Albisteak

[ARGAZKIAK] Jendetza eta giro paregabea Zoroperiko arratsaldean pilotalekuan

Eguraldi hotzarekin baina giro beroarekin ekin diote aurtengo Zoroperi egunari, eta arratsaldeak norabide berean egin du aurrera.

Bazkaldu ondoren indarrak berreskuratu, eta Zoroperi eguneko festari ekin diote herritarrek. 17:15ean bandak berriz hartu du festaren testigua, eta plazatik frontoira erritmo bizian abiatu dira. Bertan, beste urte batez, eserlekuak bete egin dira, eta Abantzu eta Zestoa izenpean herritarren arteko erronka jokatu dute. Udane eta Elene Ostolaza ahizpek, harri-jasotzaileekin batera, Abantzuko taldea garaipenera eraman dute.

Ondoren, bi harri-jasotzaileek beraien erakustaldia eskaini dute. Hauek amaitzean, bandak hartu du frontoia, eta bertaratutakoak dantzan jarri ditu, jarraian jokatuko zuten pilotariek beroketak egiten zituzten bitartean.

Partida hasi aurretik, ekitaldian, Nara Agirreri eta Jon Alberdiri eskerrona adierazi zaie. Euskal Pilota Selekzioak 36 metroko Nazioen Liga txapelketan Agirrek urrezko domina lortu zuen, eta Joni, berriz, entrenatzaile gisa egindako lana eskertu nahi izan diote.

Pilota partida zuzenean hasi da, eta urtean zehar pilotalekuak biltzen duen publiko sutsuenaren aurrean lehiatu dira Txapei – Aizpuru eta Sasiain – Elizegi bikoteak. 22-17ko emaitzarekin Julen Odriozola “Txapei” eta Julen Aizpuru bikotea gailendu den arte.

Bitartean, publiko txikienarentzat Magiklown ikuskizuna izan da Kulturetxean, eta bertaratutako haurrek epel-epel gozatu dute, sorpresa eta barre algaratan.

Orain tabernaz-taberna, bertso-poteoa eskainikon dute Aitor Salegi eta Amets Arzallus bertsolariek. Amaitzeko, Obeneuke taldearekin dantzan emango zaio gaueko festari hasiera.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide