Albisteak

Kobaz Koba Trail izen-emateen zabaltzea izango da asteazkenean, azaroaren 29an

Azaroaren 29an irekiko dira izen emateak 2024ko otsailaren 18an Zestoan ospatuko den Kobaz Koba Trail mendi lasterketarako. Eguerdiko 12:00tan zabalduko dira izen-emateak www.kirolprobak.com webgunean. Aurreko urteetan dortsalak ziztu bizian amaitu izan direla jakinarazi dute eta horregatik data gogoan izateko gogorazi dute antolatzaileek.

Bi ibilbide izango ditu ohiko moduan, 300 korrikalari gehienez ibilbide bakoitzean, guztira gehienez 600. Bi ibilbideen artean, Artzei ibilbidea (15km), luzera laburragoetara ohitutako korrikalariei zuzenduta dago, Zaldei (25km) ibilbidea berriz, Kobaz Koba Trailen benetako gogortasuna bizi nahi dutenen aukera izango da.

Urtero bezala partaideek beharrezko zerbitzu guztiak izango dituzte: kronometraia zerbitzua, txip bidezko denbora neurketa burutuko da, arropa zaindegi zerbitzua, dutxa zerbitzua, koba txikiko pasagunean eta helmugan korrikalari guztiei bakarkako argazkia egiteko zerbitzua, eta indarrak berreskuratzeko Kobaz Koba Trail ondorengoko hamaiketako famatua, bertako gutiziak dastatzeko aukerarekin (Baserria KM0/Eusko Label produktuak) eta Zestoan biltzen diren zale guztien animoak eta babesa besteak beste. Partaide bakoitzak KOBAZ KOBA TRAIL 2024 kamiseta jasoko du. Kobaz Koba Trail lasterketan ez dago federatuta egon beharrik izena emateko.

Lasterketaren antolatzaile diren Arazi eta Agiro Mendi Klubak eskerrak eman nahi dizkiete hurrengo hilabeteetan lan ugari egingo duten eta lasterketa posible egiten duten babesle, bolondres, herritar eta terrenozale guztiei: “Zuek gabe ezinezkoa litzateke, denok zarete Kobaz Koba Trail!”




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide