Otsaila 2026
— 2026-03-02Irakurri 279. zenbakia hemen.

Bihar, martxoak 25, iritsiko da Korrika Arroabera, eta auzoan eguna girotzeko antolatu den taldeak biharko egitarau zehatza jakinarazi du. Arratsaldean helduko da lekukoa auzora, baina aurretik ere izango da zer egin.
Egitaraua 11:30ean hasiko da, Eskolako haurrek auzoan barrena egingo dute Korrika Txikia. Arratsaldean, berriz, 16:30ean egingo dute ipuin lehiaketako sari banaketa, eta ondoren haurrentzako tailerrak, txokolatea eta bizkotxoak izango dira. Tailerrean parte hartuko duten haurrei komuneko paperaren edo sukaldeko paperaren rollo hutsak eramateko eskatu diete antolatzaileek.
18:00etan iritsiko da Korrika Arroara. Guztira, bi kilometro egingo ditu auzoan barrena, eta tarte horiek lau eragileren artean banatu dituzte. Narrondo eta Bombas Azkueren arteko zatia Bakun Itzulpengintzak egingo du; Bombas Azkuetik igogailu berrirainokoa, Ezkaizto Auzo Elkarteak; handik Tellendirainokoa, Arroako Festa Batzordeak; eta Tellenditik gasolindegirainokoa, Gipuzkoako Eskola Txikietako Gurasoen Koordinakundeak.
Antolatzaileek herritarrak animatu dituzte biharko hitzorduan parte hartzera, “eutsi goiari eta egin korrika euskararen alde” mezua zabalduz. Nabarmendu dutenez, Arroan ere badago zer aldarrikatu: “euskararen alde egotetik, euskaraz egitera” pasatzeko garaia dela azpimarratu dute, eta ozen esan dute: “Arroan ere euskara gara!”
Biharko egitaraua:
· 11:30 Korrika txikia
· 16:30 ipuin lehiaketaren sari banaketa
Haurrentzat tailerrak
Txokolatea eta bizkotxoak
· 18:00 KORRIKA