Joxemanuel Badiola, Barrensoroko artzaina

Ameriketara joandako euskal artzainen kontua, oso interesgarria egiten zaidan arren, nahiko ezezaguna da niretzat. Gai horri buruzko hainbat gauza orokor entzunak eta irakurriak ditut baina gauza handirik ez. Horrela bada, duela egun batzuk Gipuzkoako Foru Aldundiak 1935-1940 urteetatik gaur egun arte Gipuzkoatik Ameriketara artzain joan zirenen datuak jaso eta dokumentatu nahi zituela-eta laguntza eskatu zidanean, nondik hasi ez nekiela geratu nintzen. Eta hala, Interneten ikusmiran nenbilela, “basquesinwestern” blogarekin egin nuen topo eta hantxe ageri zitzaidan nik gaur hona ekarri nahi dudan gizona: Jose Manuel Badiola.

Jose Manuel Badiola Albizu Endoiako Barrensoro baserrian jaio zen 1885eko apirilaren 19an. Bederatzi anai-arreba izango ziren denera. Hiru seme zaharrenak umetan hil ziren, eta Zipriano (1883) geratu zen baserriko buru. Jose Manuelek, beraz, kanpoan bilatu beharko zuen lana. Bera baino arreba zaharragoak ere, kanpora ezkondu ziren. Bost bat behi, pare bat dozena ardi, asto bat eta txerri bat zituen garai hartan Barrensorok.

1905eko deialdian sartu zen soldaduskako zerrendatan, baina kupo-soberakin suertatu zen. Baserrian jarraitu zuen 25 urtera arte, eta 1911ko urte hasieran Ameriketara joatea erabaki zuen. Zergatik, ez dakigu: han familiarren bat zuelako, hemen norbaitek proposatu ziolako… auskalo. Nolanahi ere, 1911ko martxoaren 14an, New Yorkera iritsi zen Le Havre-ko portutik (Frantzia) irtenda “La Gascogne” itsasontzian, pakebotean, zehatzago esateko. Itsasoko gauzen zale direnentzat, jakingarria da esatea altzairuzko itsasontzia zela “La Gascogne”, 155 metro luzekoa eta –Wikipediaren arabera– mila bidaiaritik gora hartzen zituena (lehenengo mailan, 225; bigarrenean, 86; eta, hirugarrenean, 860). Astebete inguru irauten zuen bidaiak.

Zestoako Udaleko paper zaharrak miatuta, Jose Manuelek Ameriketara joateko egin zituen hainbat tramiteren berri izan dugu. Batetik, zedula pertsonala (oraingo karnetaren antzekoa) galduta zeukan eta berria atera behar izan zuen Udaletxean (1911-02-15). Bestetik, beharrezkoa zuen erreferentzia onak izatea, eta horretarako Zestoako Udalak “beti portaera ona” izan zuela egiaztatu zion (1911-02-15). Gero, berriz, soldadu joateko epean zegoenez, Armadaren baimena behar zuen, kanpora joateko. Donostiako kuarteleko koronelak eman zion baimena “bere bizilekua Kaliforniako San Frantziskora (Estatu Batuak) aldatzeko, hiri hartara iritsitakoan, Espainiako kontsularengana joan beharko duelarik, beren erregistroetan izena eman, dagokion zedula pertsonala atera eta urtero, urria eta azaroa artean, dagokion ikuskapena (soldaduskakoa) pasatzera” (1911-02-10).

Lehen aipatutako basquesinwestern” blogaren arabera, Shoshone aldera joan zen artzain Jose Manuel. Idahoko herririk zaharrenetakoa da Shoshone, eta trena handik pasatzen zenez garrantzia handia hartu zuen XX. mende hasieran; euskaldun asko bizi zen han, eta artzain lanetan zebiltzanentzat ohiko geralekua zen inguruko beste bailaratara joateko (Mountain Home, Boise, Jordan Valley…). 1917an, Gooding-en bizi zen Barrensoroko mutila. J. W. Jones-entzat egiten zuen artzain lana.

1870etik aurrera, euskal artzainak Ipar Ameriketako mendebalde osoan zabaldu ziren. Laster lortu zuten izugarrizko fama, ardiekin izaten zuten ardura eta trebetasunagatik (“Basque sheep herders of the american west” liburua dut oinarri). Pixkanaka, Estatu Batuetako barru aldera, toki lehorretara, desertu aldera, zabaltzen joan zen artzaintza. Baina toki horiek lehorregiak ziren urte osoan ardiak han edukitzeko. Neguan nahiko janari ematen zuten baina uda garaian mendi aldera eraman behar izaten zituzten artaldeak. Horrela, urtean zehar udako eta neguko larreetara ibiliz, 800 kilometro baino gehiago egin zitzaketen. Baina oso astiro ibilita eta bidean bazkatuz, ardiek ez zuten gehiegi sufritzen.

Ameriketako artalde haiek ez zeukaten zerikusirik Euskal Herrikoekin: atera kontu hango artaldeek bi mila buru inguru izaten zituztela eta etengabe mugimenduan ibili behar izaten zutela haiei jana emateko. Herri lurrak ziren gehienetan. Artzainek, beren gauzak eta janariak zaldi gainean eramanez, asteak pasa zitzaketen beste gizakirik ikusi ere egin gabe.

Artzain haien bizimodua ez zen goxoa izango (gaur egungoa ere ez, baina tira…) baina milaka ugari joan ziren hara Ameriketara, mundu ederragoren baten bila. 1920ko hamarkadarako, ordea, artzain gehiegi zegoen mendebaldeko Ameriketan, eta kanpoko jendearen etorrera murrizteko neurriak hartzen hasi ziren Estatu Batuetan. 1924an, inmigrazio dekretu berri batek ezartzen zuenez, nazionalitate espainiarreko 131 pertsona bakarrik sar zitezkeen urtean.

Auskalo zein arrazoirengatik, garai hartan Euskal Herrira itzultzea erabaki zuen Jose Manuel Badiolak, Barrensoroko artzainak. Hala, 1922an, Azkoitiko Urrategiko Irizarretxetxo baserrian ageri zaigu bizitzen eta herri horretan bizi izan zen 1975eko otsailean hil zen arte.

Argazkia: Euskal Herritik AEBetara artzain joandako zenbait lagun, artaldearekin (http://uskaraeguna2010.blogspot.com.es/2016/08/euskal-artzainak-ameriketan.html?m=1)




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide