Albisteak
Konpetentzia sozioemozionalen eta bizikidetza positiboaren inguruko formazioa jasotzen ari dira hiru ikastetxeetako irakasleak
— 2025-03-21Zestoako Udalak antolatuta, Aizarnako, Arroabeko eta Zestoako ikastetxeetako irakasleak “Konpetentzia sozioemozionalen eta bizikidetza positiboaren garrantzia” izeneko formazioan parte hartzen ari dira. Saio hauen gidaritza Herrikide Ikastetxeko kideek hartu dute, eta guztira sei orduko hiru saio aurreikusi dira. Lehenengo biak jada egin dituzte, azkena aste honetan bertan Arroabeko eskolan.
Formazioaren helburu nagusia ikastetxeetako bizikidetza positiboa sustatzea da, baita eguneroko gatazken kudeaketarako trebakuntza eskaintzea ere.
Koordinazio mahaia
2024ko uztailean, Zestoako Udala eta herriko hiru ikastetxeen arteko koordinazio mahaia sortu zen. Ordutik bi bilera egin dira, eta urtean zehar hiru edo lau bilera egitea aurreikusten da, elkarbanatutako erronkak eta beharrak jorratzeko.
Formazio saioak Aizarnako eskolaren ekimenez abiatu ziren. Bertan duela bi urte bizikidetza plana egin zuten, eta prozesu horren baitan gatazken kudeaketarako formakuntzaren beharra zutela ondorioztatu zuten. Behar horren berri koordinazio mahaian eman zuten, eta bertan luzatu zuten formazioaren proposamena. Arroabeko eta Zestoako ikastetxeek ere interesa agertu zutenez, hiru eskoletako irakasleek elkarrekin formazioa jasotzea adostu zuten.
Egin zaitez bazkide