Iruzkin batek dena adierazten duenean
— 2024-11-07Politikan gehiegitan gauzak behar bezala aitortu baino errazagoa izan ohi da dena nahasi eta herritarrak iritzi bat izatea galarazten saiatzea.
Jada kontu publikoa da, udalak, aspaldiko afera bat tarteko, herritar batekin hitzartutako konpromiso baten balizko ez betetzea argudio hartuta, 523000 euro ordaindu beharko dizkiola herritar horri; noiz eta udaletxean inoiz lanik egin ez zuenean, nahiz aitortu behar den 1999ko maiatzean udalak lurren truke besteak beste, lanpostu baten eskaintza egina zuela.
Epaiketa egin eta sententzia argitaratu zenean, 2019ko urtarrilaren 19an, hainbat gauza oso deigarriak egin zitzaizkigun eta publikoki kritikatu genituen:
1- Ehbildu-ri, orduan oposizioan, auziaren berri sententzia argitaratu eta gero jakinarazi izana.
2- Ekainberri fundazioko kide Zestoako Udalaz gain, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza izanik, auzi bidean hauek inplikatu ez izana, Zestoako Udala babesgabetasun osoan utziaz.
3- Estrategia juridikoan emandako akats larriak, zeinetan udalari komeni ez zitzaion prozedura zibil arruntetik joz, udala juridikoki babesgabetua gertatu zen.
4- Orduan alkate zenak epaiketan esandakoekin, udalaren defentsa lerroa jarraitu ordez udala salatu zuenaren bertsioarekin bat egin izana, epaileak sententzian aldagai horri heldu izana garbi agertzen delarik.
Gauzak nola diren, auzitegi gorenak orduko epaia berretsi duen honetan, epaiketa garaian alkate zenak eta epaiketan testigantza eman zuenak, honoko iruzkina zabaldu du sare sozialetan: “25 urte pasa dira eta, beingoz herritar honekin justizia eginda”.
Eskertzekoa eta benetan argigarria den adierazpena. Izan ere, norabide horretan eta kudeaketa publikoari zor diogun begirunetik ondoko galderak eman nahi ditugu aditzera:
* Udal baten aurkako epaiketan, alkate denak udalaren bertsioa baino salatzailearen bertsioa babestea zilegi ote? Alkate batek gobernatzen ari den udala babestu behar ez badu, nork babestu behar du?
* Epaiketa egin zenean alkate zenak udalaren defentsa egin ordez udala salatu zuenaren aldeko testigantza ematea, epailearentzat udala zigortzeko nahikoa motibo ez ote zen izan?
* Eta azkena, denona den dirutza kopuru izugarri bat, udala kinka larrian jartzerainokoa, pertsona partikular baten eskutara pasatzea justizia ote?
Gauzak horrela, udalak jasango duen kalte ekonomikoak eragina izango du eta legealdi honetarako genituen hainbat proiektu ere baldintzatuta geldituko dira. Halere, zulo ekonomikoari aurre egiteko neurririk egokienak hartuaz zestoarron ongizatea zaintzeak gure helburu izaten jarraituko du.
Zestoan, 2024ko azaroaren 7an
Egin zaitez bazkide