Urtarrila 2026
— 2026-02-10Irakurri 278. zenbakia hemen.

Pertsiana betiko itxi eta 24 ordu pasa aurretik hartu naute Mari Karmen Eizagirrek eta Luis Azkuek beren etxean, Txoko tabernan. Urte asko eman dituzte Erdikalea zaintzen eta orain erretiroa hartzeko unea iritsi zaie. Bizitza osoa eskaini diote tabernari, eta orain bide berria hasiko dute.
Tabernako pertsiana jaitsi zenuten atzo iluntzean. Nola esnatu zarete gaur?
Luis: Biharamun emozionalarekin esnatu gara, hunkituta. Agur festa oso ondo joan zen, jendea oso ondo portatu zen.
Mari Karmen: Ni oso goiz esnatu naiz gaur. Arraro sentitu naiz, ez nekien zer ari nintzen bizitzen. Atzo ere antzeko nengoen, beno, azken hilabetea horrelaxe joan da.
Noiz hartu zenuten erretiroa hartzeko erabakia?
Mari Karmen: Santakutzak pasa ondoren hartu genuen erabakia. Gadeak martxoan esan zigun haurdun zegoela eta ikusten genuen horrela ezin genuela jarraitu. Gu ere adinean aurrera goaz eta erabakia hartu behar genuela esan nion Luisi. Hobe da modu elegante batean agur esatea lurretik arrastaka baino, eta uste dut lortu dugula.
Luis: Bagenekien bukaera iritsiko zela baina ez genekien noiz. Erretiratuko ginela erabaki genuenean egunik onena zein izan zitekeen pentsatzen hasi ginen. Mari Karmenek urteko azken egunera arte jarraitzeko esaten zidan, baina nik ezetz.
Azaroaren 30ean azkenean.
Luis: Gadeak abendu hasierarako espero zuen haurra eta ordurako amaitu behar genuela garbi neukan. Azaroak 30a proposatu nion Mari Karmeni: Santa Zezilia, kintadak… pasa ondoren, eta azkenean, egun horixe aukeratu genuen.
Nolakoa izan zen azken eguna?
Mari Karmen: Egun zoragarria izan zen. Jende pila bat etorri zen: familia, bezeroak, txaranga… Orain sentsazio gazi-gozoa daukagu, bukatu da eta orain hasiera berri bat daukagu aurretik.
Luis: Bertigoa ematen du. Ea zer egiten dudan… eginkizunak bilatu behar ditut.
Azken egunean ere txarangaren doinuez inguratuta egon zineten.
Mari Karmen: Guretzat txaranga eta banda beti oso garrantzitsuak izan dira. Bandako jendeak asko eman digu eta azken egunean ere txaranga ezin zen falta.
Bonboa hartzera ere animatu zinen.
Mari Karmen: “Ixto” etorri zen bonboa jo behar nuela esanez. Lotsa ematen zidala esan nion, baina azkenean konbentzitu ninduen. Luisek ez zekien ezer eta han azaldu nintzen bonboa hartuta Erdikalean behera taberna barrura.
Luis: Sekulako sorpresa izan zen, oso polita.
Amabirjinetako azken egunean bandakoek omenaldia jaso zenuten. Hunkituta ikusi zintuztegun.
Mari Karmen: Ez genuen inondik inora espero. Pasodobleak ikusten ari ginen leihoan eta bat-batean denek buelta eman eta gure etxera begira jarri ziren. Uste nuen goiko Gloriari ari zirela eta guri ari zirela konturatu ginen. Lotsatuta barrura sartu nintzen. Oso emozionatuta nengoen, ezin sinetsita.
Luis: Benetan ederra izan zen, hitzik gabe gelditu ginen, oso hunkigarria izan zen.
Lotura handia duzue bandarekin.
Mari Karmen: Betidanik, nire ama bizi zenean ere bai. Garai hartan banda ez zen hain handia, eta imajinatu, hemen barruan jotzen zuten Santa Zezilia egunean. Guretzat kristorena da. Banda entzuten dudan bakoitzean suak itzali eta korrika irteten naiz kanpora. Sekulako harremana izan dugu beti bandarekin eta txarangarekin.
Luis: Bandakoak beti egon dira hemen bueltaka. Elkartean afaria egiten duten bakoitzean gero hona etortzen dira. Beraiek sortutako kantu zerrenda bat daukate hemen gordeta eta etortzen diren bakoitzean horixe jartzen dugu. Oso gustura egoten gara, asko estimatzen ditugu.
Zergatik uste duzue izan dela hori?
Mari Karmen: Ba ez dakit, beraiek ere horrelakoak direlako, ez diogu buelta gehiegirik eman. Gurea beti izan da taberna irekia, etxea. Ateak beti irekita egon dira, gurekin eta baita nire gurasoekin ere.
Gurasoak aipatu dituzu, goazen hasierara.
Mari Karmen: Nire ama hona neskame etorri zen, Endoiako Beliosoro tabernakoa zen. Hemen lehen beste familia bat zegoen eta tabernak Bekotxoko izena zuen. Ama haiekin egon zen lanean eta geroago estazioko Geltoki tabernara joan ziren. Ama eta aita garai hartan ezkondu ziren eta taberna hartu zuten “traspasoan”. Gu denok hementxe jaio ginen. Beno, Amaia, ahizpa zaharrena Donostian, baina amak esan zuen ez zuela haur gehiago izango han eta beste guztiok hementxe jaio ginen.
Anai-arreba asko zineten, etxea beti jendez beteta izango zenuten.
Mari Karmen: Bai, egia da, gure etxea beti jendez beteta zegoen. Bost anai-arreba eta gurasoak. Gainera apopiloak ere izaten genituen. Hemen egiten zuten lo eta gero lanera irteten ziren.
Estu baina denak sartuko zineten…
Mari Karmen: Gela batean bost ume eta bi neskame sartzen ginen. Zazpi pertsona gela batean eta bestean ama eta aita eta ume txikiena. Hemen hazi eta hezi gara denok. Gero garai zailak etorri ziren. Ama 82an hil zen. Aita lur jota gelditu zen, oso gaizki pasa zuen eta 85ean hil zen. Gero anaia 89an auto istripuan. Guretzat oso urte gogorrak izan ziren, dena aldatu zen. Ama joan zenean nik bere papera hartu nuen, Gadea jaio arte denen “ama” izan nintzen.
Mari Karmen hemen jaiotakoa da, baina noiz iritsi zinen zu, Luis?
Luis: Mari Karmenekin 80. urtean hasi nintzen. 82an langabezian gelditu nintzen eta askotan etortzen nintzen hona bere aitari laguntzera, batez ere asteburuetan. Oso gaztea nintzen, 22 urte nituen orduan. Aita hil ondoren pixkanaka denak joan ziren eta biok gelditu ginen hemen.
Noiz hartu zenuten taberna bion kargu?
Mari Karmen: Ezkondu ginen urtean, 93an. Errentan hartu genuen guk ere, ordura arte zegoen bezala, Azpeitiko bi ahizpena zen. Obra egin genuen eta, gainera, guk ordaindu behar izan genuen. Ez ziren batere ondo portatu gurekin, asko sufritu genuen.
Luis: Taberna beranduago erosi genuen, 2000. urtean.
Nola gogoratzen dituzue garai haiek?
Mari Karmen: Langabezia handia zegoen, enpresa asko itxi ziren. Kalea bete jende, gizonez beteta.
Luis: Mundu guztia kalean zegoen.
Ez dut imajinatzen Erdikalea astearte eguerdi batean jendez gainezka.
Luis: Ba pentsa, eguerdian 30 plater izaten nituen prest barra gainean kafeak azkar ateratzeko. Kuadrilla bakoitzak kafea hartzeko bere taberna zeukan.
Mari Karmen: Garai hartan jendea kalean zegoen. Etxeetan ere orain baino jende gehiago bizi zen eta denak kalera irteten ziren. Tabernan pasatzen zuten denbora: lagunekin, telebista ikusten… Orduan asko erretzen zen eta etxeetan erretzea gustatzen ez zenez, denak tabernara etortzen ziren. Mahai jokoak ere bagenituen eta hemen aritzen ziren partxisean, Pictionaryn, karta-jokoan…
Eguneroko poteoa existitzen zen orduan.
Mari Karmen: Bai, noski, baina hori ere galdu egin da. Lehengo poteatzaile figura hori gaur egun ez da existitzen. Beno, lau bat gelditzen dira, baina falta diren egunean ez dute jarraipenik izango.
Eta asteburuetan?
Mari Karmen: Jendea asteburuetan ez zen inora joaten, denak hemen gelditzen ziren. Ez zegoen kanpora joateko batere ohiturarik.
Noiz bukatu zen hori?
Mari Karmen: Nik uste dut zuek jaio zinetenean bukatu zela (Gadea eta niri seinalatuz). Play Station eta horrelakoak modan jarri zirenean eta bakoitzak bere gelan telebista izaten hasi zenean amaitu zen kaleko eguneroko giroa. Jendea etxean gelditzen hasi zen.
Eta azken urtetako egoera zein izan da?
Mari Karmen: Pandemia garaian gazteak oso oso ondo portatu zirela uste dut. Haiengatik ez balitz, hau hilda egongo litzateke. Herria alaitu eta zulotik ateratzen lagundu zuten. Gazteak hemen gelditzen hasi ziren eta horrek alaitasuna eman zion herriari.
Eta horrek orain arte jarraitu du?
Mari Karmen: Uste dut berriz ere lehengora itzultzen ari dela. Jendea gehiago joaten da kanpora. Pare bat kuadrilla gelditzen dira hemen, baina gehienak kanpora joaten dira: Azpeitira, Azkoitira… Horretarako erraztasunak daude. Dirua dute, autobusak, taxiak… Gaur egungo gazteak beste era batera funtzionatzen dutela uste dut. 12 urterekin Azpeitira joaten dira ikastera eta ez dakite herrian ibiltzen. Lehenengo parrandak kanpoan egiten dituzte: santotomasak, sanandresak… Orain oso desberdina da, denbora gutxian asko aldatu da.
Ohiturak aldatu dira.
Mari Karmen: Bai, egungo gazteak ez dira tabernan gelditzen, gauzak asko aldatu dira. Orain larunbat iluntze batean 22:30ean etxera joaten dira, “zertara?” galdetzen diet nik. Askotan bakoitza bere etxean egoten da, elkarrekin Whatsappez hitz egiten. Guretzat hori pentsaezina zen. Ohiturak aldatu dira, jendeak jada ez du poteatzen, ia beti eserita egoten gara.
Pandemiak izango zuen eragina horretan…
Luis: Erabat. Lehen poteatzen ibiltzen zen jendea, tabernaz taberna zuritoak edaten eta pandemia iritsi zenean, tabernan tente egon ezin zenez, esertzen hasi zen jendea eta zuritoa eskatu beharrean kaña eskatzen.
Izango duzue beti kontatzen duzuen anekdotaren bat.
Mari Karmen: Puf, pila bat… Gogoratzen naiz umeak ginela nola behin motorrarekin etortzen zen auzotar bat zeharo mozkortu zen. Gure amak sukaldean jaso zuen eta hortxe egon zen lo. Gu hurrengo egunean esnatu eta gosaltzera gindoazela amak ez begiratzeko esaten zigun eta hortxe zegoen bestea, lo… Horrelako asko.
Txokoko parrandak ere ezagunak dira.
Luis: Bai, bai, orduan jende asko ibiltzen zen.
Mari Karmen: Goizeko 5:00ak aurretik ez zen taberna ixten. Beno, pertsiana bota bai, baina itxi ez. Gero denak portaleko atetik irteten ziren. A ze oroitzapenak!
Hutsune handia atzemango da Erdikalean.
Mari Karmen: Bai, eta pena handia ematen digu. Gu beti oso kalekoak izan gara, Erdikalekoak eta gure taberna itxita hutsune nabarmena egongo da.
Tabernan interesa agertu duenik ba al da?
Mari Karmen: Bai zera, oso zaila da, lotura handia da. Gainera, hau gure etxea da. Guretzako txokoa izango da aurrerantzean. Beno, norbaitek eskaintza polit bat egiten badigu… pentsatuko dugu (barrez).
Taberna lotura handia dela diozue. Zuek beti “kontrako” aldera ibili zarete…
Luis: Bai, baina hori izan da gure bizitza, hauxe aukeratu genuen.
Mari Karmen: Onartuta daukazu. Lan egin behar duzu eta punto.
Urte asko elkarrekin lanean.
Mari Karmen: Bai eta oraindik elkarrekin gaude, ez da gutxi (barrez).
Zer eman dizue tabernak?
Mari Karmen: Tabernak bizitza handia ematen dizu. Hau ez da taberna bakarrik, gure etxea ere bada. Goian ez daukagu sukalderik tabernako sukaldea gure etxeko sukaldea da. Lanean geundenean ere etxean geunden eta horrek asko lagundu digu. Umea hemen hazi dugu, txiki-txikitatik, beti hemen bueltaka.
Gadea, zuk ze oroitzapen dituzu?
Gadea: Hau nire etxea da. Txikitatik beti tabernan egon naiz, ke artean (barrez). Herriko gurasoak tabernara etortzen ziren seme-alabekin. Haurrak nirekin etortzen ziren sukaldera jolastera. Ordu asko pasa ditut hemen jolasean. Gero, urteak pasata, nire lehenengo parrandak ere hemen izan ziren. Oso oroitzapen onak ditut, baina orain oso gustura nago. Gurasoei atseden hartzeko unea iritsi zaie eta pozik gaude.
Inoiz ordutegirik izan al duzue?
Luis: Udaletxeak festetan ixteko ezarritakoa. Lanerako sekula ez.
Mari Karmen: Garaietara moldatu behar zara eta listo. Lehen goizean goiz irekitzen genuen, azken urteetan beranduago… Lanaren arabera.
Jende asko pasa da barra horretatik.
Mari Karmen: Bai, Zestoa erdi pasa da hemendik: Eukeni, Oscar, Dani, Igor, Felix, Irune, Txero… Bukaeran Itsaso eta Maider “marabillosak”. Gehienentzat “pasoko” lekua izan da beti beste lan bat bilatu bitartean egon da jendea gurekin lanean. Irune bederatzi urtez egon zen hemen. Txero 15 urte ingururekin hasi eta gaur egunera arte egon da guri laguntzen. Porttunetik etorri zen eta bizitza osoa darama tabernan. Guretzat salbazio bat izan da, asko lagundu digu.
Langileez gain, bezero asko izan dituzue.
Mari Karmen: Bai, pentsatzen hasi eta jende asko etortzen zaigu burura. Hemen beti egon da jendea, etapa guztietan. Kuadrillak, parranderoak, futbolekoak… Etapa bakoitzean jende bat egon da eta beti izan dute erreleboa. Txikitero zaharrak guretzat oso hunkigarriak izan ziren. Gero haiek haurrak izan zituzten eta gure bezeroak izan dira haien haurrak ere. Familia handitzen joan da. 30 urtean egunero kafea hartu eta periodikoa irakurtzera etorri direnak ere izan ditugu. Oso maiteak denak. Egunero ikusten duzun jendea da, hildakoan guretzat etxeko bat joatea bezalaxe da. Azken eguneko agurrean horixe komentatzen egon ginen, zenbat jende falta zen…
Barra atzean psikologo lana ere egin duzue..
Luis: Bai, asko. Jendeak bere gauzak kontatzen dizkizu. Azkenean bere egunerokoan zauden pertsona bat zara eta…
Mari Karmen: Jendea sukaldera etortzen zen eta hortxe esertzen zen nirekin hitz egitera. Sukaldea ”konfesionarioa” zen. Askotan esan didate gabinete psikologikoa kobratzen hasi behar nuela (barrez).
Zer esan nahi diezue bezeroei?
Mari Karmen: Eskerrik asko bihotz-bihotzetik, barru-barrutik (bi eskuak bihotzean jarrita). Bion partez eta familia osoaren partez. Eskerrik asko benetan urte hauetan guztietan gure ondoan izan diren guztiei.
Zer eskatzen diozue etorkizunari?
Biak batera: Osasuna.
Itsaso Waliño Errasti