Albisteak

Zinegotzi aldaketak izan dira azken udalbatzarrean

Pasa den hilaren 17an ospatu zen azken udalbatzarra, ohiko moduan, udaletxeko aretoan. Oraingo honetan, ongietorriak eta agurrak izan ziren protagonistetako batzuk. Izan ere, Montse Atxegaren ordez, Xabier Gallastegik hartu zuen EAJko zinegotzi kargua, eta hau izan zen bere lehen udalbatzarra. Bestalde, bi urtez EH Bilduko zinegotzi izan ondoren, Jone Expositok kargua uztea erabaki du “arrazoi pertsonalengatik”, eta bera ordezkatzeko prozedura abiatuko da.

COVID-19aren pandemia garaiaz geroztik, tabernek baimen bereziekin erabiltzen dute terrazek okupatzen duten espazioa. Egoera aldatu denez, udalbatzan baimen horiek berrikustea eta araudi berri bat sortzea onartu zuten. Aho batez, hasierako onespena eman zioten terrazetako elementuak arautuko dituen ordenantza berriari.

Argazkia: Zestoako Udala

Bestalde, Zestoako auzoetako taxi eta autobus zerbitzuak martxan daude, baina doako autobus zerbitzua bertan behera utzi behar izan du udalak. Arregik azaldu zuenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak zerbitzuaren kostua bere gain hartzeari utzi zion, eta Zestoako Udalak ez du baliabide nahikorik auzo guztietara garraio publikoa eskaintzeko. Hala ere, egun dauden zerbitzuak indartzeko helburuarekin, taxi bonua eta auzo taxien zerbitzua bateratuko dituen araudi berri bat proposatu zuen.

Azkenik, Zubimusu eta Idiazpi auzuneen artean dagoen lur eremua, egun aparkalekuak daudena, etxebizitzak eraikitzeko birpartzelatuko du Zestoako Udalak. Udalbatzak behin betiko onespena eman zion birpartzelazio proiektuari, eta udalak enpresa promotore batekin adostu duen hirigintza hitzarmena ere onartu zen.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide