Albisteak

[JARDUNIAN] Igor Eizagirre Kixkurra

Hogei urteko ibilbide luzearen ostean, botak zintzilikatzeko unea iritsi zaio Igor Eizagirre Kixkurrari (Zestoa, 1986). Pasa den maiatzaren 5ean jantzi zuen azken aldiz Zestoa futbol taldearen kamiseta zuri-beltza Iraetako futbol zelaian. Modu ezin hobean amaitu du ibilbidea, taldea mailaz igota. Kirolari lotuta ibili da beti Kixkurra: pilota, pala, futbola…

Gazte hasi zinen futbolean jokatzen
Betidanik ibili izan naiz futbolean. Lehenengo kirol eskolarrean, eta gero, 17 urterekin preferente taldean hasi nintzen. Orduan taldeko gazteena nintzen. Tartean bi denboraldi egin nituen Azpeitiko Ikasberri taldean eta gero berriro Zestoara itzuli nintzen, orain arte.
Zubiaurren hasi zenuen ibilbidea. Nola oroitzen duzu garai hura?
Zubiaurre ederra zen. Jende pila bat egoten zen beti, eta jendearen gertutasuna askoz gehiago nabaritzen zen. Asteburuan jendea kalera irteten zen, eta denak behera jaisten ziren, nork jokatzen zuen kontuan izan gabe. Elortza zaharrera hurbildu eta buila entzuten bazen, behera zuzenean.
Futbol zelaia Iraetara pasatzeak zaletuen artean eragin handia izan al zuen?
Bai, zaletasuna galdu egin zela uste dut, jendeak futbola ikustera joateko ohitura galdu zuen. Iraetako zelaia Zubiaurrekoa baino handiagoa da, eta partidak ere ezberdinak izaten dira. Iraetakoan atakera iristea zailagoa da. 20 minutu egon zaitezke alde batera begira eta ez da ezer gertatzen, eta Zubiaurren, txikiagoa zenez, saltsa zegoen denbora guztian: baloia kornerrean, faltak…
Hasieran beherakada hori nabaritu zen, baina urteekin aldatu al da?
Baietz uste dut. Azken urteetan jendeak Iraetara joateko ohitura hartu du eta azken denboraldian zer esanik ez. Kluba gazteekin lan ona egiten ari direla uste dut, futbol eskolarekin eta.
Ibilbide luzea egin duzu futbolean, zer dauka ba kirol horrek?
Taldearekin konpromiso bat hartzen duzu, eta hori oso inportantea da. Jendearekin zaude, lagunartean, afariak… Lehiatzea ere beti gustatu izan zait. Nire ustez lehiatzen duzulako hartzen duzu konpromisoa. Taldean zaude, eta azkenean besteekiko errespetua duzu. Alboan duzuna topera ari bada eta zu ez, ez zara geldituko beste aldera begira, zu ere ahal duzun gehiena ematen saiatuko zara. Antxelmo Astiarazaranek ere badu kulpa zati bat. Askotan astean bi eta hiru masaje eman izan dizkit eta horiek gabe…
Ze momentu on dituzu gogoan?
Azkenengo urtea sorpresa bat izan da niretzat. Hasieran flojo xamar hasi nintzen, eta bukaera aldera ondo jarri nintzen. Taldean ere oso ondo egon gara, urte osoan giro ona izan dugu, eta bukaera ezin hobea izan da. Hasierako urteak ere gogoan ditut, gazte zarenean eta ondo zaudenean…
Eta txarrak?
Egia esan ez dut momentu txarrik izan. Lesio larririk ere ez. Bestela lehenago utzi izango nuen.
Futbola aipatuta ze jende etortzen zaizu burura?
Asko. Jende asko ezagutu dut eta lagun on asko egin ditut, adin eta herri ezberdinetakoak. Hasieratan Iñigo Uria Arrita, urtebete zaharragoa da eta beti batera ibiltzen ginen. Alde guztietara kotxez joaten ginen eta gero han geratzen ginen parrandan. Etxe, Elortxa, Hektor… Gazte gaztetatik ondoan izan nuen Andoni Galarraga Sopas getariarra. Joseba Eizagirre Jantxi lehengusua ere bai, pilotan eta futbolean beti elkarrekin. Zaharragoekin ere akordatzen naiz, bronka botatzen zizutelako hasieran. Ikusle askorekin ere oroitzen naiz, Imanol Aranberri Xiero, Aloña Larrañaga, Aizarnako Serna…
Taldeko zaharrena izan zara azken aldian… Zuk bota al diezu bronka gazteei?
Gazteek asko errespetatu nautela uste dut, eta nik beraiek ere bai. Bronka botatzetik botatzera, eta gauzak esatetik esatera alde handia dago. Ez dut inoiz taldeko inorekin diskusiorik izan. Parrandan, agian mozkortuta baina… [barrez].
Taldean giro ona izatea ezinbestekoa dela diozu. Entrenatzaile on bat izatea ere garrantzitsua izango da, ezta?
Dudarik gabe. Entrenatzaile asko pasa ditut. Felipe getariarra, Kindos, Jon Alberdi, Txisu, Jon eta Joseba Ipintza, Mikela, Azpeitiko Omar, Ibon Telleria, Ondarruko Andres, Mutrikuko Lasa, Berdaitz, Eiza, Ander Urbieta delegatua, Xabala, eta azkenak Kepa eta Balen. Denekin oso ondo moldatu naiz, batzuk gogorragoak izan dira besteak baino, batzuekin gehiago jokatu dut beste batzuekin gutxiago… Beti oso maitatua sentitu izan naiz.
Ze desberdintasun dago hasierako Kixkurra eta bukaerakoaren artean?
Ez dakit ba… egoten jakiten dakidala orain, agian? Ez dakit… Taldeko jokalariei eta entrenatzaileari errespetua izatea da garrantzitsuena.
Iritsi da orduan amaiera, eta ezin hobeto itxi duzu zikloa. Nola bizi izan zenuen azken partida?
Astea begiko minez eta beldurrez pasa nuen… Partida iritsi arte burua jaten eta gehien bat igotzea nahi nuela pentsatzen. Erabakita nuen hiru edo lau aste lehenago nire azken partida izango zela eta ez nuen uste jokatzen iritsiko nintzenik. Azken bigarren partidan banekien utzi egin behar nuela, baina oraindik ez nuen ezer esan…
Partida bukatu zenean jendeak bero hartu zintuen
Bai, jendeak beti oso ondo tratatu izan nau, bai kalean, baita taldean ere.
Erabaki zaila izan al da?
Urte hauetan guztietan asko disfrutatu dut. Orain uzteko momentua iritsi da eta gustura nago. Futbolaren onena entrenamendu ostean amarenean afaltzea izan da; Iraetan entrenatu, amarenean ederki jan eta etxera.
Nola hartu zuten taldekideek?
Usaina hartzen ziotela uste dut, tokatzen zen.
Eta familiak?
Lehen amak esaten zidan, -utzi ezak, mina hartuko dek eta-… baina aspertu zen hori esaten. Utziko nuela esan nienean -bazen garaia- edo horrelako zerbait bota zidaten. Beti izan dute pazientzia nirekin, Izaskunek eta etxeko denek.
Zure hutsunea atzemango dute aldagelan, ezta?
Adar jotzeak eta nik uste dut baietz. Beti joango naiz partidak ikustera, klubari lotuta jarraituko dudala uste dut. Kepa eta Balen entrenatzaileekin oso gustura bukatu dut, eta taldekideekin ere bai. Kategori bat gorago izango dira datorren urtean, urte gogorra izango dute. Saiatuko naiz tarteka entrenamenduetara joaten, animoak ematen.
Ez zara guztiz “desintoxikatuko” orduan
Ez dut uste, hor jarraituko dut modu batera edo bestera.
Futbol zelaian betidanik ibili zara, baina baita frontoian ere
Iraetan txiki-txikitatik hasi nintzen frontoian. Beti Arrita lagun minarekin. Itziarren ibili ginen urte batzuk beranduago. Ni ez nintzen oso ondo ibiltzen, baina Arrita bai, eta berari laguntzeagatik joaten nintzen, askotan, bikotea behar zuenean eta. Herriarteko txapelketan ere ibili ginen. Urtzi Landa lehengusuarekin ere txapelketa batzuk irabazi nituen, beti batera ibiltzen ginen. Txokoko txapelketan ere jokatzen genuen hasieran, erraz irabazten genuen. Pilota munduan Xabier Iriondok gomendio on asko eman izan dizkit.
Palan ere aritu zara
Bai, teniseko pilotarekin, lauaren barruan. Lehen txapelketa egiten zen, oso gogorra izaten zen, inguruko onenak apuntatzen ziren.
Urte batzuk badira txapelketa egiten ez dela. Palarekiko afizioa galtzen ari al da?
Esfortzu handia eskatzen du txapelketa horrek. Banakakoa da, eta jendeak nahiago izaten du lasaiago jokatu agian…
Txokoko txapelketak, berriz, hor jarraitzen du urtez urte
Horrek etorkizuna duela uste dut, jendea txokora azkar engantxatzen da. Eguraldi ona, uda hasiera… Pala zailagoa da, fisikoki ondo ez bazaude…
Futbola utzita, pilotan jarraitu beharko duzu orduan!
Pilota ez dut utziko, hor sartu beharko dut orain. Mazizan federatzea ere pentsatzen ari naiz, ez dakit oraindik, zerbait egingo dut…

 

Itsaso Waliño




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide