Albisteak
[JARDUNIAN] Lide Jimenez Bujanda. Saguzarrek badute lagun bat Aizarnan
— 2023-11-16Medikuntza ikasteko gogo izugarria bai, baina nahikoa nota ez eta biologiako lizentziaturan eman zuen izena Lide Jimenez Bujandak, urtebete beranduago berriz selektibitatea egiteko asmotan. Bi aste iraun omen zion penak, izugarri gustatu baitzitzaizkion hasitako ikasketak eta horri lotuta egin ditu lan munduko lehen pausoak: saguzarren ikerketan, hain justu.
Biologia ikasi eta praktikak animaliekin egin nahi zenituela garbi zenuela diozu.
Bai, naturarekin kontaktuan lan egin nahi nuen eta ugaztunekin. Horretarako aukera bakarra saguzarrak zirela-eta horrtan hasi nintzen, aurrena ikasle-laguntzaile moduan: mendira joan, irrati bidez saguzarrak jarraitu, non harrapatu aztertu… Gero masterreko lana ere arlo horretara bideratu nuen eta Eusko Jaurlaritzak martxan zuen saguzarren kontserbaziorako proiektuaren ardura hartu nuen. Helburua zen jakitea EAEn zenbat saguzar zeuden eta haien kontserbazio egoera zein zen.
Lan horretan sakontzen aritu nintzen hurrengo bost urteetan, Eusko Jaurlaritzak kontratatuta. EAEko saguzarren egoeraren ebaluazioa, balorazioa eta ekintza plan bat egin genituen. Babesleku handiak aztertu genituen. Saguzar talde ahalik eta handienak aztertzen ibili ginen, kolonia handiak, animalion populazioa neurtzeko eta egoera baloratzeko.
Zein kopuruz ari gara kolonia handia diogunean?
100-150etik gorako koloniak. Baina saguzar espezie guztiak ez dira kopuru handietan elkartzen. EAEn 27 saguzar klase badaude, bospasei izango dira talde handietan elkartuta ibiltzen direnak. Beste gehienak bakanagoak dira.
Gaur egun ez zabiltza ikerketan, irakaskuntzarako saltoa eman duzu.
Momentu honetan Bigarren Hezkuntzan eta Lanbide Heziketan ari naiz irakasle lanean, bai. Lana eta semearen zaintza tartekatzen ditut.
Dibulgazioa maite dut eta gazteekin harremana izatea. Klasean egotea asko gustatzen zait. Baina hezkuntza sistemarekin ez naiz oso eroso sentitzen, nola funtzionatzen duen ordezkapen kontuak-eta… Nik gelan asko eman nahi izaten dut eta iruditzen zait hori ezinezkoa dela dagoen lan-karga kontuan hartuta. Ezinezkoa da hogeita hamar ikasleko klaseetan bost irakasgai emanda, hezkuntza duin bat eskaintzea.
Biologiako klasea gidatzea egokitzen zait batzuetan, baina beste edozer gai toka liteke. Kasu horietan ikasleekin zintzotasunez jokatzen ahalegintzen naiz: “ni ere berria naiz honetan, ez dut sekula gai hau eman eta zuek adina dakit, beraz, denon artean egingo dugu eta joango gara aurrera; eta erantzun bat ez badakit bihar ekarriko dut, baina zuek ere bai”. Uste dut jarrera hori orokorrean ikasleek eskertu egiten dutela. Harrokeriarik gabe.
Aizarnako saguzar gauean ere egin duzu dibulgazio lana, ezta?
Bai, duela bi urte egin genuen lehen aldiz. Aurreneko partean saguzarrei buruzko informazio pixka bat eskaintzen dugu, orokorra eta Euskal Herriko espezieei buruzkoa. Bigarren partea praktikoagoa izaten da. Saguzarrak ekolokalizazio deitzen den sistema bidez orientatzen dira. Gizakiok aparatu berezirik gabe entzun ezin ditugun ultrasoinuak dira ekolokalizazioak. Beraz, aurrena entzumen-jolas txiki bat egiten dugu eta gero, saguzarren ultrasoinuak gizakiontzat entzungarri egiten dituzten aparatu berezi batzuk eramaten ditut, ibilalditxo bat eginez animaliok entzuteko asmotan. Ikusi eta entzun. Frontalekin eta detektoreekin ibiltzen gara; saguzarrak jendearengana gerturatzeko modu polita da.
Ez zaizu iruditzen jendeak beldurrarekin, banpiroekin, gaixotasunekin… lotzen dituela animalia hauek?
Ezjakintasunagatik dela esango nuke. Munduan 1.200 espezie ezagutzen dira eta EAEn 27 dauzkagu, gurean denak intsektujaleak, ba al zenekien? Odola zurrupatzen duten saguzar banpiroak ere badaude, baina Erdialdeko Amerikan eta Hego Amerikan bakarrik eta hiru espezie dira. 1.200etik hiru.
Ikuspegi negatiboa dugu: animalia itsusiak omen dira; odolarekin lotzen ditugu; ustea dago habiak egiten dituztela teilatuetan eta egiturak karraskatzen dituztela… Baina ez dute egiturarik eraldatzen, dauden zirrikituak erabiltzen dituzte. Kaka eta txiza egiten dute, hori bai, eta ulertzen dut gogaikarria izan daitekeela. Baina onurak handiak dira. Intsektu pila bat jaten dute: eltxoak, sitsak, armiarmak…
Emaidazu datu bat.
Ehiza gau batean saguzar batek bere pisuaren % 30 jan dezake intsektutan. Daubenton saguzarraren kasuan, udaberritik udazkenerako tartean 60.000 eltxo jan ditzake. Kolonia osoa kontuan hartuz, ehunka tona eltxo.
Atera kontuak ekosistemaren oreka mantentzeko zer lan egiten duten.
Munduko saguzar guztiak ez dira intsektu jaleak.
Ez, hemengoak bai, baina Ameriketan, esaterako, badira saguzar fruta-jaleak eta horiek zuhaitzen ugalketan laguntzen dute; fruta jan eta beste leku batean fruta horren haziak kakatan botatzen baitituzte, haziak zabalduz. Badira saguzar polinizatzaileak ere eta zenbait landare-espezie saguzarrek polinizatuta bakarrik ugaltzen dira: tekila egiteko erabiltzen den saguaro kaktusa, adibidez; saguzar konkretu baten migrazio garaian loratzen da eta saguzar espezie hori nektar-jalea denez, hark polinizatzen ditu kaktus horiek.
Beraz, tekila gustuko duenak, zaindu ditzala saguzarrak!
Biodibertsitatea jasaten ari den galeraren aurrean, zein egoeratan daude Euskal Herriko saguzarrak?
Euskal Herriko zenbait saguzar espezie desagertzeko zorian daude, beste zenbaitek, berriz, hobeto jakin du egoera berrietara egokitzen. Baina denak mehatxupean daude eta denak babestuta.
Habitat galera handia dago, pertsonok okupatu egin dugulako natura. Bake gutxi daukate animaliek. Espazioa behar dute; ehizatzeko lekuak behar dituzte, edatekoak, ugaltzekoak… Ehizatzeko lekua edukitzeak esan nahi du presak ere bere espazioa behar duela, eta zirkuluan sartzen gara.
Saguzarrek, gainera, babeslekuak behar dituzte. Kumatzeko garaian lasaitasun handia behar dute, hibernaziorako ere bai, eta beren bizi-zikloa babeslekuei oso lotuta dago. Hezetasunari, neurriari eta tamainari dagokionez ezaugarri zehatz batzuk behar dituzte eta ez daude babesleku egoki asko.
Badaude gizakien eraikinetan eroso bizi diren espezie batzuk; elizako bobedetan edo baserrietako ganbaretan, adibidez. Baina espezie horiek eraikin horren jabearen erabakien guztiz menpe geratzen dira, edozein momentutan erabaki baitezake saguzarrak kanporatzea, intsektizida tratamendu bat egin eta animaliok hiltzea…
Zer egin dezakegu saguzarren alde?
Aberastasuna bilatu, elkarbizitza zaindu eta intsektizidarik ez erabili. Geroz eta intsektu gehiago eduki, animalia gehiagok intsektu horiez elikatu ahal izango dute.
Ebroko Deltako arroz-soroetan, adibidez, 2000ko hamarkadan arrozak ematen zituen irabaziak baino diru gehiago gastatu zuten intsektizidatan. Gastua etekina baino handiagoa zen, arroza jaten zuen sits bat zegoelako. Urte horietan arrozaren ekoizpena intentsifikatu ahala, bertako zuhaitzak eta flora suntsitzen joan ziren, horrekin batera fauna ere hilez; desoreka bat sortuz.
Nola lortu zuten arazoarekin bukatzea? Saguzarrentzako etxeak eraikiz. Zuhaitzak simulatuz, etxetxoak jarri zizkieten saguzarrei eta lortu zuten intsektizidarik gabe arrozaren ekoizpenarekin jarraitzea, saguzarren populazioa berreskuratuz.
Beraz, zer egin dezakegu?
Ahal dela ez kendu elikagaiak intsektizida bidez, oreka mantentzen laguntzen baitute. Eta babeslekuak zaintzen ahalegindu. Baserrietako ganbarak, elizetako bobedak, kobazuloak… Badakit dena ezin dela, baina badaude akaso zaintzea merezi duten leku jakin batzuk. Legez babestuta daude, baina baliabideak falta dira lege horiek betearazteko.
Uste dut askotan ez garela kontziente zer garrantzia duten leku horiek, ez garela jakitun babestuta daudela… eta agian informazioa emanez gauza batzuk alda litezke. Etxeko ganbaran saguzarrak dituena arduratuta egon liteke teilatua puskatuko diotelakoan eta azaltzen bazaio ez dutela eraikinetan kalterik egiten, agian bertan utziko ditu lasai; edo akaso animalion kakak ematen dizkio arazoak eta urtean behin ganbara garbitzeko laguntza emanda konpon liteke. Hori esan nahi dut baliabideak eskaintzea diodanean. Edo kobazuloen kasuan, urte osoan ez bada ere, kumatze- eta hibernazio-garaian jendea ez sartzeko itxiturak jarri litezke, saguzarrei beharrezko duten lasaitasuna bermatzeko.
Ebroko Deltako etxolak aipatu dituzunean Yoga etxearen ondoan jarritakoarekin gogoratu naiz.
Urte askoan Yoga etxearen azpiko garaje batean bi saguzar espezie kumatu izan dira. 150-400 indibiduoko taldea egoten zen udan eta bertan izaten zituzten umeak.
Baina bukatu egin zaie bertan egoteko aukera. Gu horrelako kasuetan saguzarrak ez botatzeko konbentzitzen ahalegintzen gara. Hori bailitzateke, nire ustez, egokiena: berek aukeratuta duten tokian mantentzea. Baliabideak eskaintzen saiatzen gara. Baina bertan geratzea aukera bat ez denean, geratzen den alternatiba bakarra da umeak izatera datozenean sartzen ez uztea; behin barruan egonda ezin baitira kanporatu.
Kasu honetan hori egin da. Aurten ez zaie sartzen utzi eta Naturtzaindia elkarteak etxola hori eraiki du aldamenean, saguzarrei beste aukera bat eskaintzeko, leku hori oso maitea baitute. Halere, ez dira etxolan sartu, ez dute toki hori aukeratu.
Eta ez badugu egiten, nora goaz?
Pobreziara. Eta horrek ondorio handiak dakartza, desoreka handiak. Ahaztu egin zaigu faunarekin eta florarekin milioika urteko elkarbizitza bat izan dugula eta uste dugu guk daukagula konponbidea. Desoreka sortzean, guk daukagu konponbidea, momentukoa, azkarra, sinplea eta egokia: intsektizida. Eta horrek beste arazo batzuk ekarriko dizkigu. Gakoa aberastasuna da.
Itsaso Zubiria
Egin zaitez bazkide