Otsaila 2026
— 2026-03-02Irakurri 279. zenbakia hemen.


Konpitteroneko tabernako barran.
Dendatik sartu naiz gaur Konpitteronera, astegunez taberna itxita baitago. Sukaldean ditut zain Begoña Eizagirre (1942, Aizarna) eta Eini Izeta (Zestoa, 1996) biloba. Segituan altxa da Begoña, “hi etorrita mantala kendu egin beharko dinat, ezta?”. “Nahi duzun bezala” erantzun diot, bere etxean nik agindu behar ote diot ba! Hasi aurretik, komunera joan beharra dudala esan diot eta kanpoko baratzera ematen duen atea seinalatu dit. Lasai egoteko, ondo ezagutzen dudala bidea esan diot. “Bai, ondo jakingo dun, baina aspaldian ez haiz etorri hona e!”, bisita gehiago erreklamatu dizkidala uste dut. Bizi eta argi dago oraindik Begoña, ez dut imajinatu ere egin nahi gaztetan ze sasoi eta garbo zuen! Bere begiradan oraindik bada argitasun bat, ez dakit nola azaldu… Eta kameraren aurrean serio-serio jarri bazaigu ere, irribarre bihurria beti ahoan. Komunetik bueltan sukaldeko mahaian eseri gara hirurok. Kafea eta pastak prest! Eta zuri-beltzeko dozenaka argazki… Udazkeneko arratsalde baterako plan hoberik bururatzen?
Hasteko, aurkeztu zure burua. Izen-abizenak?
Ni naiz Maria Josefa Antonia Begoña Eizagirre.
Ene ba… luzeagoa ezin.
Ahizpa zaharrenak Begoña ipini nahi zidan; maistraren baten edo alabak hala izena zuela, gustatu, eta Begoña. Urtarrilean jaio eta elurra. Zaragozatik etorri behar zuten osabak eta izebak nire bataiora, osaba Antoniok izan behar baitzuen aita pontekoa, baina elurrarengatik etortzerik ez. Orduan osaba-izeben izenak ipini zizkidaten Josefa eta Antonia. Ama pontekoa Igartzako izeba Maria izan zen, beraz bere izena ere jarri zidaten. Gizona Xixilio zuen eta eskerrak ez zitzaion okurritu Xixilia ipintzea, bestela bost izen izango nituen.
Non jaioa zara?
Saletxen, hortxe!
[Leihoko gortina zabaldu eta goian ikusten den baserriari begiratu dio]

Roman Iruretagoiena senarrarekin.
Esnatzen naizenean egunero ikusten dut jaiotetxea.
Haurtzaroko ze oroitzapen dituzu?
Zazpi anai-arreba ginen, sei neska eta mutil bat, ni bosgarrena. Eskolan hasi arte ez dut gogoan kalera jaisten ginenik. Eskolan zazpi urterekin hasten zen orduan. 62 neska eta 40 mutil ibiltzen ginen, mutilak maisuarekin eta gu maistrarekin.
Orain ez da hainbeste ume Aizarnan. Hala ere, auzo txikietan eskola izatea garrantzitsua da ezta?
Bai horixe, bestela hilda dago. Umerik gabe, eskolarik gabe, oso tristea da herria.
Alaba, ama, amama eta birramona zara. Haurren heziketan aldaketak sumatuko zenituen ba?
Gure garaian paliza ederrak jasotzen ziren eta orain kasik umeek hartu dituzte mendean maisuak. Nik horixe ikusten dut; lehen gehiegia eta orain beste aldera.
Jolasa ere aldatu da, ezta?
Gu pelotan ibiltzen ginen asko, etxean egindako pilotekin. Ahizpa zaharrak egiten zituen baina, zoragarriak e! Euria zenean pelotan egiten genuen, eta busti egiten zen. Sakaponekin ere bai. Etxean ardiak zituztenek handi-handiak erabiltzen zituzten, gure etxean ez zen ez ardi eta ez arkumerik eta haien inbidiaz ni.
[Kutxa batean gordeta ditu batzuk eta mahaira atera ditu, eta jolasa azaltzen hasi zaigu]
Nik zuri pilota bota eta hark bota eta hartu egin behar. Zaila izaten zen. Hau da Ajone, hau Azake, hau da Aponi… Hau da Txulo, hau Akerne…
Baina hauek umetan ibiltzen zenituenak dira?

Aizarnako neska-mutilak. Begoña Eizagirre erdi-erdian koadrodun soinekoarekin; Eini bilobaren antza ikaragarria du.
Bai zera! Orain arkumeari hartutakoak, bilobek jolasteko esperantzan, baina ez didate kasu handirik egiten. Hauek ez dute astirik ezertarako, beti zerbait izaten dute.
Zu ere jolaserako asti handirik gabe, gazterik lanera ezta?
20 urte aurretik edo, aurrena Zarautzera, taberna batera. Ez dakit existitzen den orain, baina Azken Portu deitzen zen. Ereñoken tartekoak ziren. Zerbitzatzen ibiltzen nintzen eta gero segidan Donostiara, jatetxe bateko sukaldera. Urbieta kalean
zegoen, Barbara Goenaga aktorearen birraitonarena edo zen. Lo eta dena han egiten genuen, bertan 4. pisuko bizitzan geratzen ginen langileok. Etxarri Aranazkoak, Elgoibarkoak, Goiazkoak… ziren lankideak.
Denak herritik hirira. Donostia ezagutzeko aukerarik izan al zenuten?
Nik iluntzean bi ordu edukitzen nituen libre, 17:00etatik 19:00retara. Bakarrik ateratzen nintzen, gehiegi urrutiratu gabe, galtzeko ere… Plaira ere joaten ginen, baina serenoa egoten zen eta ordu horietan ez zigun uzten bainatzen.
Eta bezeroekin eta ze harreman zenuten?
Ez dakit, ni beti sukaldean.
Donostiatik Aizarnara bueltatu eta 22 urterekin ezkondu. Gaur egungo aplikazioen beharrik ez zenuten izan zuek ligatzeko, aldapan behera egin eta listo?
Horixe, albokoarekin.
Eta hemen Konpitteronean lanean jarraitu zenuen.
Gaur bezala jendea jaten eta ez zen geratzen orduan. Orain dena kanpoan, mundu guztia kozinero famosoa da, eta hala ere, mundu guztia kanpora joaten da jatera. Lehen taberna eta denda dena bat ziren. Hemen txokolatea egiten zen, baita kandelak ere; baina horiek umetako oroitzapenak dira, ni etorri nintzenerako

Amaiur Aristi eta Begoña Eizagirre Konpitteroneko sukaldean, argazki zaharrei begira.
ez ziren egiten. Nire gizonaren aitak azukrezko algodoia egiten zuen hemen. Hortxe dago ontzia. Eta guk denetik saltzen genuen: janaria, oinetakoak…
Auzoan eskola bezala, denda ere inportantea da.
Adelantoak mundua izorratu du. Mundu guztiak kotxea dauka, eta denak kotxez joaten dira Eroskira. Lehen denera oinez joan behar izaten zen, eta orduan produktu guztiak hemen saltzen ziren. Aurreko batean gazte batek jostorratz jakin bat nahi zuela eta ez zuela inon topatzen. Nik jostorratz horiek banituela esan nion, garai batetik gordeta, eta han atera nizkion. Batzuetan adelantoak ez du ondo funtzionatzen.
Esan duzu tabernan jatordu gutxi, baina hau auzotarren topalekua zen ezta?
Aranburuko aitona, Dionekoa, Kantxilakozarrekoa… bost edo sei iluntzero hemen izaten ziren.
Gizonezkoak bakarrik?
Emakumeak gero hasi ziren, eta jaietan bakarrik. Eta

Donostiako jatetxeko sukaldean lankideekin.
lehenengoan bronka galanta, gainera, emakumeak sartu zirelako. Aitita Felixek errietan egin eta bidali egin omen zituen emakumeak.
Hemen aspertzeko denborarik ez, beti jendez inguratura, ezta?
Telebista ikustera etortzen zen jendea. Zapatu arratsaldean egoten zen Sesión de tarde edo pelikula. Eta hogeitaka lagun edo elkartzen ginen dendan, ez tabernan. Gerora banatu egin baitziren taberna eta denda. Inork ez zuen telebistarik eta hemen ikusten genuen denok batera.
Oraindik ere taberna eta denda bueltan jarraitzen duzu.
Norbaitek kafe bat behar badu, nik azkar-azkar aterako diot. Kontuak eta esaten gustura egoten naiz, edo pilota partidua ikusten. Asko gustatzen zait jendearekin egotea.
Eta gaztaroan dena ez zen lana izango ba? Festarik ez?
Ba asko ez, 22 urterekin ezkondu nintzen eta! Bestela hemen jaiero izaten zen erromeria, Aizarnan bertan. Orduan bai, dantza franko!
Dantzazalea orduan? Nola ikasi zenuen?
Besteei begira, ni ez naiz inon ibili izan ikasten.
Orain asmatuko al zenuke?
Bai, bai. Lehen bezain arin ez, baina egingo nuke! Aurtengo amabirjinetan ez naiz atrebitu eta pena ederrekin gelditu nintzen.

Begoña Eizagirre jaiotetxea duen Zaletxe baserriaren atarian.
Hurrengo urtean etorriko naiz eta biok aterako gara.
Ez dut ahaztuko e!
Orain beste era batera egiten dute gazteek parranda, ezta?
Asko aldatu da. Gure garaian 22:00etarako etxera eta orain 22:00etan ateratzen zarete. Zeuk atera kontuak! Eta nik zerbeza edaten ez nuen ikasi. Itxialdi garaian bilobarekin ikasi nahian ibili nintzen, kar, kar, kar!
Zer edaten zenuten ba?
Ezer ere ez. Dantzan egin eta dantzan egin eta egarriak baldin bazeunden, iturrira joan behar ura edatera. Eskerrak ez zegoen urrun!
[Etxera iritsi eta kasuen! Gehien interesatzen zitzaidan galdera ez diodala egin Begoñari akordatu naiz. Ez dakit nola pasa zaidan… Beste egun batean berriz igo naiz Aizarnara. Oraingoan sukaldean kaferik ez, oraingoan gaztainak erretzen ari da Begoña. Bigarren bueltak ere merezi izan du. Ederra merienda!]
Eta zuen garaian ere egingo zen ba oilasko-biltzea?
Bai, horixe. Aurrena oilaskoak biltzen zituzten baserriz baserri gizon gazteek. Goiz bildutakoak azkar ekartzen zituzten beste tabernara, Martinenera eramaten zituzten eta han hil eta prestatzen zizkieten eguerdian bertan bazkaltzeko. Oilasko-biltzea bukatzen zutenean oilasko-dantza egiten zuten plazan. Oilaskoa makila batera lotuta ipintzen zuten eta dantzazale batek begiak itxi pañelo batekin eta hura bilatu behar izaten zuen dantzan eginez. Oilaskoa bilatutakoan hortzarekin mozten zion lepoa. Gero dantzaurrea ateratzen zuten. Zortzi bat mutil ateratzen ziren pañeloak eskuan soinuaren doinura. Aurrenengo joaten zenak neska aukeratzen zuen. Uste dut bi mutil joaten zirela bila eta erdian eramaten zutela. Eta lehenengoak hari dantzatzen zion. Gero neska gehiago ere aukeratzen zituzten dantzarako. Zortzi mutil baziren, zortzi neska. Eta gero denak batera dantzatzen ziren. Polita izaten zen! Umea nintzeneko oroitzapenak dira gero galdu egin zen eta urte batzuetara berreskuratu zen dantzaurrea, baina oraingoa ezberdina da.
Zuen garaian, Aizarnatik alde egin zuen jendeak herri eta hirietara. Orain, berriz, asko etorri dira herri eta hirietatik.

Ezkontza batean edaria zerbitzatzen, orduan ere ezin ba lanik egin gabe egon. Alboan ditu Roman Iruretagoiena senarra eta Eleuterio Tapia soinujole ezaguna.
Etxebizitza ere pixka bat merkeago dago hemen, normala… Niri iruditzen zait hau asko maite behar dela, bakardadea dago. Nik uste lasaitasun bila etortzen direla. Badakit bakarren batek pisua erosi eta aspertu eta alde egin duela.
Asteazkenean ezin genuela zita egin esan zidan Einik, ibilaldia omen duzu.
Bai! Jubilatuen Elkartekoekin. Diabetikoa naiz eta bolada batean joan gabe ibili naiz, baina azukrea berdin-berdin altxatzen zaidanez berriz joaten hasi naiz! kar, kar, kar! Ederra da jendearekin egotea, eta besteek preparatutako jatea, zer esanik ez. Eseri eta jan.
Eta zestoarrekin ondo? Aizarnarrek beti deitu izan diguzue “zestoar txorok”. Zergatik?
Guk burla asko jaso dugu zestoarrengandik. Zestoara oinez abarkekin joaten ginen azokara eta. Eta hizketan “kok” eta esaten genuelako ere bai.
Eta bukatzeko, zer eskatzen diozu bizitzari?
Nik ezer ere ez, horrelaxe, ederki bizitzea. Gustura bizi naiz. Lan franko egiten dut, baina gustura bizi naiz mundu honetan.