Urtarrila 2026
— 2026-02-10Irakurri 278. zenbakia hemen.

Konturatzerako pasako dira hotzak eta eguzkitan dantzatuko ditugu orain bota barruan ere askotan izoztuta ditugun behatzak. Hotz ala bero, aske mugitzen al dira zuen hanketako behatzak? Oinetako estu zaleak al zarete? eta takoi zaleak? Arretarik jarri al diozue inoiz zuen hanken aztarnei? Ba al dakizu zer diren Barefood-ak?
Hitzordurik hartu gabe elkartu gara Nagore Olazabalekin. Bartzelonan podologia ikasketak amaitu eta bere zentroa ireki zuela 25 urte beteko dira aurten. Gaurko azken bezeroa agurtu eta tartetxoa hartu du gure galderei erantzuteko.
Noiz konturatu zinen ikasi nahi zenuena podologia zela eta bizi osoa hanka artean emango zenuela?
Ez da nire txikitako bokazioa izan. Nahiko garbi nuen osasun aldeko zerbait ikasi nahi nuela, baina medikuntza eta erizaintza ez nituen oso gustuko. Fisioterapia, logopedia edo antzeko zerbait nuen buruan. Eskaerak bidali nituenean, Bartzelonako Podologiatik jaso nuen aurreneko erantzuna eta huraxe aukeratu nuen. Egia esan, ez naiz inoiz damutu.
Nolakoa da zure egunerokoa zeure zentroan?
Kiropodia deitzen zaio oinetako kailuak kendu eta azazkalak zaintzeari eta hori asko egiten dut, jardueraren zati handi bat hartzen du horrek. Kailuak ekiditeko behatzetan silikonak, garitxoen tratamenduak, azazkalak berriro hezteko ortonixia eta behaketa biomekaniko eta posturalak ere egiten ditut eta azken honen ondorioz askotan plantillak ere bai. Hala bada, plantillak neuk egiten ditut tailerrean, gustatu egiten zait, gainera, eta horretan ere denbora pixka bat joaten da.
Autonomo txikia naizenez, askori bezala, niri ere hitzorduek, material eskaerak egiteak, aholkularitza kontuek… horiek guztiak txukun eta egunean edukitzeak ere ordu multzo ederra kentzen dit.
Gehien gustatzen zaizun lana zein da?
Minez datorrenari kendu ahal izatea. Pazienteari azaltzea zergatik atera zaion min hori, eta zer egin diozun ondo azaltzea gustatzen zait. Plantilla edo silikona bati esker arazo bat konpondu edo soluzioa ematen asmatzen duzunean, sentsazioa ederra da.
Zestoako jubilatuetan nahiz Zestoako adineko bi egoitzetan eta Nafarroako Murillo el Fruto, zure ama eta senarraren herrian, podologia zerbitzua eskaintzen diezu adinekoei. Zer eskaintzen du eta ematen dizu zerbitzu horrek?
Harreman desberdina sortzen da kontsultara etortzen diren bezeroekin eta zuk aipatutako leku horietara etortzen direnekin. Maitasunez egiten dudan gauza bat da. Ez dut musu-truk egiten, kobratu egiten dut noski, baina Zestoa eta Murillon egiten dut, beste herri batean egitea desberdina izango litzateke. Urteak daramatzat. Hilean behin izaten da eta jada harreman polita sortu da erabiltzaileen eta nire artean. Adinekoei, beraiek, beste inor mareatu beharrik izan gabe, herrian bertan txanda hartu eta etortzeko modua izateak lasaitasun handia ematen die eta asko eskertzen dute. Oso eskertua sentitzen naiz eta kariñoz egiten dut. Deitu izan didate beste herri batzuetatik ere, izan ere, gaur egun podologo askok ez dute beraien kontsultatik kanpo lan egin nahi, eta hori ere onargarri da, baina nik Zestoa eta Murillon egiten ditut bertakoa naizelako eta ez dut beste herririk hartu nahi.
Lan honetan hasi zinenetik aldaketak eta aurrerapenak izan dira gizartean, eta nola ez, modan. Oinetakoetan ere aldaketak izan dira, antzemango zenuen aldea…
Nire bezeroen zati handi bati zerua ireki zitzaien hainbat koloretako kirol-oinetako modukoak modan jarri zirenean. Batez ere emakumezkoei. Ordutik takoia askok txikitu dute, takoi handiarekin oso jende gutxi ibiltzen da gaur egun, eta normalean oinetako bigunagoak erabiltzen dituzte. Hala eta guztiz ere, ez dugu ahaztu behar, askotan oinetako mota horrek ere punta estua izaten duela. Ez kanpera mutur estu batek bezain beste, baina ezta behatzak lasai mugitzeko moduan ere.
Bi behatzen artean kailu bat ateratzen denean, esan nahi du, hanka estu dabilela eta hori onartzen badugu, onartu behar dugu norbera dela kontzienteki bere buruari min egiten ari dena eta hori inori ez zaigu gustatzen entzutea.
Behingoz oinen formari begiratu zaio. Garai bateko modako oinetakoekin ez bezala; bailarinak esate baterako, zapata-zola fin gogor haiekin, edo mokasina, derrigorrez estu behar zuen, bestela atera egiten zen. Moda batzuek kalte gehiago egin diote hankari mesede baino.
Barefoodak daude orain oso modan.
Barefoodetatik asko gustatzen zaidana da errespetuzkoak direla hankaren formarekiko. Nik lanerako eta etxean erabiltzen ditut eta oso gustura, gainera. Normalean kaleko oinetako normalekin ondo gaude, baina batzuetan, etxera joandakoan, etxeko zapatilak janzteko gogoa izaten dugu eta barefoodekin ez da hori gertatzen, hankak oso eroso daudelako. Horrez gain, kailu asko ekiditen dituzte, behatzak ez dira desbideratzen, “juanetea” daukanarentzat ere erosoagoak dira…
Baina barefooden beste ezaugarri nabarmena da, zapata-zola fin-fina izaten dutela eta batere takoirik gabea eta hori paziente guztiei ez datorkie ondo. Oinetako mota batetik besterako aldaketa pixkanaka eginda ere, gorputz batzuk bizi osoan ohitu dira oinetakoaren aurrea eta atzearen artean inklinazioarekin, agian takoi handia izan gabe, baina kuñarekin ibili bazara bizi osoan, zure muskulatura horretara dago ohituta eta kolpera barefoodak erabiltzen hasten bazara kendu ere egin gabe, lesioak sortu daitezke. Daukazun hankaren arabera, gainera, agian ez duzu sekula barefood egokirik aurkituko. Atzeko muskulatura luzatu egiten dute eta segun eta nondik tiratzen duen, fastitisa eta antzerako lesioak sor daitezke.
Eserita egiten baduzu lan eta gero Sastarrainera buelta bat egiten baduzu, ba agian ondo molda zaitezke. Baina lanean zortzi orduz tente bazaude eta gero kirola egitea gustatzen bazaizu, ba agian gehiegi ari zara behartzen.
Nik oinetakoa pixka bat zaintzen dut, edozein oinetako ez dut janzten, baina denoi gertatzen zaigu gustuko oinetako bat ikusi eta egokiena ez izan arren erostea. Asko gustatzen bazaizkizu eta kale buelta txiki bat egiteko bada, ondo, baina baldin badakizu egun pasa zoazela eta asko ibiliko zarela, ba ez jantzi.
Unibertsitateko ikasketak bukatu zenituela 25 urte pasa dira, baina ikasten eta eguneratzen jarraitzen duzu. Azken urte hauetan posturologia ikasten jardun duzu. Azken aldian asko entzuten ari gara gai hori, azalduko diguzu zer lantzen duzuen?
Posturaren patologiak tratatzen ditu posturologiak. Gure nerbio sistema zentralak begi, aho, belarri, oin… bitartez jasotzen duen informazioaren arabera, gorputzeko postura moldatu egiten du. Zutik gaudenean ere, geldirik egonda ere, etengabe postura egokitzen ari gara eta posturologoaren lana da informazioa ematen digun atal horietakoren batean arazoren bat baldin badago, horrek pertsonaren posturan izan dezakeen eragina aztertzea edo jatorria non dagoen asmatzea. Horregatik askotan beste espezialista batzuengana bideratzen ditut pazienteak eta beste leku batzuetatik niregana etortzen dira.
Adibideren bat jarriko zeniguke?
Gure begien horizontaltasuna mantentzea gure gorputzeko lehentasunetako bat da. Horregatik, begietako arazo muskular bat dugunean (ez dioptria kontua, baizik eta okulomotoreei dagokiena, begiak bere lekuan eusten dituen muskuluei alegia), begiak ez badaude zuzen lerrokatuta, joera izango dugu burua alde batera edo bestera okertuta begiak lerrokatzera jotzekoa. Ondorioz, gorputzak moldatzen joan behar du eta zerbikalen postura aldatzen du, tentsioak sortzen dira gorputzean… Prozesu horrek hanketan eragin dezake, adibidez, hanka bat bestea baino hondoratuago izan dezakezu. Kasu hauetan, hankei bakarrik begiratzen badiegu, alferrik ari gara. Guk plantillekin lagunduko diogu, baina lanik garrantzitsuena optometrista batek egin behar du.
Beste adibide bat izan daiteke, lunbalgia edo bizkarreko minez dagoen pertsona bat. Hauek askotan hesteetan eta sistema digestiboan narritadura edo irritazioak izaten dituzte eta nahi gabe aurrerantz uzkurtzen dira babeste aldera. Horrek hankaren aurreko aldean, metatasalgian, minak sortzen ditu. Horrelakoetan nutrizionista batengana bideratu beharko genuke pazientea eta gero plantillekin lagundu postura hobetzen. Metatasalgiarentzat plantilla bat egin dezakegu min hori kentzeko edo gorputza atzeraka botatzeko baina garrantzitsuena oinarrira jotzea da. Alderantziz ere gertatzen da, batzuetan, arazoa oinetan dago eta horrek gorputzeko beste leku batean eragiten du, eta beraz, hori konpontzetik hasi beharko genuke.
Noiz joaten gara podologora, mina dugunean? Prebentzioa komeni da?
Dentistarengana errebisioak egitera joateko ohitura dugun bezala, podologoarenean ez da hori gertatzen. Normalean minen bat duzulako joaten zara aurreneko aldiz. Behin joatea ez dago gaizki, aurrera begira atera daitezkeen lesioak prebenitzeko. Umetan batez ere. Askotan gurasoei entzuten diet “ez zaio gustatzen korrika egitea” eta zuk haurrari begiratzen diozu eta pentsatzen duzu, “normala, oin forma ikusita ulertzekoa da, bere lagunekin alderatuta esfortzu handiagoa egin behar du gauza bera egiteko”. Komeni da jakitea zergatik kostatzen zaion eta soluziorik baduen.
Gomendiorik emango zenieke herritarrei?
Oinaren forma errespetatzen duten oinetakoak erabiltzeko, bai adinekoek eta baita beste guztiek ere. Haurtzaroan hankak zenbat eta libreago eta hanka hutsik (ez galtzerdi, ez hankadun pijama) denbora gehiago ibili, hobe; belarretan, alfonbran… Hanka azpitik informazio asko sartzen da eta txiki-txikitatik estimulatu behar dira muskulu guztiak. Eta orkatila aske indartu dadin.
Nerabeentzat, eta guztiontzat, debekuak alferrik dira modaren aurrean, baina kontuz oina flexionatzen lagatzen ez duten zola lodi gogor horiekin, ez erabili ordu askoan. Kontuz udako txankleta atzetik lotu gabekoekin ere, gainera, zola fina eta lau-laua dute askok. Oinetakoak oinari lotuta joan behar du eta ez behatzek oinetakoa eusteko esfortzua egin, bestela horrek ere lesioak ekar ditzake.
Jone Bergara