Albisteak

Aurrekontu parte hartzaileak abiaraziko ditu Zestoako Udalak

Partaidetzako aurrekontu prozesua martxan jarri du Zestoako Udalak bigarren urtez. 75.000 euro bideratuko ditu erakundeak prozesu horretara, eta herritarrek erabakiko dute kopuru hori zein proiektu egiteko erabiliko den.

Hiru bilkura egingo dituzte, eta aurrenekoa datorren urruaren 26an izango da, arratsaldeko 19:00etan, udaletxeko areto nagusian. Batzar horretan prozeduraren inguruko xehetasunak azalduko dituzte. Ondoren, herritarrek proposamenak egiteko aukera izango dute. Bigarren bilera abenduaren 1ean izango da, eta egun horretan, jasotako proposamenetatik bozketa fasera zeintzuk pasako diren erabakiko dute. Azken bilera abenduaren 15ean egingo dute, eta orduan aukeratu diren proiektuak azalduko dituzte. Horrez gain, aukera ez diren proiektuak baztertzearen arrazoiak emango dituzte.

Prozesu “are parte hartzaileagoa”

Mikel Arregi alkateak azaldu du 2020ko prozesuak balorazio “baikorra” izan zuela, baina zer hobetua ere bazela, besteak beste, prozesuari denbora gehiago ematea, bozketa sistemara, edo aurrekontuaren kopurua. Proposamen horiek kontuan hartu ditu aurten Udalak: aurrekontuaren kopurua 50.000 eurotik 75.000 eurora igo dute, prozesua bi batzarretan egin beharrean hiru batzarretan egingo dute eta bozketa sisteman aldaketan egongo dira. Erakundearen esanetan prozesua “are parte hartzaileagoa” izango da.

Bestalde, alkateak jakinarazi du 2020ko aurrekontu parte hartzaileek izan zuten inpaktu erreala 120.000 eurokoa izan zela. “Herritarrek 50.000 eurorekin zer egin erabaki zuten. 36 proposamen egin ziren, 13 pasa ziren bozketara, eta horietatik bost proiektu lehenetsi ziren. Udalak, ordea, herritarrek egindako beste proposamenak kontuan izan ditu, eta bozketara pasa ziren ia proiektu guztiak exekutatuta daude”.

Arregik gaineratu du herritarren parte hartzea “oso garrantzitsua” dela, eta horrelako ariketek herritarrak udalera “gehiago gerturatzea” dakarrela. “Horrelako ariketekin Udalak herritarren dituzten behar zuzenak zeintzuk diren jakin ditzakegu. Herritarrek lau urtean behin botoa emateaz gain, urteko aurrekontuetan erabakitzeko ahalmena izatea garrantzitsua da”. Hori horrela, talde zein norbanako orori prozesuan parte hartzeko deia egin die.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide