Paperekoa

Jardunian: Iñaki Odriozola Larrañaga

Tesiak zientzialari bihurtzeko balio izan dit”

Txikitan, dinosauroak omen zituen gustuko Iñaki Odriozolak. Jostailuzko dozenaka dinosauro ba omen dauzka, oraindik ere, etxean gordeta. Mutil koskorretan mendirako zaletasuna piztu zitzaion anaia eta lagunen konpainian. Eta horrela, ibili-ibilian, Biologia ikasketak hasi zituen. Orain, berriz, urteak hirunaka-hirunaka pasatzen hasi aurretik –alegia, 30 urte bete atarian– Biologian doktore egin da, duela egun gutxi doktore-tesia defendatu ondoren.

Aralarko larreetan ibili da gure mutila, hango lurrak eta landareak aztertzen, baina dinosauroen ordez zaldiak izan ditu lagun, bere dunba hots eta guzti. Une batean, elkarri begira geratu dira, lasai antzean biak ala biak, elkarrekin solas ederrean baleude bezala. Ez dakigu zer esan dioten elkarri. Zaldi simaurren antolamendua ikusita, bistakoa da Iñaki dabilela besteren terrenoan eta ez alderantziz. Ez du ematen, hala ere, elkarrekin haserretuko direnik. Ez al du, bada, zalditik pixka bat gure protagonistak? Mendia, askatasuna…

Zail samarra egin zaigu guri –letra kontuetan hor nonbait baina zientzia gauzatan hutsaren hurrengoa garenoi– den-dena ondo ulertzea baina merezi du irakurtzen jarraitzeak. Guretzako zelai arrunta izan daitekeen Aralarko ipurdia bete sailean mundu bat dago-eta!

Zein da doktore-tesiaren gaia edo izenburua?

Bada, larratzearen eragina mendi-larre atlantikoen funtzionamenduan eta biodibertsitatean.

Uf…! Azal iezaguzu horrek zer esan nahi duen.

Aralarko larreetan lau itxitura ipinita zeuden orain dela hamar urtetatik. Nire tesi zuzendariak, unibertsitatean plaza atera zuenean, jarri zuen martxan esperimentua. Itxitura horiek ganadua ez sartzeko modukoak dira, 50 x 50 bat metrokoak, eta hor egon dira 10 urtean ganadurik gabe; beren ondoko guneetan, berriz, ganadua normal ibili da larrean. Egoera horretan, nik barruan eta kanpoan hainbat neurketa egin ditut hainbat gauzekin erlazionatuta: lurraren funtzionamenduarekin, nutrienteen zikloari lotuta, uraren edukiak nola eragiten duen, lurraren tenperatura… horrelako gauzak.

Eta bestalde, larrearen dibertsitatea, landareak nola aldatzen joaten diren, itxitura egite horrek nola eragiten duen… Azkenean ikusi nahi da larratzea bertan behera uzteak, abandonuak, zer eragin daukan.

Eta zer ondorio atera dituzu?

Nik ikusi dut larre horiek hainbeste milaka urtean abeltzaintzarako egon eta gero (pentsatzekoa da gizakia bertara iritsi aurretik ere herbiboro basatiak egongo zirela, badakigu baietz), bada ikusi dut, larre horiek oso egokituta daudela abereen larre izateko.

Ikusi dut, bestalde, ganadua kendutakoan –nahikoa da hamar urte– aldaketa nahiko handiak gertatzen direla. Batetik, funtzionamenduari dagokionez, ikusten da belarra hazi egiten dela, eta ganadurik ez dagoenez, biomasa pilaketa bat gertatzen dela itxitura horietan; eta lurzoruan ere, biomasa kapa bat (belarra, bizia nahiz hila) pilatzen joaten da eta horrek eragiten du lurrazpiko tenperatura askoz egonkorragoa izatea, belar biomasa horrek isolatu bezala egiten duelako; azkenean tenperatura hotzagoa geratzen da.

Beraz, belarra hazten joateaz aparte, lurrari nolabaiteko belar azala egiten zaio ezta?

Bai, horixe da. Gero zera gertatzen da: hor dauden landareen artean, batzuk, argiagatik lehiatzeko aukera handiagoa daukatelako, hasten dira leku guztia inbaditzen eta beste espezie batzuen lekua hartzen. [Landare] horiek, inbaditzen dutenak, edukitzen dute belar kalitate txarra (karbono asko nitrogenoarekiko, proteina gutxi, deskonposatzeko zailagoa den materiala…). Eta orduan gertatzen da, ganaduaren simaurrik ez dagoenez eta lurzoruaren tenperatura baxuagoa denez, lurreko mikroorganismoak-eta nekezago ibiltzen direla eta nutrienteen zikloa moteldu egiten dela. Funtzionamendua, nolabait okerragoa da, inpaktu bat bezala da lurrean. Lurra baldintza batzuetara egokituta dago, larratzera, eta derrepente baldintza horiek aldatzen dira eta esan dezagun funtzionamendua nekezagoa dela.

Eta landare dibertsitateari dagokionez, zer gertatzen da?

Dibertsitate aldetik berdin. Esan dugun bezala, landare batzuk daude altuera azkar hartzen dutenak eta zabalerako ere gaitasun handia daukatenak. Horiek, ganadua egonez gero, txiki mantentzen dira, baxu-baxu egoten dira eta argia landare guztiengana iristen da. Orduan, eremu berdinean askoz ere belar espezie gehiago bizi daitezke. Itxitura egiten denean, ordea, nahiko azkar gertatzen da espezie galera. Nik 20 bat metroko eremuak aztertu ditut, eta 50 landare motako eremua izatetik 15 batekoa izatera pasa daiteke.

Hortik abiatuta, ekologiari buruzko zein gai sakondu dituzu?

Esate baterako, dibertsitateaz hitz egiten dugunean, kontuan hartu behar da ekologian dagoen debate bat dela. Adibidez, eboluzioaren teoriak esaten du espezieak ari direla etengabe eboluzionatzen eta ari direla lehiatzen elkarren artean. Orduan, prozesu hori milioika urtez gertatu eta gero, ematen du irabazle batzuk bezala egon beharko luketela, superkonpetidore batzuk, munduko espezie denak menderatuko lituzketenak. Baina ikusten dena da munduan komunitateak oso aberatsak direla. Aralarren 20 metroko gune batean 50 bat espezie elkarren ondoan bizi badira, zera esan liteke: nola liteke hainbeste espezie bizitzea elkarrekin lehia bizian ari badira?

Eta hortik abiatzen dira koexistentziaren teoriak, alegia, zer mekanismok errazten duten espezie horiek denak elkarrekin bizitzea. Nik Aralarren oso eremu txikian egindako mapeo batzuk dauzkat: 50 x 50 cm-ko 600 karratu. Oso zehaztuta belarrez belar, eta gero lurrazpiko baldintzak edo aldagaiak (ph-a, nutrienteak neurtuta).

Mekanismo batzuk daude zeinak espezieen lehiatzeko ahalmena parekatzen duten. Adibidez, ganaduak landare bakoitzak argia lortzeko duen aukera berdindu egiten du. Gero daude nitxo moduko mekanismoak: nahiz eta elkarren ondoan egon, mekanismo horiek ahalbidetzen dute landareek elkarrekin hain gogor ez lehiatzea. Adibidez, metro gutxian ematen du lurra berdina dela baina aldaketak topa daitezke: kareharria toki batean irtenago eta bestean sakonago badago, bi leku desberdin lortzen dira. Landare batzuk eremu batean erosoago daude baina besteak beste batean; ondoan egon daitezke baina banatuta.

Zerk eraman zintuen biologian eta doktore-tesian sartzera?

Biologiako ikasle nintzela, elkarte bat sortu genuen eta ibili gara hortik zehar; webgune bat sortu genuen (www.euskalnatura.net) eta horrez gain hasi ginen irteerak antolatzen unibertsitatean –aurrena geuretzat, eta urtetan joan gara ikasleak eramaten, mendira eta horrela– eta gero eta gehiago sartu nintzen biologia munduan. Udako Euskal Unibertsitateko Natur Zientziatako Sailaren gidaritza ere guk daramagu elkarte horren bidez.

Gero master bat egin nuen, saguzarrak ikertu nituen. Ondoren, ikusi nuen nire tesiaren zuzendaria izango zenak proiektu bat zeukala mendiko larreetan eta mendiko lan bat zela, eta animatu ninduen; pentsatzen nuen gauza asko ikasiko nituela prozesu hartan eta horrela sartu nintzen tesian. Nik orain lau urte ikusten nuena eta orain izan denak ez dauka zerikusirik. Niretzat nire bizitzako ikasketa prozesu esponentzialena izan da, askogatik. Gero, berriz, Natur Zientzietan estatistikaren erabilerari buruzko ikastaroak ere eman izan ditugu Aitor Larrañaga zestoarrak eta biok (bera ere Biologian doktore da).

Zein hizkuntzatan egin duzu tesia?

Nik tesi guztia ingelesez egin dut eta gero euskarara itzuli dut. Tesiak nazioarteko maila izateko, zati handi bat ingelesez izan behar du eta, gainera, lanerako behar nuen informazio guztia ingelesez dago. Nik nire tesia nazioarte mailakoa izatea nahi nuen baina beka-kontratua jasotzeko baldintza zen euskaraz izatea. Euskarara itzultzerakoan, batez ere terminologian izan ditut buruhausteak, hitz berriak sortu behar izan ditudalako.

Eta hemendik aurrera…

Bueno, aurrena esan behar dut niri tesiak zientzialari bihurtzeko balio izan didala. Orain, hemendik aurrera nik nire burua zientzialaritzat daukat. Eta asko gustatzen zait. Aurrera begira, beka-kontratu bat eskatu dut Alemaniara joateko, bi urterako. Urte hasieran joango nintzateke, beka emanez gero behintzat. Espezieen koexistentziaren kontuarekin segituz esperimentu bat egiteko asmoa dut. Eta hori egiteko Bavaria aldera noa, han oso azpiegitura onak dauzkate-eta…

Garai batean doktore-tesi bat eginda, lanpostu bat aurkitzen zenuen eta bizitza osorako. Gaur egun ez dago horrelakorik, ezta?

Ez, ezta pentsatu ere. Mundu mailan jartzen baduzu helburua, edukiko dituzu kontratu motzak baina kontratu onak. Hemen ezta hori ere. Hemen ari gara formatzen zientzialariak baina gero ez dago zientzialari horiek hartzeko sistemarik. Unibertsitatean, plaza finkoa daukatenek baldintza onak dauzkate baina beste denek oso txarrak. Oraintxe bertan, unibertsitatean ordezkapen bat egitera joaten zara, lanaldi erdian, eta 500 euro baino gutxiago kobratzen dituzu. Irakasgai bat ematen dute, irakasgai horren kargu egin eta hortxe dago kontua; azkenean ez dakit zein den soluzioa. Plaza finkoa lortutakoan ematen du errege izango zarela baina lortu arte puteatuta eta esplotatuta zaude. Adibidez, lanaldi osoko lanpostu batean, eskola emateko eta ikerketarako soldata ematen dizute, erdi eta erdi. Lanaldi erdia baldin baduzu, ordea, ikerketarena kendu egiten dizute eta bakarrik irakaskuntza ematen dizute.

Ordezkapenetan dauden denek daukate izugarrizko beharra eta presioa ikerketa egiteko zeren hemen ezin duzu egon gora begira. Ni orain langabezian nago baina artikuluak idazten segitzen dut. Ezin zara geratu, bestela atzean geratzen zara. Lagun batek esaten zidan: Gaur egun Espainian ikerketa gehien finantzatzen duen erakundea INEM da! [barrez].

* * *

Egoera ez da batere erraza baina pozik dago Iñaki, egindako lanarekin. Eta orain gainera, Biologiak izan dezakeen altxorrik handiena du eskuartean, bizitza: ondo bidean, hilabete batzuk barru jaioko zaie ume txikia. Dinosauroek badute, beraz, jabe berria. Zorionak!




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide