Albisteak

Jon Maia: “Aldaketa historikoek bere giroa behar dute eta giro hori eraiki egin behar da”

Euskara Foroak deituta, Jon Maiaren solasaldia izan zen azaroaren 28an Alonderon. Luze eta zabal jaso ditugu bere hitzak.

“Kantu bat gara” diskoa Jon Maiaren kantu ezagunenen bilduma izan zen. Bere hitzetan ez zuen diskurtso narratiborik. “Oso ondo joan zen, berrogei kontzertu inguru egin genituen eta milaka lagun etorri ziren. Pena ematen zidan hori horrela uzteak. Nire kontzertuak luzeak izaten dira, kantua entzutea baino beste zerbait da, esaten dudanari garrantzi handia ematen diot. Beste zerbait egin nahi nuen, baina ezin nuen berriro beste bilduma bat egin. Beti sentitu behar dut egiten dudanak ekarpen bat egiten diola Euskal Herriari, bizitzen dugun mundualdiari, euskarari edo nik nahiko nukeen munduari”.

Bigarren lan bat nola justifikatu bere buruari? Ekarpen berri bat egin behar zion aurrekoari eta aurkitu zuen abiapuntua: Bereterretxetarren kantua, euskaraz daukagun kantarik zaharrena, 600 urteko kantua 1400. urte inguruan sortua. Euskaldunen leinuen arteko liskar bat kontatzen du. Baina berari ez zitzaion kontatzen zuena inporta, “ezagutzen dugun euskal kantu zaharrena eta oroitarria daukan kanta bakarra da, euskal kantu zaharrenaren oroitarria” hori zen inporta zitzaiona.

Abiapuntua

Kantu horretan zegoen esentzia eta hortik abiatu zen. “Kantu hori norbaitek idatzi zuen, edo idatzi gabe sortu zuen Zuberoako borda batean. Galdera etorri zitzaidan burura: nola da posible 1400 urte inguruan Zuberoako bordan norbaitek erditutako doinu eta istorio horrek 600 urtetan zehar bizirik irautea Spotifyren, Youtube, Tik Tok eta Instagram garairaino? Nola da posible hori gertatzea? Sekula idatzia aurkitu gabe? 1890 aldera argitaratutako liburu bat da kantu honen aurreneko testigantza idatzia. 590 urtetan idatzi gabe transmititu da kanta hau. Eta 600 urte horietan Nafarroako erresuma galdu genuen, hizkuntza guztiak desagerrarazteko helburua zuen Errepublika frantsesa izan genuen, munduko gerrak, non Frantzia parte zen, eta beraz Ipar Euskal Herria, diktadura frankista, Gernika, geroztik euskara baztertzeko egon diren legedi guztiak, politika guztiak, euskaraz inolako presentziarik ez daukaten oraingo plataforma guztiak… Hori dena, gehi, hiru zati egiten gaituen zatiketa administratiboa eta bertakoen %15ak bakarrik hitz egiten duen hizkuntza erabilita, nola da posible ekosistema horretan eta errealitate historiko horien bitartean kantu txiki honek bidaia egin ahal izatea?”.

Kantuaren metafora

Hori formulatu zuenean konturatu zen jada bazuela diskoaren kontzeptua: “Kantu horren bidaian gordeta dago Euskal Herriaren existentziaren eta biziraupenaren sekretua. Kantu horren bidaia da gure biziraupenaren sekretua, mendez-mende eraikitako katedral ikusezina. Kate erraldoi bat. Miraria da kantu horrek bizirik iraun izana. Baina aldi berean ez da miraria, guk egin dugu, gure aurreko belaunaldi guztiek euskal lurralde guztietan egindako kateak ekarri du bizirik kantu hori eta kantu hori esaten dudanean metafora bat ari naiz erabiltzen. Kantua esaten dudanean herria ari naiz esaten, gure identitatea, gure hizkuntza. Oso txikia gara, hiztun oso gutxi gara, baina oso handia den zerbaiten parte gara. Hizkuntza gehienak baino handiagoa den historia baten parte gara, eta bestelako identitate eta hizkuntza asko, gu baino askoz handiago direnak, kantitatez edo itxuraz, horiena baino askoz handiagoa da gure istorioa”.

Ardatza horrek izan behar zuen, transmisioa eta etengabeko eraldaketa. “Hain zuzen ere etengabe transformazioan egon garelako, ez gara fosilak, etengabe bizi dugun mundualdira egokitzen asmatu dugulako, ez gara desagertu. Dinosauroak esaterako desagertu egin ziren klima aldaketara egokitzen asmatu ez zutelako eta gauza bera gertatu zaie hizkuntza dinosauro askori, latinari adibidez. Baina guk, jakin, asmatu edo lortu dugu garai historiko guztietara egokitzen jarraitzea. Hori da nire liburuaren tesia”.

Aldarrikapena

Solasaldian, Maiak aitortu zuen beste Euskal Herri bat aldarrikatzen hasi zenean, kasik berak bakarrik hitz egiten zuela gai hauetaz eta orain gehiago direla, baina diskurtsoarekin kontuz ibili behar dela: “oso erreza da diskurtso progre bat izatea. Aniztasuna diogu, bai, baina denok ez gara berdinak, guk zaindu behar dugun gure bereiztasuna daukagu. Gure misioa da partikularidade horrek iraun dezan, mendeetan guganaino iritsi den bezala, ondorengoengana ere iritsi dadin. Partikularidade hori erasotua izan da historikoki, bere heriotza bilatu izan da, horregatik, denok gara berdinak, baina gu defizit historiko batetik gatoz eta gustatzen zait hori ere azpimarratzea”.

Ekarpen berria

Solasaldira gerturatu zirenei burua galderaz bete zien jarraian Maiak: “Euskal Herria esaten dugunean, zer esaten dugu, badakigu zer ari gara esaten? Badakigu Euskal Herria benetan zer den? Zenbat errealitate dauden? Ezagutzen ditugu? Barneratuta ditugu? Oinarri horretatik diseinatzen ditugu gure estrategiak? errealitatera hurbiltzen den analisi batetik egiten dugu gure biziraupenerako estrategia? Gure hizkuntza zabaldu eta hedatzeko estrategia? Gure identitateak bizirik iraun dezan estrategia? Ezagutza horretatik abiatzen gara?

Zer eraiki dugu euskaldunon kontzientzietan Euskal Herri gisa? ze Euskal Herri? Euskal Herria esaten dugunean, pentsatzen dugu Gueñeseko Euskal Herriari buruz? Sopuerta, Romo, Tutera, Baionako auzo periferikoak, Barakaldoko Llano auzoa, Lutxana, Sestaori buruz? edo ari gara pentsatzen Orio, Zumaia, Zestoa, Azpeitia, baserritarrak, Aralar, Urbasa, perretxiko-zaleak, bertso-saioak, txikiteoa, Kontxa, Guggenheim… Ze eraiki dugu Euskal Herri kontzeptu gisa? Benetan ari gara 400.000 hego amerikar, arabiar, Ekialdeko Europako horietaz ari gara? Horiek gu bezain euskal herritarrak dira, hemen bizi, lana egin eta bere zergak ordaintzen dituzten momentutik”.

Zenbat Euskal Herri daude?

Euskal Herria B horren kontzeptua geroz eta argiago ikusten hasi ziren bertaratuak “Euskal Herri hori agertzen da gure kantuetan? gure umeei kontatzen dizkiegun ipuinetan? gure pelikuletan? gure nobelatan? Bertsotan? hauteskunde zerrendetan? Euskal Herri hori presente dago? Munizipal etorkinik ezagutzen duzue? Ikusi duzue alkate beltzik, adibidez? Bertsolari edo telebistako aurkezle etorkinik ikusi duzue ikusgarritasuna edo ardura duten karguetan? Zerbait inauguratzen da aipatu ditudan leku horietan? Leku itsusiak, industrialki degradatuak, sozialki desestrukturatuak, auzo pobreak, Francoren garaiko “Casas baratas”, “Mundo mejor”, “Manchurria” izeneko afrikar, errumaniar eta arabiarrez beteta dauden auzo horietan? Dozenaka, milaka euskal herritar, ehunka auzo eta herri horrelakoak. Hori ez dago presente. Jende horrek ez du entzun ere egin Durangoko Azoka existitzen denik, Eusko Label produktuak existitzen direnik, Sorioneku eskua aurkitu zenik, Foroak, Amaiur, entzun ere ez! Horiek Euskal Herrian bizi dira. Gure geografiaren parte den Euskal Herri berdinean. Zumaia bezain Euskal Herri da Gueñesen, nahiz eta han inork ez hitz egin euskaraz. Euskal Herri hori guztia, “gu” ez beste guztia, guretzat ezezaguna den hori, euskal herritarren %80 edo bizi da gure Euskal Herri horretatik kanpo. Horiek ez dira agertzen Euskal Herriko erreportajeetan, han ez da indusketa arkeologikorik egiten, han ez dago inauguraziorik, han ez dago euskal kultur programaziorik. Hango eskola batera joaten zara eta 250 umetan igual daude 65 nazionalitate eta etxean euskaraz egiten duten bakarrak euskaraz ikasi duen jendea da, ez gu bezala euskara inkorporatua ekarri dugunak, eta 4 edo 5 guraso dira”.

Gutxi gara eta baliabide gutxi ditugu

Estrategia aldatzeko premia aldarrikatu zuen jarraian: “Baina gu legitimatuta sentitzen gara Euskal Herri bandera eramateko, gu baikara Bereterretxeren oinordeko zuzenak, euskaraz bizi garenak, euskal diskoak erosi, Berria sortu, bertso saioak antolatu… egiten ditugunak. Baina gu gutxi gara eta gu gutxietsiak gara, gu gara beharra dutenak, gu gara agoniaren mugan bizi garenak, gu gara baliabidez pobreak garenak, gu gara kantitatez gutxi garenak. Beraiek asko dira, eta baliabide dezente dituzte; guk ez daukagu Netflix, ez daukagu Play Station, ezta ere Adidas, Vans, eta Nike euskaraz publizitatea egiten, ez dauzkagu 300 irrati euskaraz, ez 80 aldizkari euskaraz, gu gara gehiago izan gaitezen gure zabalkundea bilatu, probokatu eta erraztu behar dugunak. Gure esentzia galdu gabe, baina euskal identitate berri horiek inkorporatuz, aurrerantzean ere asmatu beharko dugu egokitzen bizi garen mundualdi eta errealitatera. Erromatarrak etorri zirenean bezala, inperio erraldoi bat, hizkuntza erraldoi batekin, mende batzuetan hemen ezarrita egon ziren, baina dirudienez, jakin genuen hori ere gainditzen eta bizirik ateratzen. Nola egingo dugu oraingo honetan? Utziko dugu ea zorteak laguntzen digun? Edo egingo ditugu gure estrategiak hemengo gure Euskal Herritik beste horrek existituko ez balu bezala?”.

Ahalegina

Euskal Herria B horren beharra dugula azpimarratu zuen: “Nik esan nuen: nik Euskal Herri hau sartu behar dut nire diskoan eta saiatuko naiz nire diskoa ahalik eta potenteena izan dadin Euskal Herri horren berri ahalik eta modu indartsuenean emateko. Nire diskoa erosiko duten milaka euskaldun horiek, Euskal Herria B horretaraino eramango ditu eta horretarako Bereterretxetik hasiko naiz, badakidalako horrek erakarriko dituela, eta diskoaren bidaian jendea Euskal Herria B-ra iritsiko da. Nire asmoa da Euskal Herria B hori inkorporatzea euskal identitatearen erdigunera. Enborrera, ez postizo modura, ez adar bezala utzi, pegote bezala, ez bigarren mailako, baizik gure historiaren narrazio ofizialera sartu. Guk, euskaldunok, behar dugu gainera, gu garelako gutxi.

Euskal Herria B hori ere gure parte da, gustatu edo ez gustatu eta errealitate horrekin kontatu behar dugu euskara normalizatu nahi badugu, erabakitze eskubidea iritsi dadin abertzalegoaren mugetatik haratago, eta onartua izan dadin nahi badugu, euskarak jauzi bat eman dezan legez, eskakizunez, jende horrengana hurbildu beharko gara eta haiek guregana eta aurreiritziak eta fosildutako gure hainbat pentsamendu desmuntatu”.

Giroa eraikiz

Gauza desberdin asko egiten ditu Jon Maiak eta ondo ezagutzen ditu berak Euskal Herria A eta B bezala sailkatzen dituenak. Horrek diagnostiko globala egiteko aukera eman dio: “Aldaketa historikoek bere giroa behar dute eta giro hori eraiki egin behar da. Bulego batean lau gauza erabakitzen direlako jendeak ez ditu sentituko, giroa sortu behar da, gizartea prestatu, eta emozio, zirrara eta konexioak sortu behar dira, gero estrategiek funtziona dezaten eta prozesu teknikoak benetakoak izan daitezen eta sentitu daitezen. Hori da nire ahalegina.

Nire familian euskarak ez luke existitu behar normalki, nire familiak bere lurrean bizi ahal izan balu, extremeñoak izango ginateke, eta ez genuke euskara edukiko. Baina nola kontzientzia daukadan euskara dela zerbait inkorporatu duguna gure familiaren historiara, eta Euskal Herria den guri munduan lekua eman zaigun lur zatitxoa, eta ni pertsonalki euskaraz naiz naizena eta euskaratik sortzen dut eta euskararentzat, umea naizenetik, 10 urtetatik, orduan, nik sinesten dut dena zor diodala euskarari eta Euskal Herriari, berak niri eman didana bueltatzen saiatzen naiz”.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide