Albisteak

Klima aldaketaren inguruan ikasleek dituzten proposamenak egingo dizkiete Udal ordezkariei ostegunean

Ostegun honetan (maiatzaren 18a) goizeko 10:00etan udalbatzar berezia egingo da Zestoako Udalean. Ekitatea eta klima aldaketaren inguruan ikasleek dituzten proposamenak egingo dizkiete Udal ordezkariei. Ekimen hori Eskolako Agenda 21 programaren barruan dago. Komunitatearen partaidetzan oinarrituz eta Eusko Jaurlaritzako Ingurugelaren laguntzarekin, “udalerri bakoitzaren garapen iraunkorrean laguntzen duen heziketa-programa” da Eskolako Agenda 21. Arroako Herri Eskolako eta Aizarnako Herri Eskolako ikasleak ari dira parte hartzen programa horretan.

Udalbatzar berezian 2016-2017 ikasturtean ikasleek egindako lanaren uzta jasoko da. Izan ere, apirilean Arroako Herri Eskolako eta Aizarnako Herri Eskolako ikasleak Arroan elkartu ziren, “ikasturtean zehar ekitatea eta klima aldaketaren egoera zein den aztertu ondoren proposaturiko hobekuntzen arteko aukeraketa” egiteko.

Beraz, ostegunean ospatuko den udalbatzar berezi horretan, herriko ikasleen ordezkariek ikasturtean zehar buruturiko diagnostikotik ateratako proposamenak eta konpromisoak aurkeztuko dizkiete udal ordezkariei. Era berean, udal ordezkariek, jasotako proposamenei erantzuna emango diete.

Horrenbestez, ostegunean goizeko 10:00etan ospatuko den udalbatzarra herritar guztiei irekia izango da.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide