Juanjo Sagarna zestoarra elkarrizketatu du Azkoitiko ‘Maxixatxen’ herri aldizkariak

Zertan lan egiten duzu? “Enterradorea” naiz. Zer? Entrenatzailea? Bai, badmintonekoa [barrez]. Umorearekin hartzen du bere lana Juanjo Sagarna Albizu lurperatzaileak (Zestoa, 1968); izan ere, ez da ohikoa lurperatzaile ofizioa. Formazioz lorezaina bada ere, lurperatzaile hasi zen, kasualitatez, eta 2007tik ari da lanean Azkoitiko kanposantuan.

Gustuko al duzu zure lana?

Ia lan guztiak bezala, alde onak eta txarrak ditu. Hala ere, tailer batean lan egitea baino askoz nahiago dut kanposantuko belardietan lan egitea. Oro har ez da hain lan txarra. Ni gustura aritzen naiz, baina ez da inoiz izan nire bizitzako lana; ez nuen inoiz pentsatuko lurperatzaile izango nintzenik.

Nolatan hasi zinen lurperatzaile?

Lorezaintza eta baratzezaintzako heziketa zikloa ikasi nuen, eta lorezaina nintzen Zestoako brigadan. Orduan, Zestoako lurperatzaileari laguntzen aritzen nintzen tarteka, eta, langabezian gelditu nintzenean, Lanbiden lurperatzaile gisa eman nuen izena, erdi brometan egia esan. Gerora, Azkoitiko lurperatzailearen lan eskaintza atera zenean, lurperatzaile bakarra ni nintzen Lanbideko zerrendetan, eta neu hartu ninduten.

Zein da zure lanaren alderdirik txarrena?

Lurperatzeko momentua gogorra izaten da, hildakoaren senitartekoak oso hunkituta ikusten ditudalako. Horretan, etorkinak, esaterako, euskaldunen aldean oso ezberdinak dira: azken palakada egin arte ez dira joaten kanposantutik, eta tentsio handiagoa izaten dut. Euskaldunek, berriz, galdetu egiten didate ea laguntzarik behar dudan, eta ezetz erantzutean kanposantutik joaten dira.

Horrez gain, asteburu guztietan lotuta egoten naiz, igande eta jaiegun askotan ere lurperatzea egokitzen delako. Aizpurutxoko kanposantuko lurperatzailea ere neu naiz, eta, han lurra ateratzeko makinarik ez dagoenez, neuk egin behar izaten dut bi metroko zuloa, eskuz; hori ere lan gogorra izaten da. Hala ere, oraingoz hiru hilotz bakarrik tokatu zait han lurperatzea.

Elkarrizketa irakurtzen jarraitzeko sakatu hemen.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide