zen aurtengo aurrekontu parte hartzaileen inguruko prentsa agerraldia. Bertan azaldu zen, besteak beste, 2019ko ekimenak oso balorazio positiboa izan zuela eta pandemia garaiko etenaren ondoren, aurten ere berriro ekitea erabaki dela.
Atzoko herri batzarrean prozesuaren urratsak azaldu ziren. Irati Peñagarikano, Udaleko arkitekto teknikoak, 2019an jasotako proposamenetatik baztertuak zein proposamen gelditu ziren eta zergatik, azaldu zuen. Arrazoi nagusien artean, alde batetik, herritarren proposamenak inbertsioak ez izatea, baizik eta zerbitzu berrien eskaera edo antzekoak, eta bestetik, Udalak jada martxan zeuzkan proiektuak edo hauekin lotura zuzena zutenak izatea zeuden. Horregatik, aurtengorako behin eta berriz azpimarratu zen, proposamenak “inbertsioak” izatearen garrantzia. Herritarrek ere izan zuten beraien ekarpenak egiteko aukera, eta azaroaren 4a goizegi zela iritzita, azaroaren 8a arte luzatzea erabaki zen proposamenak egiteko epea. Peñagarikanok azaldu zuenez, epea ezin da gehiegi luzatu udal gobernuak urte amaierarako 2023ko aurrekontuak itxi nahi dituelako, eta herritarren proposamenak aztertu eta aurrekontu errealak biltzen ere denbora behar delako.
Proposamenak bidaltzeko argibideak
Juanjo Allur, Siadecoko kideak, proposamenak bidaltzeko orduan kontuan hartu beharreko argibideak eman zituen:
Eskaerak nola egin
Ahalik eta proposamen gehien jasotzeko, hiru aukera jarri dira eskura:
-Zestoako Udalaren harrera bulegoan, 8:30etatik 14:00etara
-Telematikoki, www.zestoa.eus webgunearen bitartez
-Eskaerak aurkezteko ezarritako laguntza eta informazio bulegoan, Udalaren beheko solairuan, azaroaren 2an 11:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.
Abenduaren 1ean bigarren herri batzar orokorra egingo da. Bertan proiektuak aurkeztu eta aukeraketarako irizpideak adostuko dira, besteak beste, herrigune eta auzoen arteko edota interes orokorreko inbertsioen arteko oreka bilatzeko irizpideak adostuko dira bertaratzen direnen artean. Abenduaren 2tik 13ra bitartean bozketa fasea izango da, eta azkenik, bukatzeko, abenduaren 15ean, 3. herri batzar orokorrean, emaitzen aurkezpena egingo da, irizpideak nola aplikatu diren azaldu eta hautatutako inbertsioen berri emango da.