Albisteak

[JARDUNIAN] Denis Ayala Do Espirito Santo: “Bizitzan zortea behar da; borrokatu bai, baina zortea ere behar da. Eta nik zortea izan dut”

Denis Ayala Do Espirito Santo 1975ean jaio zen Brasilen, 22 urte daramatza Zestoan bizitzen eta, hasieran, Izaskun Indamendiren senar gisa ezagutzen genuen. Corumbá herrian jaio zen, Brasilgo oihanean. 99.000 biztanle ditu Corumbák, baina “herri” deitzen dio Denisek. Handik hiriburura lekualdatu zen, aukera berrien bila, eta 25 urterekin Ozeano Atlantikoa gurutzatzea erabaki zuen; Portugalera joan zen lehenik eta Zestoara azkenik. Gurekin bizi da ordutik.

 

Brasilen jaio zinen.

Corumbán jaio nintzen, Brasilgo erdialde-mendebaldean. Bolibiarekin mugatik zortzi kilometrora. Askotan pentsatu izan dut Bolibiatik hain gertu bizita gaztelania pixka bat ere jakin nezakeela, baina ez nuen ezer ikasi han.

Esan bezala, mugako herria da nirea. Bolibiarekiko mugaz gain, pixka bat beheraxeago, Paraguayko muga dago. Oihanean dago herria, zingirak daude eta ibai handi bat ere bai: Paraguay ibaia. Oso polita da. Fauna handia dago, animalia asko, arrain asko. Moskito eta bitxo ugari, eta hezetasun handia ere bai. Zer esanik ez beroa, hura da beroa! Neguko (han ekainean eta uztailean izaten da negua) pare bat astetan jaisten da pixka bat tenperatura; gainerakoan, neguan 30-33 gradu egiten du eta udan 45-50 gradu, gogorra da. Hiria harrien gainean dago eraikita eta, gauetan freskatu arren, lurrak beroa botatzen jarraitzen du.

Zertatik bizi da jendea?

Abeltzaintza da jarduera nagusia; batez ere behiak hazten dira. Ustiategi asko dago. Nekazaritzarik apenas dago, nahiz eta lur zatiren bat duenak artoa ereiten duen. Corumbá denboran geldirik geratu da, ez da garatu, orain dela 50 urte bezala jarraitzen du.

Nolakoa da zure familia?

Ama, aita eta bi anaia ditut; ni naiz zaharrena. Ni auzo batean hazi nintzen eta umetan ez ziguten uzten kalera ateratzen, ez zelako segurua. Lau pareten artean, burbuila batean bezala bizi ginen. Aitak etxetik kanpo egiten zuen lan eta amak hezi gintuen. Ikastea exijitzen zigun amak, eta horixe egiten genuen. Txikitatik gustatu izan zait arrantza, eta ateratzen uzten zidan bakoitzean joaten nintzen arrantzatzera.

Oraindik ere ez da segurua?

Orain okerragoa da egoera, azken finean, dirua falta denean, oinarrizko beharrak ase gabe daudenean… familia egituraturik ez daukan jendea dago, eta horietako asko 10-11 urterekin trafikatzen hasten dira, drogatzen, pistolekin… Konplikatua da egoera.

Amak ikastea exijitzen zizuela esan duzu, zer ikasi zenuen zuk?

Batxilergoa bukatu nuen, 18 urtera arte eta gero armadan sartu nintzen. Esan dizudan bezala, nire herrian ez dago industriarik, eta irteera posible bat zerbitzu militarra egitea da. Jatekoa eta lo egiteko lekua bermatzen dituzte bertan. Nik marinan eman nuen izena, Paraguay ibaiaren bueltan, eta urtebeteko formazioa egin nuen. Gustura nengoen eta bertan jarraitu nahi nuen, baina ez nituen nahikoa puntu lortu.

Eta etxera itzuli zinen?

Bai, herrira itzuli nintzen. Armadan sartu nintzenerako lanean ari nintzen, eta itzuleran lan huraxe neukan zain, arropa denda batean.

Arropa denda utzi eta gero, ehorztetxe batean ere egin nuen lan, heriotza segurua da. Urtebete inguru aritu nintzen, hilotzak makilatzen eta abar… eta han nengoela, nire nagusia zenak kobratzaile lana eskaini zidan. Jendeak bizitza aseguruak zeuzkan garai hartan ere, baina ordainketak eskura egiten ziren. Nire egitekoa, etxez etxe joatea izaten zen, kuotak kobratzea.

Frac-dun kobratzaile itxurako zerbait izan zinen, orduan?

Bai, antzerako zerbait. Gainera, ehorztetxeko lan haren harira antzerako beste lan batean hasi nintzen. Kontua da oso ohikoa zela altzari dendetan erosketak epeka egitea. Jendeak aurreneko hiruzpalau kuota ordaindu eta ordaintzeari uztea ere ohikoa izaten zen, eta hori arazoa zen denda haientzat, eta kuota haiek kobratzeko kontratatu ninduten. Etxez etxe joaten nintzen lan hartan ere, eta ordaintzen zuen bezeroko komisioa kobratzen nuen nik. Ondo irabazten nuen, baina bueltaka pasatzen nuen egun osoa, udako 45-50 gradutan. Garai hura ere bukatu zen, ordea, Gobernuak hainbat lege berri atera eta errentagarria izateari utzi baitzion lanak. 

Eta zer egin zenuen orduan?

22 urte nituen eta zor batzuk ere baneuzkan ordurako. Gainera, gurasoenean bizi nintzen eta independentzia gogoa ere banuen. Nire herrian aukerarik ez nuela ikusita, hiriburura, Campo Grandera joatea erabaki nuen. Bakarrik joan nintzen eta gogorra izan zen, han gosea pasa nuen; hotzik ez, bero egiten duelako [kar, kar]. Lana ere aurkitu nuen, karteldegi enpresa batean, komertzial, eta jende asko ezagutu nuen. Bizitza honetan zortea eduki behar da, borrokatu bai, baina baita zortea izan ere. Eta nik zortea izan nuen.

Lan haren harira ezagutu nuen enpresa-gizon bat, eta harekin hasi nintzen lanean. Hark bere familiako bazkari eta afarietara gonbidatzen ninduen eta, kasualitatez, Portugalen bizi zen jendea ezagutu nuen. Ozeano Atlantikoa gurutzatzeko ideiari bueltaka hasi nintzen, Portugalen ondo irabazten zela esaten zuten, eta niri momentu hartan horixe axola zitzaidan.

Eta Portugalera joan zinen.

Bai, aurrena amarekin hitz egin nuen; negar pila bat egin zuen, baina azaldu nion bizimodua hobetzeko zela. Beti izan dut helburu hori bizitzan, hobetzea. Gogorra izan zen, baina lortu nuen.

Noiz iritsi zinen Portugalera?

2000ko urriaren 18an iritsi nintzen Lisboara, eta polizia portugaldarrak aireportuan atxiki ninduen, balizko immigrantea izateagatik. Turista gisa etorri nintzen; ordu pila bat eduki ninduten “preso”, galdera berdinak egiten zizkidaten behin eta berriz. Baina zortea izan nuen; zortea behar da bizitzan. Azken polizia goizeko lauretan etorri zen, hasi zitzaidan esaten kasualitatea zela biok martxoaren 19an jaioak izatea, San Jose egunez… datez eta zodiakoaz hitz egiten aritu ginen. Azkenean, esan nion neka-neka eginda nengoela eta deportatu behar baninduen deportatzeko, bukatu egin nahi nuela… eta pasaportea estanpatu zidan eta Portugalen sartu ahal izan nuen.

Nolakoa izan zen hasiera Portugalen?

Nire aitaren lagun baten etxean egon nintzen hasieran eta han lortu nuen lehen lana, nahiz eta ez neukan paperik. Kosta zitzaidan klimara eta erritmora egokitzea. Hizkuntza ere, portugesa izanagatik, desberdina zen. Jende haren bidez autobus enpresa batean lortu nuen lana, mekanikariari laguntzen hasi nintzen, ofizioa ikasten. Lauzpabost hilabete paperik gabe lanean pasa ondoren, lanerako baimena lortu nuen. Enpresaren pabiloi bertan bizi nintzen, hartara ez neukan alokairua ordaindu beharrik.

Enpresak bidaiak antolatzen zituen, jubilatuentzat batik bat. Bertan bizi nintzenez, asteburuetako irteeratan beraiekin joatera gonbidatzen ninduten gidariek, eta hala hasi nintzen Portugal eta Espainia ezagutzen, baita jende pila bat ere.

Bidaia haietan erakustaldi modukoak egiten zituzten produktuak saltzeko (masajea ematen zuten besaulkiak, kazuelak…). Gidaria errepideko hotelen batean geratzen zen, eta han egoten zen saltzaileren bat erakustaldia egiteko pronto. Eta saltzaile haiek ezagutu nituen. Haietako batek, Joâok, berarekin lan egitea proposatu zidan.

Eta zer egin zenuen?

Lanez aldatzea erabaki nuen, eta Setubaletik (Lisboa ondoan) Valencia do Miñora joan nintzen bizitzera, Galiziako mugan. Beltzean egiten nuen lan, eta paperak galdu nituen. Dena den, Portugal, Espainia, Frantzia… Veneziara ere joan nintzen egoera irregularrean.

Frantziarako bidaietako batean, Lurdestik bueltan, Hotel Arocenatik pasa ginen, baina ez ginen bertan geratu. Ez dakit zein urte izango zen.

Horretan ari nintzela, Joâok arazoren bat izan zuen lan egiten genuen enpresarekin, eta bota egin zuten. Nik harentzat lan egiten nuenez, ni ere lanik gabe geratu nintzen. Denbora batera, Joâorekin lan egiten zuen beste saltzaile batek lana eskaini zidan… eta bidaietara itzuli nintzen.

Orduan ezagutu zenuen Zestoa?

Bai, bigarren gizon harekin lanean ari nintzela, Hotel Arocenan lan egiteko aukera sortu zitzaigun. Ekainean etorri nintzen hona, jubilatu portugaldar pila batekin; gau batzuetan kalera ateratzen ginen, lana bukatu ondoren.

Eta zer iruditu zitzaizun herria?

Ezagutu nituen lehen pertsonak Kirri [Asier Acedo] eta Pellua [Pello Gerenabarrena] izan ziren. Izaskun [Indamendi] ere orduan ezagutu nuen; nik torero itxura neukan, trajea, gorbata, ilea gominarekin… Gogoratzen dut Txoko tabernako barran Luixi [Azkue] galdetu niola ea zer esan nahi zuen “Euskal presoak Euskal Herrira” zioen banderolak. Luixek Izaskuni eskatu zion azaldu ziezadan, eta hala ezagutu genuen elkar.

Gero, badakizu… hemen kuadrillak zirkulu itxiak izaten dira hasieran, eta zaila izan zen, baina denborarekin kuadrillakoak ere ezagutu nituen. Hoteleko lana amaitzen nuenean Izaskunekin geratzen nintzen; herria erakusten zidan, inguruak…

Lehen aldi hartan hilabete inguru pasa nuen Zestoan, eta bueltatu egin behar nuen. Dena den, irailean herriko jaietarako itzultzeko asmoa nuen, eta irailera arte agurtu nuen Izaskun. Ordurako bagenituen mugikorrak, eta hala jarraitu genuen kontaktuan.

Etorri zinen festetara?

Ez, ezusteko bat tarteko, ezin izan nuen etorri. Dena den, handik gutxira ezkondu ziren Juantxo [Olaizola] eta Igone [Rezabal], eta ezkontzara gonbidatu ninduten. Ezkontza hartan egon nintzela gogoratzen naiz, eta hemen pasa nituen Gabon haiek ere.

Ordurako hemen geratzeko ideia sortzen ari zen nire buruan, eta Izaskunekin hitz egin nuen serio; azaldu nion nire egoera, paperik gabe, denbora gutxi zen ezagutu ginela… Izaskunek etortzeko esan zidan, baina airean geratu zen guztia.

Etorri zinen, ordea.

Bai, ez nintzen berehala etorri, Portugalen kontu batzuk konpondu, bukatzekoak bukatu… Rodrigo [Machado] brasildarra Zestoan bizi zen ordurako, eta nik Hotel Arocenan ezagutu nuen. Hari deitu nion, ea bere etxean gera nintekeen galdezka. Baietz esan zidan eta, hala, Izaskuni abisatu gabe etorri nintzen Zestoara. Iluntzean iritsi nintzela gogoratzen dut eta gauzak Rodrigorenean utzita, Izaskunen etxera abiatu nintzen. Ez nekien zein zen tinbrea, eta telefonoz deitu nion, eskutitz bat bidali nahi niola eta helbidea eskatuz; esan orduko jo nuen tinbrea, eta…

Hala kontatzen du Izaskunek momentua: “Ni Denisekin ari nintzen telefonoz, nire logelan. Goenkale ikusten ari ziren ama, amama eta ahizpa, pijametan. Eta tinbrea. Amak ireki zuela atea uste dut eta laurok mutu geratu ginen. Hitzik gabe. Amamak hautsi zuen isiltasuna: ‘Mari Tere, atera zartagina, honek gosea edukiko du eta’. Amamak xerra, arrautza eta patata frijituak prestatu zizkion… eta hori izan zen gure etxeko lehen harrera”.

Nolakoa izan zen hasiera?

Rodrigoren etxean pasa nituen hilabeteren batzuk, baina ez nuen lanik aurkitzen, ez neukan paperik eta. Ez zen erraza izan. Ordurako Izaskunek erosita zeukan gure gaur egungo etxea, baina eraikitzen ari ziren oraindik. Maria Angeles [Goya] eta Mitxelek [Orbegozo] beraien Zubimusuko etxea eskaini ziguten etxea bukatu bitartean bizi gintezen.

Dena den, frustratuta nengoen, bizitzarekin zer egin pentsatzen, lanik gabe… eta Izaskunek ezkontzea proposatu zidan, gehienbat paperen kontua konpontze aldera. Ezagutu eta bederatzi hilabetera ezkondu ginen, eta 22 urte daramatzagu ezkonduta.

Dena den, ezkondu aurretik lan bat aurkitu nuen, Izaskunen Debako familiaren bidez, igeltsero laguntzaile.

Paperak lortu zenituen, orduan?

Bai, ezkondu ondoren Brasilera bueltatu behar izan nuen paperak egitera. Handik bueltan Debako familiartekoarekin jarraitu nuen lanean, baina kontratuarekin. Gerora, ordea, gure alaba jaio zen, eta ordu askotako lana zen hura, goizean goiz hasi eta berandu bukatzen nuen. Lanez aldatzea erabaki nuen.. Zazpi urte egin nituen fundizioan, baina krisia etorri zen, enpresa itxi, eta lanik gabe geratu nintzen.

Zer egin zenuen orduan?

Sei hilabete pasa nituen langabezian, eta formaziorik ez neukanez, ez nuen lanik aurkitu. Desesperatuta nengoen. Izaskunekin hizketan, zerbait ikastea erabaki nuen. Kontua zer ikasi erabakitzea zen, 42 urterekin eta daukadan buru gogorrarekin. Garai hartan Elias Lizarburu ezagutu nuen, hark Elgoibarko Mekan [lanbide eskola] egiten zuen lan eta asko lagundu zidan. Hala, “Metal Eraikuntzak” goi mailako zikloa egin nuen. Bi urtez egon nintzen ikasten, asko kosta zitzaidan, baina Eliasek eta Aloñak [Iturzaeta] pila bat lagundu zidaten, larunbat eta igandetan beraien etxera joaten nintzen eskolako lanak egitera.

Eta sektore horretan aurkitu zenuen lana?

Titulua lortu eta bi astetara Itziarko enpresa batetik deitu zidaten, eta urte eta erdi egin nuen han. Izan ere, Zumaiako beste enpresa batetik deitu zidaten orduan eta, bestelako sektorea zen arren, aldatzea erabaki nuen. Zortea behar da, borrokatu bai, baina zortea ere eduki behar da. Gaur egun Zumaiako enpresa hartako jabeetako bat naiz, bazkide batekin. Ondo doakigu, lan asko daukagu, eta gustura gaude.

Brasildarra, baina bizitza erdia Brasildik kanpo, beraz.

Bai, eta hasierako urteetan asko elkartzen ginen Zestoako brasildarrak. Haiekin daukat harremanik handiena gaur egun ere; Rodrigo, Joberson, Junior…

Sustraiak mantentzea garrantzitsua da, baina bizi zaren herriaren parte izatea ere bai. Portugalen, Setubalen bizi nintzenean, beste bost brasildarrekin bizi nintzen. Geure artean erlazionatzen ginen, eta zirkulua ez zen hazten… eta bizitzan aurrera egiteko, harreman berriak egitea funtsezkoa da.

Zestoan, adibidez, elkarte bateko bazkide egiteak lagundu zidan horretan. Badira urte batzuk Ipintza Elkarteko bazkide naizela. Hor hasi nintzen Denis izaten, Izaskunen senar brasildarraz harago.

Nerea Odriozola Larrañaga

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide