Albisteak

“Krisi kapitalistan sozialismoaren eraikuntza” aldarrikatu du Kontseilu Sozialistak Maiatzaren Lehenean

Maiatzaren Lehena dela eta, elkarretaratzea izan da Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak deituta plazan. “Krisi kapitalistan sozialismoaren eraikuntza” leloa zuen pankartaren atzean bildu dira hainbat herritar.

Kontseiluko kideek azaldu dute egungo egoera ez dela “batere atsegina” langileriarentzat. “Krisialdi ekonomiko kronikoa bizitzen ari da egungo kapitalismoa, eta horren albo-kalteak pairatzen ari dena langileria. Oinarrizkotzat geneuzkan askatasunak ezabatzen ari dira, eskubide ezak ezaugarritzen du lan mundua, geroz eta jende gehiago dago lanpostutik kanporatuta eta oinarrizko beharrizanak ase ezinik gabiltza. Funtsean, proletalgoaren bizi eredua legez kanpokotzat jo du burgesiak” azaldu dute.

“Gizatasuna berreskuratzeko” eta “ongizate unibertsalak ezaugarritutako historiaren aro berri batera jauzi egiteko” baldintza sozialismoaren eraikuntza dela nabarmendu dute: “Langileria eta sozialismoa elkartu ezean, identitate soila bihurtzen da lehenengoa, eta utopia eginezin bat bigarrengoa”. Kontseilu Sozialistak norabide horretan “ekarpen bat” egin nahi dutela gaineratu dute eta horretarako “bakoitzaren gaitasun eta ahalmenak kontuan izanda” nork bere ekarpena egiteko deia luzatu dute.

 

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide