KANTUZ KANTU ZESTOAN

Dagoenekoz igaro dira aste  batzuk Portale Kultur Elkarteak, zestoar gehienak ezagutuko duzuen Jagoba Astiazaran Korta musikariarekin batera, Euskal Kantu Tailerra antolatu zuela. Jagobak, tailerra zenbait gaitan banatu zuen: hainbat herrialdetako doinuak euskal abestietan, emakumeei buruzko abestiak, eta amodioari buruzkoak. Eta ikastaldi honi elkarrekin afalduz eta kantatuz eman genion amaiera.

Ni, nahiz eta tailerra jarraitzeko irrikan egon, izen-emate epea hasi zenean, nirea emango nuen zalantzan nengoen. Eta, “ez al da hau gazteentzat izango?” pentsamendua ere ahalegindu zen nire zalantzak areagotzen. Ezezagun den talde batean abestea, ez baita txantxetakoa.
Horretan nenbilela, probidentzia!, ni bezala zebilen herritar ezagun batekin topo egin eta biok batera ausartu ginen tailerrera joatera. Eta, hara, hantxe ikusi nituen hainbat ezagun, gazte eta ez hain gazte.

Gauzak horrela, esan beharra dut taldeko giroa erabat gozatu nuela; baita abestutako abesti bakoitza ere, nahiz eta hauen artean, barruak mugiarazi zizkidatenak egon. Batez ere, betidanik ezagutu izan ditudan abesti horiek, abestearekin batera hainbat oroipen gogora ekarri zidaten horiek: gazteago nintzenekoak, orduko lagunekin kontzertuetara joaten nintzenekoak, hondartzara iluntzean joan eta protesta gisa abesten egoten ginenekoak, tabernetan abesten egoten ginenekoak,.. Kanpoan bizi nintzenean ere entzun eta abesten nituen hauek, eta malkotxoren bat begietan nuela, han ibiltzen nintzen hasperenka etxean bueltaka. Baina, hemen, Euskal Herrian, aho bizi-biziz kantulagunekin hauek berriro abestea, ezin dezaket horrekin, ordea, parekatu.

Jarraituz, aipatzekoa da, guganako Jagobaren pazientzia eta, nola ez, aldarte ona. Behin eta berriz abestien erritmo zuzenak irakatsi zizkigun; hala ere, batzun-batzutan nire -edota gure- belarriek entzun nahi ez zituzten erritmoren bat edo beste ikasi gabe hor geratu da. Beste baterako, agian.
Bestalde, abestien hitzen esanahiak aztertu genituen. Horrela, arretaz irakurriz, konturatu ginen askotan letren esanahia kontutan hartu gabe, abesten dugula; akaso, doinua gustuko dugulako.

Ekintza guztiek hasiera eta bukaera ezagutzen dutela eta, ekainaren 14an ikastaroari afari batekin Portale Kultur Elkartean eman genion amaiera. Herrialde honetan ohi den bezala, oraingoan ere bapo geratu ginen arte jan eta edan genuen. Danbolinen jarritako bideotxo batean dasta daiteke afarian bizi izan genuen giro ederra. Jagobak gonbidatutako gogo eta aldarte oneko hainbat musikari lagunekin batera aritu ginen atseginez eta pozik kantuan; batzuk, ordu txikiak iritsi ziren arte.

Bukatzeko, nire eskerrik beroenak tailer hau, afaria barne, ahalbidetu eta girotu duzuen guztiei. Ziur naiz, badaudela nire antzera, berriro ere horrelakoak oso gustura jarraituko lituzketen herritarrak. Animo, bada, ea berriz ere kantuak elkartzen gaituen geure bihotzak alaituz. Terapia ezin hobea!!!