Kantatuko dut

Kantatuko diot suari, kantatuko diot bizitzari eta kantatuko diet sorgin itxurako andreei. Kantatuko
dut xumeki, gitarrarekin, nire ahotsaren eta nire hizkuntza zaharraren indarraz.
Kantatuko dut gorantz noalako erresistentzia mantendu nahian, ulertu nahi dudan hizkuntza
batean. Kantatuko dut nigan dagoen bonba erreparatu dezazuen, naizenaren sakonetik idatzi
ditudan hitzak entzun ditzazuen.
Kantatuko dut nire erreferente izan diren andreei esker, kantatuko dut nire erreferente diren
andreekin, eta kantatuko dut sasien gainetik eta lainoen azpitik irrintzika izango diren sorgin
guztientzat.
Kantatuko dut nire herriko ertz guztietara, debekuen gainetik, epaien gainetik, kondenen gainetik,
damuen gainetik, beldurren gainetik. Kantatuko dut ikusezina ez naizela erakusteko, eta kantatuko
dut munduak entzuten nauela ziurtatzeko.
Kantatuko dut udako solstizioari ongi etorria emateko piztuko den sua itzaltzearekin bat.
Azkenean kantatuko dut.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide