Jan-txakurrak

Oraindik ere, lehengo euskara jator hura erabiltzen dutenek sarritan aipatzen duten hitza da “jan-txakurra”. Bistakoa da zer esan nahi duen: ezertarako balio ez duen txakurra, jan bakarrik egiten duena. Jende askok pentsatzen du, betidanik, zenbait herri lanetan gabiltzanok jan-txakur galantak garela, asko jaten dugula (alegia, kobratu) eta hainbeste enplegaturekin ezin duela aurrera egin herriak. Gutxik pentsatzen du, ordea, herritarrei ahalik eta zerbitzu hoberena emateko gaudela, beste edozein lantokitan bezain ondo edo hobeto egiten dugula lana, herria maite dugula… Jakina, inplikazio mailak eta mailak egongo dira administrazioan baina irudipena daukat gehienok asko saiatzen garela gure lana ahalik eta hobekien egiten.

Hala ere, ezin dugu gainetik kendu gure jan-txakur fama, eta jende asko dago udaletxeari karga kendu arteko onik ez duena: gure lana askoz hobeto egiten dute, nonbait, enpresa pribatuek; haiek, gutxiago kobratuta, askoz lan gehiago egiten dute, askoz ordu gehiago sartzen dituzte, eta etekina ezin konparatu.

Hori guztia etorri zait burura, gaur goizean “Danbolin” web gunean EH Bilduk jarritako testua irakurri dudanean eta Zestoako Udalak Hirigintza Batzordean egin dituen hausnarketen berri izan ondoren. Eta aspaldiko kontuak etorri zaizkit burura.

Duela 25 bat urte, lan istripu edo lan gaixotasunen bat izaten zuen udal langilea Gizarte Segurantzako medikuarengana joaten zen. 1996an, ordea, oker ez banago sindikatuetako ordezkariek ezer esan gabe, Mutua pribatu baten esku jarri zuen Udalak zerbitzu hori; horrela, lanean istripuren bat edo zauriren bat izanez gero, mediku pribatuetara joaten gara eta anbulatorio eta ospitale pribatutan atenditzen gaituzte (beti ere, lanean egindako gaixotasuna bada). Osasun Zerbitzuan ere, jan-txakurrak nonbait, eta zerbitzu pribatuen eskura utzi gintuzten, Osakidetza gutxitzen lagunduz eta medikuntza pribatua indartuz.

Gero, jubilatzen garenerako beste kontu bat ere badugu: dirudienez, Estatuak ez du nahiko diru edukiko guri jubilazioa pagatzeko eta pentsio pribatuak egitea gomendatzen dute. Eta biharko egunean pentsio hori jasotzeko, hileroko kuota entitate jakin batean egiten bazenuen, udalak berak ordaintzen zuen zati bat. Pentsio sistema publikoa txikitzen eta pentsio entitate pribatuak handitzen. Gehien irabazten duenak etorkizunerako pentsio pribatu ederrak ziurtatzeko modua; gutxi irabazten duena, izorra hadi!

Herriko kaleak oso zikinak zeuden, dirudienez, (“kotoiaren proba” egin ote zuten?) eta Udaleko garbitzaileak narras hutsak. Enpresa pribatu baten esku utzi ziren lan horiek ere. Herria, garbitzaile berriak Mister Proper edo Don Limpio bailiran, dena txukun-txukun geratu zen, Laranjadiko granitozko zoruan “picnic”-a egiteko moduan, “por los…!”.

Herriko zergak ordaintzen ez dituztenen gestiorako ere, herriko jan-txakurrak ez zuten balio (“horiek beroiek behar ditek asko motel!”) eta kanpoko enpresa baten esku utzi zen zerbitzua. Gaur egun Diputazioko Ogasun Zerbitzuak eskaintzen omen du gestio horiek bere gain hartzea, baina haiek ere jan-txakurrak eta hobe enpresa pribatu batekin jarraitzea.

Azkeneko perla da “herriko argiteria sarearen berrikuntza” izenburupean, enpresa pribatu baten esku utzi nahi dela argiteriaren mantentze-lana eta gestioa. Bide batez, nahiz eta agintariek “uko fuerte” egiten duten, lehen argiteriaz arduratzen zen eta laster jubilatu egingo den udal langilearen lanpostua, berritu gabe uzteko arriskua dago. Udaleko eginkizun anitzetako langilerian ere, jan-txakurrak, aidanez, eta kanpokoak hobeto egingo ote duten susmoa dabil udal agintarien buruan.

(Aurrera jarraitu aurretik, atseden gisa, “uko fuerte” esaldiaren esanahia kontatuko dizuet: azkar esateko, dirudienez, ijito mutil koskor batek eta bere aitak oilo batzuk harrapatu dituzte eta, hala, eman dituzte agintariengana eta mutil koskorrak hanka sartuko ote zuen beldurrez, aitak esaten omen dio semeari: “uko fuerte, uko fuerte!”).

Herriko zerbitzuak pixkanaka-pixkanaka esku pribatuetan jartzeak zera dakar: herriaren oinarrizko zerbitzuak negozio hutsa bihurtzea, eta helburua herriaren zerbitzua izan beharrean ahalik eta diru gehien irabaztea. Zerbitzu horiek gainera urte askoan zinegotzien kontroletik kanpo geratzen dira. Zerbitzu horiek pribatizatzeko, ez hemen Zestoan bakarrik, baizik-eta mundu osoan, jendearen iritzia erabat manipulatu egin da komunikabideen eta ekonomista “guru” batzuen bitartez. Behin eta berriro esaten digute sektore publikoaren tamaina murriztu egin behar dela; sektore publikoak egiten dituen hainbat lan zer eginik ez dauzkala, eta merkatuaren esku utzi beharko lituzkeela; enpresa pribatua askoz eraginkorragoa dela, sektore publikoaren “alferkeria” eta dirua alferrik galtzearekin konparatuta. Gaur egun, hainbeste zabaldu dira iritzi horiek, hainbeste jan digute burua, gizarteak edo herritarrek “egia osoa” edo “dogma” gisa hartzen dituztela.

Guztiz zabaldutako iritzi horren aurrean, argi eta garbi esan behar da zerbitzu publikoen pribatizazioak ez dakarrela kalitate handiagorik. Kosta ahala kosta, etekin ekonomikoa lortu nahi da eta, ondorioz, erabiltzen den materiala ahalik eta merkeena izaten da. Zer esanik ez, langileak oso baldintza kaskarretan ibiltzen dira; gainera, kotizazioak-eta oso baxuak direnez, ondorio kaltegarriak dakarzkio Gizarte Segurantzari eta, azkenean, denoi.

Bestalde, lehen esan dugun moduan, zerbitzu horren kontrola enpresa pribatuaren esku uzten den momentutik oso zaila da, bai udalarentzat eta zeresanik ez herritarrentzat, zerbitzuan inolako aldaketarik egitea. Zerbitzuari buruzko erabakiak hartzeko garaian eskuak lotuta aurkitzen gara.

Horrez gain, ez dugu burutik kendu behar zerbitzu pribatuen kontratazio klase horiek aproposak izaten direla ustelkeria indartzeko: hor dago Madrilgo kasua baina ez dago hain urruti joan beharrik.

Eta azkenik, askotan, enpresa pribatu horiek herriarekin batere loturarik ez daukate eta herria batere ezagutzen ez duten buruzagiek gobernatzen gaituzte. Horiei gutxi inporta zaie Zestoa. Etekin ekonomikoa da nagusi.

Azkenean, dena negozio bihurtzen denez, diru ahalmena daukana hor nonbait ibiliko da eta zerbitzu horiek ordaindu ahal izango ditu, baina pobreak ezinean ibiliko dira, eta urteen poderioz gizarte mailakatu bat sortuko dugu eskubide berdintasuna bermatu ordez.

Bukatzeko, hala ere, gaizki ulertzeak saihestu nahi nituzke. Gure udalean badira, lehen aipatu ditudanaz aparte, enpresa pribatu bidez egiten diren hainbat eta hainbat zerbitzu: hainbat lan, hainbat material hornidura, aholkularitza… Gehienek ahalik eta ondoen egingo dute beren lana eta ahalik eta maitasun gehienarekin herriarekiko. Eta eskerrak eman behar zaizkie. Eta gurekin lanean jarraitu behar dute horiek.

Baina hemen ez naiz horietaz ari. Hasieran aipatu ditudan moduko zerbitzuez ari naiz. Zerbitzu publikoa desmantelatzea helburu duten enpresa horiez eta gizarteak hainbat urtetan lortu duen ongizatea pikutara bidali nahi duten enpresa pribatu horiez.

Agurtzeko, galdera batekin bukatu nahiko nuke: Eta jan-txakurrak izan beharrean, herriaren zerbitzurako “txakurrak” bagina? Itsuei laguntzen dieten horietakoak? Istripuetan laguntzen ibiltzen diren horietakoak? Lera-txakurrak? Gizakiaren lagunik onena txakurra dela dio esaera zaharrak. Estimatzen jakin behar, ordea!




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide