Paperekoa

KROSA, ADIBIDE TXIKI BAT BAINO EZ – Amaiur Aristi Arregi

Antropologiako ikasketak egiten ari naiz. Klasean ikusi izan dugu gizarte baten errituak, askotan, gizartearen isla izaten direla. Ez dakit Zestoako krosa erritu kontsideratu daitekeen, baina martxoaren 20an garbi ikusi nuen gure gizartearen ispilu dela. Kroseko egunean hainbat herritarrekin izan nituen hizketaldiek, ikusi nituen kontuek eta entzundako komentarioek zer pentsatua eman didate.

Azken urteetan bat baino gehiagori entzun diet ea gaztetxoen kategorian zergatik irteten diren mutilak eta neskak aparte. Genero rolen banaketa argi eta garbi egiten da. Helduen kategorian denak batera irteten dira, nahiz eta gero sariak bananduta banatzen diren. Niri izugarrizko zalantzak sortzen dizkit gai horrek, ez zait gustatzen genero rolen banaketa egitea. Baina, bestalde, banaketarik ez bada egiten, oro har, gizonezkoek hartzen dute protagonismoa. Seguru asko, lasterketako irabazlea gizonezkoa izango da eta bestea, lehenengo emakumea, beti bigarren planoan.

Niretzat ideala kirol mistoa da, baina errealitateari ere begiratu behar zaiola uste dut, oraindik ez baikaude parekidetasunean. Nire kasuan, 8-9 urterekin hasi nintzen futbolean. Lehenengo bi urteetan neskak eta mutilak elkarrekin jokatzen genuen (jokatu edo). Gerora, ordea, banatu egin gintuzten eta ni, behintzat, orduan hasi nintzen futbolaz gozatzen. Horrekin ez dut esan nahi neskak eta mutilak banatu egin behar direnik kirolean, gaia oso konplexua da eta konponbidea zer esanik ez. Badakit tartean gauza asko daudela: biologia, genero rolak… Hala ere, seguru nago genero rolek biologiak baino indar handiagoa daukatela. Arazoari errotik heldu behar zaio, jaiotzen garenetik. Ez baita biologia kontua bakarrik, orokorrean mutilek neskek baino gustukoagoa izatea kirola eta gainera abilagoak izatea.

Gizonen eta emakumeen arteko banaketa, ordea, ez zen lasterketan bakarrik gertatu, baita antolatzaileen artean ere. Emakumeek banatu zituzten sariak, baina gizonek gidatu zuten lasterketa, baita bidegurutzeak zaindu ere.

Mikrofonotik entzun nuen komentario bat, berriz, eguneko errematea izan zen. Helduen lasterketan neska bat eta mutil bat batera zetozen helmugara, eta azken unean mutila aurreratu egin zitzaion neskari. Mikrofonotik, mutilari, ea ez al dakien beti emakumeei utzi behar zaiela aurretik pasatzen esan ez zioten, ba!

Ez naiz ari inori kargu hartzen. Besterik gabe, begiak ireki behar ditugu. Onartu emakumeak eta gizonezkoak ez direla berdin tratatzen, ez dela gauza bera espero batengandik eta bestearengandik, paper ezberdinak hartzen ditugula… Ikusi nahi ez duenak ez du ikusiko, baina egun hartan begiak zertxobait ireki, eta garbi ikus zitekeen.

Amaiur Aristi Arregi




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide