JAIOTZAK EZ DU ERRURIK

Gabonetako jaiotzaren harira, EAJren udal gobernuak plazaratu dituen argudioei erantzunez, Zestoako EHbilduk ondoko argipenak azaltzea erabaki du:

1- Itziar Elorza, EAJko zinegotziari gabonetako jaiotza prestatzen pasatako lan orduengatik udalak ordaindutako faktura Gizarte Zerbitzuetara bideratua egonik, ziur egiazta dezakegu aipatu zerbitzuei dagokien batzordean faktura hori ordaintzea ez dela erabaki. Hau ez du soilik EH bilduk egiaztatzen, duela gutxi bere dimisioa eman duen batzorde horretako buru izan den EAJko ordezkari Montse Atxegak ere gauza bera egiaztatu digu eta berak ere gure antzera kontu honetaz deus ez zekiela jakin badakigu. Alkateari bere haserrea adierazi diola dakigun bezala. Beraz, dagokion batzordean ordainketa egitea onartu zela esatea ez da egia.

2- Bestalde, Ogasun Batzordean inongo fakturarik ez da aurkezten, besterik gabe Udalak ordaindutako gastu guztien idatzizko zerrenda luzea pasatzen da, hau da, soilik gastu bakoitzaren kopurua agertzen da eta ez fakturaren nolakotasunik. Ondorioz, kopuruak edo zerbaitek susmorik sortuz gero, oposizioak faktura edo gastuaren egiaztagiria eskatzeko eskubidea dauka baina faktura horien eskuratzeak denbora behar izaten duenez, eskatutako fakturak gerora jaso ohi ditugu. Jaiotzari dagokion faktura bezala, gure ustez era okerrean ordaindu diren beste hainbat ere (alkatearen bazkari pertsonalak, opariak, hoteletako egonaldiak, batzokiari ordaindutakoak…) era berdinean eskuratu ditugu eta bilera batean guztia begiratzeko denborarik izaten ez dugunez, bileratik kanpo begiratu behar izaten dugu zerrenda. Beraz, EHbilduko ordezkariak fakturak ontzat eman zituela esatea ez da egia.

3- Dirudienez, egia da Itziar Elorzak jaiotzarekin lotura aspaldidanik duela baina aurreko legealdian, bera oposizioko zinegotzi izandako garaian, jaiotzari zegozkion ongizateko hiru urteko fakturetan soilik gastu materialak agertzen dira ordainduta. Legealdiko azken urtean, hala moduz eskuz idatzitako egiaztagiri batean bere lan orduak agertzen direla ikusi dugu baina ez da inongo zinegotziren sinadurarik agertzen eta bide batez, gogorarazi dezagun aurreko legealdian ogasuna EAJren esku egon zela.

Aurten ordea, Itziar Elorza gobernu zinegotzia izanda, udal kontu-emaileak ordainketa egin aurretik alkatea ohartarazi arren, honek aholkuari muzin egin eta faktura ordaintzea agindu du. Alkate batek, jakinaren gainean bere zinegotzi bati bidezkoa ez den dirutza ordaintzea benetan onartezina da.

4- EAJk horrela adierazi nahi badu ere, EHbildu ez dago jaiotza egitearen aurka. Zorionez, beste herri askotan bezala, gizarteko eremu ezberdinetan, gurean ere jende asko ari da borondatez herria eta herriaren ondarearen alde lanean, eta udalak herrigintzaren mesedetan borondatezko lana sustatu beharko luke. Gure ustez, udalak modu horretan lukro pertsonala bultzatzeak, borondate onez lanean dabilen herritarra desmotibatu besterik ez du egiten eta adierazgarria da elizako arduradunek ere, kontu honen inguruan gertatzen ari zenaren berri orain arte jakin ez izana.

Amaitzeko, EAJren idatziaren azken zatian, aurrerantzean ere berdin jarraituko dutela irakurtzeak erabat arduratzen gaitu. Aurreko legealdian Zestoako Udalak herriko elkarteei diru laguntzak eskatzeko oinarriak zorroztu egin zituen eta hartutako neurriekin ados gauden arren, gobernuak eredu izan beharrean eta gardentasuna bultza ordez, gaizki eta ilun egindakoa errepikatzen jarraitu behar badu, nekez eska geniezaieke inolako gardentasunik gure herrikideei.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide