JAI HERRIKOIAK ETA “KORRIDAK”

Herriko jaiak direla eta, zer hausnarturik badugulakoan idazten ditugu ondorengo lerro hauek. Herri guztiek dituzte urteko egutegian egun bereziak eta aurtengo gureak hastear ditugu. Maiz Euskal Herriko herri askoren nortasuna bertako jaietako nolakotasunaren arabera juzkatu izan da, zenbat eta jai herrikoiagoak orduan eta jai erakargarriagoak. Horrela bihurtu dira hiri batzuetako jaiak ikur, Bilbon konpartsak, Iruñean peñak… herritarren ekimenak udaletxeak baino ere protagonismo haundiagoa hartzen duenean, herritarrek jai horiekiko duten identifikazioa ere haundiagoa izan ohi da.

Jai herrikoiak diogunean, hauen antolaketan erabaki eta parte hartzeko herritarrek duten ahalmen eta aukeraz ari gara, gure ustez beste arlo askotan bezala, herritarrek zenbat eta parte hartzeko eta erabakitzeko aukera gehiago izan, orduan eta ekimen aberatsagoak antolatzen direla sobera demostratua dago. Lekuko udaletxe edo nagusiki aginte politikoaren menpe dauden jaiak aspergarriagoak eta herritarrengandik urrunagokoak direla nabarmena den bezala.

Aurten aurrekontu eta batzorde guztien gainetik Udal Gobernuak zezenketak era berezian antolatzea erabaki du. Ez jai batzordean, ez kultura batzordean eta ez inon aurkeztu gabe eta zezenketen aurrekontuen inguruan udal teknikari eta oposizioari ere inolako azalpenik eman gabe, aurreko urteetan baino 8000 euro inguru gehiago gastatuko dituela udalak dirudi. Nonbait aurtengoan, “Matadore” profesional entzutetsuak izango ditugu herrian eta ohikoa baino zezen gehiago hilko dituztenez ere, aurrekontuak igoera nabarmena izango du. Eta honi barreren berritzearekin egindako hanka sartzea gehitzen badiogu, ZORRA ZOR LEPOA LODI! Bitartean, beste ekimenetarako dirurik ez.

Egia da herritarrek galdeketa bidez zezenketen aldeko hautua egin zutela eta herritarrek bestelakorik esaten ez duten bitartean, ikuspegi demokratikotik zezenketak antolatzea zilegi dela aitortzen dugu. Herritarren gehiengoak horrela erabakitzeak ez du esan nahi ordea, zezenketen afera Zestoan eztabaidagarria ez denik. Gure ustez, gizarte aurrerakoi batean, animalien sufrikarioa pertsonon dibertimendurako erabiltzeak lekurik ez luke izan behar, eta Zestoako zezenketen historiaren inguruan oso era interesatuan saldu nahi diguten bertsioa oso eztabaidagarria izan arren, gure iragan tradizionala ezin da etorkizuna justifikatzeko aitzakia gisa erabili.

Berriro diogu, herritarren gehiengoak hartutako erabakia onartzen dugu baina Udal Gobernu honen kudeaketa eskas eta arrogantea ez da onargarria. Bere garaian Udalak gehiengoz hartutako erabakiak hankaz gora bota dira eta guztion dirua ezin da inolako ardurarik gabe xahutzen ari diren bezala xahutu. Gutxiengoa izanagatik, bostehun herritar inguruk zezenketen aurkako hautua egin zutela ahaztu gabe.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide