Isabel de Valois Espainiako erregina Gipuzkoa zeharkatzen

Aspaldi gertatu ziren  kontuak dira hemen aipatzen ditudanak, 1565. urtekoak hain zuzen ere. Urte honetan Gipuzkoa zeharkatu zuen   Felipe II Erregearen emazte zen  Isabel de Valois Erreginak.

Irakurri ditut bidaia honen gorabeherak, eta ikusten dudanez, Gipuzkoa osoa mugitu zuen bidaia honek, nahiz eta Goierri aldetik  zeharkatu.

Bidaia honen helburua  bere ama Katalina de Medici Erregina bisitatzea zen Baionan.  Urte hauetan Frantzian agintean zegoen erregin hau. Beraz, ama alabak elkartu egin ziren lehen aipatu dugun urtean eta  Baionako hirian.

Bisita honen berri lehen ere  banuen, oso gainetik begiratuta jakina. Baina orain bidaia hau antolatzeko egin ziren bilera eta lanak irakurri ondoren, hauexek aipatuko ditut jarraian. Data eta bidaia honen pasarteak   Gipuzkoako Junta Jeneralak argitaratuta dituen artxiboko liburuetatik jaso ditut. Gipuzkoarrak garenontzat baliagarri izango delakoan.

Espainiako Erreinuak Gipuzkoan zuen korrejidoreari karta bidez ohartarazi  zion bidaia honen berri, eta honek, Gipuzkoako agintari nagusiei. Ondoren berehala hasi ziren agintariak bilerak egiten  bidaia  antolatzeko.

Karta honetan eskatzen zuen harrera ona egitea  probintziek,  eta pasa behar zuten bideak egokituta egotea. Gizon  armatuak egotea bide ertzetan eta  gelditu behar zuten herriak ondo  hornitzea: ogi, ardo, haragi, arrain,  garagar, lasto, botika eta abarrrekin.

Karta honen berri jakin  bezain azkar   hasi ziren  Gipuzkoako Junta eta udaletxeak prestaketa lanetan. Lehenetako bat Bidaniako San Bartolome elizan egin zuten eta herri guztietako delegatuak ikusten dira bertan. Zestoatik Martin  Ochoa de Ariztondo bertaratu zen.

Komisarioak ere izendatu zituzten lurralde bakoitzean lanak  antolatzeko eta Urola Kostarako Yoanes de Iriarte izendatu zuten. Komisario hauek Juntak edo Diputazioen aginduak betetzen zituzten, halanola,  gizon armatuak osatu,   janariak bildu eta antzekoak

Komisarioak berehala hasi ziren udaletxe bakoitzak zituen  ondare eta  animalien zerrenda jasotzen. Ondoren  debekatu egin zuten  animaliak  itsasotik ateratzea. Hau egiten zuenari  zigorra ezartzen zioten eta  inhabilitatu betirako. Hiri bakoitzak zituen produktuak Komisarioei  ezkutatzen saiatuko ote ziren beldur  ziren  nonbait.

Erreginak zekarren  taldea janariekin ondo hornitzeko Probintziak ez zuen nahiko baliabide.  Nafarroatik ekartzeko  saiakerak ikusten dira, eta janarien  salneurriak ere izoztu egin zituzten eskari handi honek dena puztuko zuelakoan.

Ardiak eta abar ekartzeko aginduak ikusten dira eta horretarako mugak irekitzeko eskatzen die Erregeari, animalien zirkulazioa galarazia zegoen  nonbait. Burgos eta Gasteiztik ekartzea bereziki galarazi zuten, izurritean zeudelako.

Herri bakoitzak  agindutako gizon armadunak osatu behar zituen, sarraskiak saihestu  gehi bideak zaintzeko. Gizon prestuak eta itxura onarekin behar zuten izan gainera.  Arkabuzarekin armatuta  eta jantzi egokiekin hornituta  osatu  behar ziren.   Zestoak 30 gizon antolatu eta bidali behar zituen agindutako tokira, Aizarnakoak barnean izango ziren  jakina.

Hamabi diputatu izendatu zituzten Erregina Gipuzkoan San Adrianetik sartu  eta Frantziako lurretara iritsi  arte bidaia antolatzeko.   Baita ere lau gizon sendo aukeratu behar zituzten sorbaldan  kaiola hartu eta Erregina  Zegamara jaisteko. Zaldi gurdian jaisteko bide arriskutsua edo aldapatsua izango zen nonbait.

Erreginari ongi etorria  San Adriango mugan egin zioten, diputatu eta jauntxo batzuek, ondoren herrietako diputatuak eskumuinak emateko, Segura eta Villafranca artean zegoen zabalgo batean antolatu zuten. Erreginak karrozatik jaitsi, esku larruak kendu eta  bakoitzari luzatu zion bere eskua musu emateko, eta ikusten denez Gipuzkoako ordezkari asko zegoen bertan. Zestoatik Bicente De Hecenarro alkatea  ikusten dut ordezkari.

Erregearen agindu batek, Probintziak 600 gizon armatu prestatzeko agindua bidali omen zuen. Berauentzako soldata ere bidaliko zuela esaten zuen. Baina Erregeari  bidalitako erantzun bat irakurtzen dut esanaz, soldatarik bidali gabe ere Probintzia gai  zela  nahiko gizon armatu osatzeko  bidaia honetarako. Erregeak karta hau irakurri bazuen ez zuen diru gehiegi bidaliko.

Hondarribi eta Donostiaren artean tirabiraren bat  zegoela ematen du. Irakurtzen dudanez  bi herri hauetako gizon armatuak ez nahasteko agintzen dute, sarraskiren bat sortzeko arriskua zegoela eta.

Hondarribi  Nafarren gotorleku izan zenez,  Nafarren  aldeko kutsua izango zuten nonbait,   hau dela eta bi hiriak zituzten ikurrak  alde batera utzi   eta probintziakoarekin irtetera  behartu  zituzten.

Bidaia honi buruz beste pasarte gehiago ere badira jasota, baina zehazki denen berri ematea zaila egiten da  lerro hauetan, luze egingo  bailitzateke. Dena den nire helburua bidaia honen berri azaltzea zen eta irakurri ditudan datuen  ondoren   konklusio bat atera dut, Gipuzkoako   Probintziak, Castillari   ohore handia zion garaiak zirela. Gipuzkoako bazter guztiak  mugitu eta astindu baitzituen bidaia honek eta seguru gastuak ere probintziak ordaindu zituela.

 

Jon Egiguren




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide